«Oso hunkituta nago, nire bizitzako klubera itzuli naizelako. Ezustea izan da. Ni aukeratu nindutela esan zidatenean negar egin nuen. Arduraz eta eskertuta hartzen dut erronka hau; lasai, baina exijentzia oso handiarekin. Izan ere, bai kategoria, bai jokalariak ondo ezagutzen ditut. Nire onena eman nahi diot taldeari, eta eman didaten konfiantza itzuli». Hala mintzatu da Gorka Alvarez, Realeko emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria, bere aurkezpenean. Argi du zein izango den emaitza onak lortzeko gakoa: «Astelehenetik ostiralera ondo lan egitea, eta egun horietan hartzen ditugun erabakietan asmatzea. Horren ondorio izango da asteburuan emaitza onak lortzea».
Alvarezek Arturo Ruizen tokia hartu du, hark etete klausula ordaindu eta Brightonera joan ondoren. Aurretik ondo ezagutzen zuen Reala. 2017-2018 denboraldian lehen taldeko bigarren entrenatzaile izan zen —Juanjo Arregi zen lehena—. Arregi kargutik kendu zuten, taldea emaitza txarrak lortzen ari zelako, eta hiru partidatan Alvarez izan zen zen prestatzailea. Ondoren teknifikazioan aritu zen, eta gero hirugarren eta bigarren taldeak zuzendu zituen —bigarren taldea Espainiako Federazioko Bigarren Mailara igo zen—. Aurreko denboraldian Eibarren aritu zen, Iñaki Goikoetxearen laguntzaile.
Aurkezpenean Alvarezekin batera izan da Maider Castillo Realeko Kirol zuzendaria. Hark hartu du lehenbizi hitza. Azaldu du Ruizek Londresera bidaiatu bezperan, astelehenean, esan ziela berari eta Garbiñe Etxeberriari eskaintza bat jaso zuela, klub hori etete klausula ordaintzeko prest zegoela, eta berak eskaintza onartzea erabaki zuela. «Ez genuen halakorik espero. Erabakia maiatzean edo ekainean hartu izan balu, nahiz eta beste urtebeterako kontratua geratu, uler nezakeen; baina garai honetan egitea ez», nabarmendu du.
Baina aurrera begira jarri da. «Ez dugu ahaztu behar hau martxan dagoen tren bat dela, eta denen artean eraiki dugula. Hori oso-oso garrantzitsua da». Kontatu du egoera testuinguruan jarri eta aukera guztiak aztertu zituztela, eta «oso pozik» daudela Alvarez aukeratu dutelako. «Ahalik eta azkarren egokituko zen entrenatzaile bat ekarri nahi genuen, eta talde hau zuzentzeko gaitasuna izango zuena. Uste osoa dugu hartu dugun erabakian. Orain arreta asteleheneko partidan jarri behar dugu, Granadaren aurkakoan, ligan sasoiko lehen hiru puntuak lortzeko».
Asteazkenean zuzendu zuen Alvarezek lehen partida txuri-urdinen aulkian. Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako itzulerako partidan izan zen, Chelsearen kontra. Taldeak 0-1 galdu zuen, eta txapelketatik kanpo geratu zen —Europako Kopa jokatuko du, kluben arteko bigarren txapelketa—; baina ondo lehiatu zen, eta hori «abiapuntu egokia» dela uste du Alvarezek. «Aldaketak beti dira zailak, are gehiago garai honetan. Baina jokalariek beste behin erakutsi zuten badirela gai goi mailako taldeen kontra lehiatzeko, eta uste dut horrek balio behar diela beren buruan sinesteko, konfiantza izateko eta aipatu dudan sugar hori berpizteko».
Taldeak nola jokatuko duen ere azaldu du: «Gipuzkoako emakumezkoen futbol taldeetan hezitakoa naiz, besteak beste Realean, eta horrek balio batzuk ematen dizkizu: ahalegina, eguneroko lana, konpromisoa.... Multzoak ezaugarri horiek izatea nahi dut. Jokatzeko moduari erreparatuta, erasora begira jokatzen duen talde bat izatea nahi dut, eta baloia duenean gozatzen duena. Taldeak gauza asko egiten ditu ondo, eta hori da onena». Defentsan egin beharreko lanari ere erreparatu nahi izan dio. «Hasieran, nahiz eta defentsa lanean gaizki ez aritu, atea hutsean uztea kostatzen ari zaio taldeari, eta hori hobetu beharra dugu. Hori lortuz gero, lan ona egin dezakegu».
Jokalariak, «energiaz»
Alvarezen arabera, jokalariek «ezohiko» egoera bat bizi izan dute, baina «aurrera egiteko gogoz» daudela nabaritu du lehen egunetik. «Maiderrek esan duen moduan, abiadura bizian doan tren batean igota gaude, eta jokalariak gogotsu eta energiaz ikusten ditut gertatutakoa alde batera utzi eta datorrenari heltzeko. Oso argi dute zer izan behar dugun eta nora goazen». Jokalarietako asko ondo ezagutzen ditu Alvarezek, harrobian zegoela zuzendu zituelako. Hori «lagungarria» izango dela esan du. «Erabakia hartu nuenean horretan pentsatu nuen, eta gauza on gisa ikusten dut. Gainera, beste testuinguru batean zuzenduko ditut, lehen taldean, eta pizgarri bat da, bai niretzat, bai jokalarientzat». Nabarmendu du taldeak «oso barneratuta» dauzkala eguneroko hainbat ohitura eta lan egiteko modu: «Gehienak oso egokiak dira, eta bat nator haiekin. Aldaketa txikiak baino ez ditut egingo». Inguruan duen lantaldeari «itxura oso ona» hartu dio: «Gehienak aurretik ezagutzen nituen, eta ezagutzen ez nituenak zoragarriak direla ikusi dut lehen egunetan. Futbol kontuetan joango gara elkar ezagutzen».
Europan jokatzea «oso aberasgarria» dela esan arren, gogorarazi du eguneroko heldulekua liga dela. Oso garrantzitsua iruditzen zaio Granadaren aurkako partida: «Are gehiago aurreko asteburuan galdu eta gero. Taldeak lehiatzen jarraitu behar du, eta konfiantza berreskuratzen. Granada ondo ezagutzen dugu, nahiz eta aldaketa asko izan dituen. Talde hori bikain lehiatzen da. Oso oldarkorra da, eta guretzat egokia den bidera eraman behar dugu partida. Taldea oso ondo ari da entrenatzen, eta baikorra naiz».
Realak Heart OF mIDLOTHIANEN KONTRA JOKATUKO DU euROPAN
Realak jakin du zeinen kontra jokatuko duen Europako Kopako bigarren kanporaketa. Eskoziako Heart of Midlothian aurka izango Kanporaketa bi partidatara jokatuko da. Eskozian jokatuko du joanekoa, eta hori irailaren 22an edo 23an izango da. Itzulerako partida, aldiz, Zubietan irailaren 30ean edo urriaren 1ean. Kanporaketa gaindituz gero, final zortzirenetara sailkatuko da Reala. Eskoziako taldea lehen aldiz ari da lehiatzen Europan. Txapeldunen Ligako atariko kanporaketak jokatu ditu. Aurrena Gintra taldea utzi zuen kanpoan, eta ondoren Kogeren aurka galdu zuen.