Gozatua hartu dut Endoia eta Azurkin gora. Ez dakizue nolako satisfakzioa den euskal zaleen animoen artean zure maila ematen ari zarela ikusi eta gora egitea. Sentsazio ikaragarria izan da Itzulia prestatzeko lanaren fruitua ikustea Mikel Landaren eta bion izenak etengabe entzuten nituen bitartean. Lehen etapan, egun txarra izan nuen, baina, ostegunean esan nizuen bezala, egunez egun hobeto sentitzen nintzen, eta gaur, azken etapan, are hobeto sentitzea espero dut.
Zaleek ikuskizunarekin asko gozatu dutela esan didate. Hori ere pozgarria da guretzat. Etapa gogorra izan da. Min egiteko urrundik jo beharra zegoen, eta Movistarrek hartu du ardura hori. Elosuan asko bizitu du erritmoa, eta hor ikusi dugu sailkapen nagusian goian zeuden batzuk ez zebiltzala ondo; tartean, anaia. Goizetik esan dit ez zela ondo sentitzen, eta egun txarra izan du. Hala ere, bere burua estutu du niri laguntzeko. Endoiako sarrera estua arriskutsua zen, eta lan egin du ni ondo sar nedin. Eskerrik asko, Gorka.
Bai Movistarrek eta bai guk kideak sartu ditugu ihesaldian, eta estrategia ondo irten da. Landak eta guk lan handia egin dugu tartea irekitzeko. Hor ez dago ez akordiorik ez ezer egiteko astirik, eman eta eman aurrera, bioi komeni zitzaigun. Ihesaldian genituen kideek lan handia egin dute, eta lagundu egin digute. Roglic gurekin eraman dugu egun osoan. Oso indartsu dabil; aste osoan ibili da, eta alde hori pilatu badu zerbaitegatik da. Baina tira: oraindik azken eguna falta zaio. Bestela, bigarren posturako borroka egin beharko dugu.
Eta etapa amaieraz zer? Bada, amorrua ematen du hain gertu egotea, baina ulertzekoa da Fraileren jokaera. Besteok sailkapen nagusiko borrokan genbiltzan, eta haren interesak beste batzuk ziren. Azken kilometroetan arnasa berreskuratzeko aukera izan du, eta taldetxoan bera zen abiadura puntutxo handiena zuena. Ondo baliatu du. Denok dakigu ondo moldatzen dela halakoetan.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA
Gozamena da zure maila ematea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu