Gorka Elustondok 2015eko ekainera arte luzatu du kontratua

Reala negoziatzen ari da David Zurutuza, Mikel Gonzalez eta Imanol Agirretxeren kontratu berritzeak

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gabonak lanegun bilakatu dira Realaren zuzendaritzarako. Herenegun, Xabi Prietok berritu zuen kontratua; atzo, berriz, Gorka Elustondok izenpetu zuen akordioa. 24 urteko euskarriak 2013ko ekainera arteko kontratua zuen, eta beste bi urterako luzatu du, 2015era arte. Elustondo oso pozik agertu zen jasotako eskaintzarekin. Zuzendaritza beste luzapen batzuk negoziatzen ari da egun: David Zurutuza, Imanol Agirretxe eta Mikel Gonzalezenak, besteak beste. Vadim Demidovi ere 2013an bukatuko zaio kontratua. Kasu ezberdina da Mikel Aranbururena: 2012ko ekainera arteko kontratua du, bainasasoia bukatutakoan erabakiko du luzatu ala ez.

Gorka Elustondo atzo goizean pasatu zen Zubietako bulegoetatik, eta, sinatu berritan, pozik zegoela onartu zuen taldearen komunikazio bulegoarentzat eginiko adierazpenetan. «Gustura nago. Txikitatik maite dudan taldean hazi naiz, eta hemen jarraitzeko aukera izatea gauza ederra da. Orain espero dut nik taldeari daukadan dena ematea eta hemen luzaro segitzea». Beasaindarra Realeko harrobiko jokalaria da, eta 2006-07 denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin. Harrezkeroztik, 88 partida jokatu ditu, eta bost gol sartu.

Segidan jokatu ahal izan duenean, oso ondo aritu izan da Elustondo. Juanma Lillok eman zion konfiantza lehenbizi, baina lesio batek eten zuen haren bidea. Azken partidetan, Phillippe Montanierrek haren aldeko apustua egin du. Tokia aurkitu du hasierako hamaikakoan, eta zale askok haren jardunari egozten diote taldearen susperraldia. Erdilariak badaki ondo jokatzen ari dela. «Urtea amaitzeko, albiste ona da luzatzea. Egia esan, urtea ez da biribila izan: lesioen erruz ezin izan dut jokatu, baina azkenaldian ondo ari naiz, eta ea hurrengo urtean garaipenak iristen diren».

Azken partidetako mailak bihurtzen du garrantzitsu kontratu luzapena. Behe mailetan zegoenetik, taldeak itxaropen handia izan du harekin; baina, kosta zaio lehen taldean finkatzea. Orain lortu du, eta Lorenzo Juarros Realeko kirol zuzendariarentzat, oso albiste ona da taldean jarraituko duela ziurtatzea. «Elustondo ezinbesteko jokalaria da Realarentzat, orain eta etorkizunean. Kontratu berritze hau, herenegungo Prietorena bezala, multzoa sendotzeko egitasmoaren parte da». Egitasmo horretan beste pauso batzuk ematea dagokio orain taldeari.

Lau dira 2013aren bukaeran kontratua bukatzen duten Realeko beste jokalariak: David Zurutuza, Imanol Agirretxe, Mikel Gonzalez eta Vadim Demidov. Zurutuzak garrantzi handia hartu du taldean azken bi urteetan, eta taldea harekin harremanetan jarria da dagoeneko. 25 urte ditu, eta taldean luzaroan egon daitekeela dirudi. Agirretxek 24 urte ditu, eta taldearen golegile nagusia da sasoi honetan. Harena izan daiteke kontratu luzapen zailena. Mikel Gonzalezek 26 urte ditu, eta azken partidetan bere postuan finkatu du. Demidovek 24 urte ditu, baina ezberdina da haren kasua.

Gero etorriko dira harrobiko beste harribitxien kontratuak luzatzeko garaia. Antoine Griezmannek, Asier Ilarramendik, Ruben Pardok eta Iñigo Martinezek 2015era arteko kontratuak dituzte; Pablo Herviasek, 2016era artekoa, eta Liassine Cadamurok, 2014ra artekoa. Mikel Aranbururen kasua, esan bezala, ezberdina da. Sasoi bukaeran bukatzen zaio kontratua, baina oraindik ez du negoziatu nahi. Kapitainak denboraldian nola bukatzen duen ikusi nahi du erabakiren bat hartu aurretik. Eñaut Zubikarairi ere ekainean bukatuko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.