Goitik behera, behetik gora

Taldearen egoeraz kutsatuta, erabat aldarte ezberdinean jokatzen ari dira Rulli eta Ter Stegen. Realeko atezainari 30 gol sartu dizkiote, eta Bartzelonakoari zazpi soilik. Bihar elkar ikusiko dute.

jon eskudero
<i>Donostia</i>
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Denboraldiaren lan erdiak bihar egingo dituzte Realak eta Bartzelonak, eta elkarren arteko partidaren emaitza edozein dela ere, ondorioak ateratzeko moduan izango dira Eusebio Sacristan eta Ernesto Valverde. Etxea teilatutik egiten hasi ezin daitekeen moduan, hausnarketarako garaian haien taldeetako atezainen lana hartu beharko dute aintzat lehenbizi bi entrenatzaileek, eta aski estatistika ezberdinak bilduko dituzte mahai gainean. Besteak beste, Rulliren lana kolore gorriz adierazi beharko du Eusebiok, dagoeneko 30 gol sartu baitizkiote ligan. Txanponaren beste aldean, Ter Stegen zoriontzeko moduan izango da Valverde, sasoi honetan oraingoz gol gutxien sartu dioten atezaina baita: zazpi besterik ez.

Estatistika horiek eskuetan izanda ere, Alberto Lopez Realeko atezain ohiak atezainen jarduna defendatu nahi izan du: «Estatistikek hausnarketarako balio dute, baina ez dut uste kopuru horien eragile nagusiak atezainak direnik. Bai Rulli bai Ter Stegen euren taldeak defentsan egiten duen lanaren arabera daude ia gehienetan, eta bi taldeak oso egoera ezberdinean daude». Taldea sasoiko dagoenean atezainak ere konfiantza handiagoa izaten duela uste du: «Nik neuk esan dezaket atezain batentzat gauzarik garrantzitsuena dela bere aurrean dituen jokalariak ongi ezagutzea. Bartzelonak ia beti atzeko lerro berbera zelairatzen du, eta horrek konfiantza ematen dio Ter Stegeni. Reala, berriz, aldaketak egin eta egin ari da etengabe, eta horrela zaila da Rullik maila onena eskuratzea».

Albertoren esanetan, Reala gehiegi sufritzen ari da defentsako zereginean, eta hor dago arazo nagusia. «Jokalariak banan-banan hartuta, atzeko lerroan kalitatea sobera dagoela ikus daiteke: Odriozola Real Madrilek begiz jota dauka, Iñigo Martinez Bartzelonak ere bai, Diego Llorente Real Madriletik fitxatu da... Hots, lerroa ez da ari behar bezala funtzionatzen. Zerbaitek huts egiten du. Yuri ez dago taldean, eta lesioek ere eragina izan dute. Iñigo eta Raul Navas euren maila onenetik urrun daude. Iragan sasoiarekin alderatuta, defentsako lerroa aldaketa asko ari da jasaten, eta horrek Rullirengan du eragina, zuzen-zuzenean».

Bartzelona, bestalde, olatu gainean dago. «Valverderen eskua ezinbestekoa izan da atzeko jokalariek konfiantza berreskura zezaten. Umtitik eta Piquek gora egin dute, eskuin hegalean amaitu dira arazoak, eta ezkerrean distiratsu ari da Jordi Alba».

Onerako eta txarrerako, taldekideen lanarekin lotura zuzena du atezainenak, baina eurek ere puntuak eman eta kendu egiten dizkiete taldeari. Leganesen zelaian 1-0 galduta, begirada asko Rullirengana bideratu zituzten jarraitzaile askok. 2014an Realera iritsi zenetik, boladarik zailena bizitzen ari da argentinarra. Ligaren lehen erdia amaitzeko partida bakar bat falta dela, 30 gol sartu dizkiote. Iragan sasoian, 25 sartu zizkioten lehen erdian, eta duela bi denboraldi, 24. «Gaur egun, Rullik ez du berme handirik ematen, ez baita ari ohiko mailan. Erakutsi du atezain ona dela, baina gauzak gaizki joaten direnean zaildu egiten dira kontuak». Halere, klubak zalantzarik ez lukeela izan behar iritzi dio Albertok. «Apustu sendo bat egin zuen klubak bere garaian, eta orain ezin du atzera egin. Talde handiak etorri izan dira harengandik ate joka, eta horrek esan nahi du atezainona dela». Ter Stegenen kasuan, berriz, Bartzelonak bete-betean asmatu duela uste du. «Rulliren kasuan ez bezala, Ter Stegenek bere lekua egin behar izan du Bartzelonan. Akaso, Rulliri lehiakortasuna falta zaio Realean jauzi bat gora egiteko. Ter Stegenen meritu osoz eskuratu du bere postua, eta atezain bikaina da. Bat egiten du Bartzelonaren jokoarekin: hankekin trebea da, buru hotza du eta, batez ere, aparta da buruz burukoetan».

Partida «erakargarria»

Hain zuzen ere, bi atezainen lana «erabakigarria» izan daiteke biharko partidan, Albertoren esanetan. «Bartzelonaren aurka jokatzen duen taldeko onena atezaina izatea askotan gertatzen da, eta Rullik inspiratuta egon beharko du Realak emaitza on bat lor dezan». Beste aldean ere gauza bera gerta daiteke. «Zaleak ez dira gerora gogoratzen, baina Ter Stegenek puntu asko ematen dizkio Bartzelonari. Jokaldi erabakigarrietan beti salbatzen du taldea». Bihar hala ez izatea espero du Realeko atezain ohiak. «Krisian dago Reala, baina irabaziz gero ahaztu egingo dira gaitz guztiak. Izango da horretarako aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.