Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: azken etaparen kronika

Goratuko du berriz ere

Joaquim Rodriguezek irabazi du Euskal Herriko Itzulia, bere ibilbideko erlojupekorik onentxoena eginda.Tom Dumoulin nagusitu da azken erlojupekoan, eta Sergio Luis Henao eta Ion Izagirre igo dira podiumera

unai zubeldia
Aia
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herria maitea du Joaquim Rodriguezek (Katuxa). Oso maitea ere. Ez zituen alferrik igaro bertan «gaztaroko urterik onentxoenak». Goierri aldean zaildu zen txirrindulari gisa. «Eta baita beste hainbat arlotan ere». Mutikoa zen artean, 19 urte eskaseko gazte lotsatia. Baina lotura berezia sortu zen Euskal Herri eta kataluniarraren artean. Euri dezente egin du ordutik, eta txirrindulari puska bihurtu da jada. Baina, haren izaeraren erakusle, umil-umil, «gaztaroko lagun batekin» hizketaldi luzea izan zuen astelehen iluntzean, Bilbon, hotelean, lehen etapa amaitu berritan. «Lagun asko eta onak egin nituen garai hartan, eta gustatzen zait eurekin harremana mantentzea».

Aukera daukan bakoitzean asko goratzen du Rodriguezek euskal zalea. «Daudenen artean, onentxoenak». Eta goratuko du berriz ere, zale horien oihu artean olatu gainean egin zuelako atzo Oriotik Aiara arteko bidea. Zaila zen erlojupekoa, indarrak neurtzeko muga-mugakoa. Inor gutxik espero zuen kataluniarra hain ondo aritzea. Berak ere ez, ziurrenik. Baina, haren ezaugarriak kontuan hartuta, oso denbora ona egin zuen lehen erreferentzia puntuan, Sergio Luis Henao liderrarena (Sky) segundo bat onduta.

Handik gorakoak, berriz, gaztetako kontuak gogoratuz egin zituen. Sua zegoen bazterrean, eta mahai gainean kolpea emateko grina txirrindulariaren barruan. «Ez dizuet gezurrik esango, Kataluniako Volta lehiatzea zen nire helburua, etxeko lasterketa irabaztea». Baina birus batek bidegurutzean eskuinera beharrean ezkerrera bidali berritan, maite-maitea duen itzulia poltsikoan hartuta egingo du etxerako bidea.

Henaoren kaltetan, zoragarria izan zen Rodriguezen saioa, eta harrigarria Ion Izagirrek (Movistar) eman zuen maila. Sailkapen nagusiko zortzigarren postuan ekin zion erlojupekoari, eta podiumeko hirugarren koskara igota amaitu zuen eguna. Bezperan, «lehen bosten artean» kokatu zuen anaiak, Gorka Izagirrek (Movistar), eta ez zuen huts egin, etapan eta sailkapen nagusian hirugarren amaitu zuelako ormaiztegiarrak. Gogotik lan egin du aste guztian Nairo Quintanaren (Movistar) mesedetan, eta erakutsi du astebeteko itzulietan taldeburu on-ona dela, harengan konfiantza izateko arrazoi asko dagoela. Bost segundora geratu zitzaion etapa garaipena, eta 29ra itzulia.

Rodriguez eta Izagirre, zoratzen zeuden biak podiumean, eta, hitzetan bestelakorik esan bazuen ere, penatuta eta baxu antzean Henao. Denbora askoan lehiatu gabe egon ondoren, kolonbiarra harrigarri aritu da aste osoan, eta itzuli dela erakutsi du. Lider postua defendatu ezinik, ordea, arantza barruraino sartuta amaitu du. «Baina itzuliko naiz». Rodriguezen antzera, lotura berezia sortu da jada Euskal Herriaren eta Henaoren artean.

Tony Martini begira denak

Tony Martin. Besterik ez zen entzuten Aian. Alemaniarra egurrean ibili da azken bi etapetan, baina atzo gehiegizko aldapa zegoen azken sei kilometroetan. Beherakoan ordura arteko denborarik onena egin bai, baina gorakoan ito egin zen, eta Beñat Intxaustirengandik (Movistar) 21 segundora amaitu. Bizikleta aldatu, ez aldatu, zalantza hori zegoen, eta Tony Martin bera izan zen aldatu ez zuen bakarrenetakoa. Ez zion ekarri espero zuen emaitzarik.

Beherakoan arriskatuta, oso saio ona egin zuen Intxaustik, eta erreferentzia bikaina eman zion Ion Izagirreri. Hori bai, ormaiztegiarra lehen erreferentzia puntura iritsi aurretik, Tom Dumoulinek (Giant) kronometroa txikitu zuen: 28.46. On-ona zen denbora, ordura arte 29 minututik behera egin gabe zegoelako inor. Azkenean, hura nagusitu zen etapan.

Bistakoa zen gutxi izango zirela gai 29 minutuko langa hausteko, eta Rodriguez eta Izagirre soilik gerturatu ziren. Tentsio handiko amaiera izan zen, Ion Izagirre itzulia irabazteko moduan egon zitekeela pentsatzera iritsi zirelako zaleak. Michal Kwiatkowskik (Etixx) ezin; Thibaut Pinot (FDJ) eta Tejay Van Garderen ere (BMC) makal antzera; Ilnur Zakarin (Katuxa) aldapan itota; Simon Spilak (Katuxa) irteeran bizikletaren gurpila mugitu ezinda; Michele Scarponi ere (Astana) denbora onegirik gabe...

Ion Izagirre podiumera gerturatzen ari zela, Quintana eta Simon Yatesen (Orica) denborak ziren zaindu beharrekoak, eta bietako inork ez zuen eman itzulia irabazteko kolperik. Saio eskas samarra egin zuen kolonbiarrak, eta goitik beherakoa britainiarrak. Itzulia harena zen lehen erreferentzian, baina lehertu egin zen gero. Rodriguezek euskal zaleak eta euskal zaleek kataluniarra goratuz amaitu zuten azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.