Granadak Etxebarria kanporatu du elastiko batengatik

Altsasuko gazteen aldeko elastiko batekin azaldu zen partida baten ondoren, eta espedientea zabaldu zioten

Etxebarriak partida osteko ospakizunean erakutsi zuen elastikoa. BERRIA.
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
GETXO. Granada futbol taldeak kanporatu egin du Unai Etxebarria jokalari getxoztarra. Taldea Europako Ligarako sailkatu zeneko ospakizunetan, Altsasuko gazte atxilotuen aldeko elastiko bat erakutsi zuen jokalariak, eta Granadak zigor espedientea zabaldu zion, talde politiko batzuek presio egin ondoren—Vox alderdiak, adibidez, neurriak hartzeko eskatu zion Granadari, eta alderdiak berak jakinarazi zuen Etxebarriari espedientea ireki ziotela—. Dosierra hasi eta hilabetera, taldetik kanpo utzi dute jokalari getxoztarra. BERRIAk baieztatu duenez, Altsasuko gazteen aldeko elastikoa erakusteagatik utzi du taldeak kontratua bertan behera.

Granadako hedabide batzuek kirol gorabeherekin lotu dute Etxebarriak taldean ez jarraitzea; haien arabera, beste atezain bat fitxatu du Granadak, eta, hortaz, lekurik gabe geratu da getxoztarra. BERRIAk jakin duenez, ordea, kanporaketa zuzenean lotua dago elastikoaren aferarekin. Jokalariak ez du adierazpenik egin nahi izan.

Granadaren bigarren taldean aritu da Etxebarria orain arte. Iaz iritsi zen taldera, Athleticek utzita. Lehen taldeko deialdian ere izan da partida bat baino gehiagotan, baina ez du jokatu. Beste urtebeterako kontratua zeukan oraindik, 2021eko ekainera arte, baina bertan behera uztea erabaki du taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.