Great Osoborrek (Tutera, Nafarroa, 2002) bere izena are gehiago ezagutarazi du Houston Rockets taldearekin. NBAko Udako Ligan Texasko taldearekin jokatu du, eta oso ondo aritu da Kevin Durantek jokatzen duen taldearekin.
Osobor Tuteran jaio zen, baina 12 urterekin joan zen Ingalaterrara bizitzera. Aurretik, Tuterako Genesis saskibaloi taldean ibili zen. Ondo gogoratzen du Diego Askarza Genesiseko presidenteak Osobor taldean egon zenekoa: «Fisikoki, haren taldekideak baino osatuago zegoen: altuagoa zen».
Tuterarrak pibot gisa jokatu du Rocketsekin Udako Ligan, baina hegaleko pibot bezala ere joka dezake. Hala ere, joko antolatzaile aritu zen Nafarroako klubean, Luis Humanez Genesiseko presidenteorde eta Osoborren entrenatzaile ohiak azaldu duenez: «Hazten ari zela joko antolatzaile jokatu zuenez, egun ia postu guztietan aritu daiteke».
Bai Askarzak, bai Humanezek erreparatu diote Osoborren kirol ibilbideari, «arrasto handia» utzi baitzuen klubean. Ingalaterrara iritsi zenean, Bradford Dragons taldean aritu zen, Britainia Handiko saskibaloiko Bigarren Mailan. 2021ean, berriz, AEB Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen jauzi.
Soldatarik handiena NCAAn
Lau urtez aritu da NCAA Ligan, hau da, AEBetako Unibertsitateen Ligan: bi urte egin zituen Montana State Bobcatsen, urte bat Utah State Aggies taldean, eta beste urtebete Washington Huskiesen. Azken talde horrek apustu handia egin zuen Osobor fitxatzeko; horren handia, ezen jokalari nafarra NCAA ligan soldata handiena zuen jokalaria bilakatu baitzen.
AEBetako Unibertsitateen Ligetako jokalariek NBAko taldeetan jokatzeko aukera izaten dute udan, eta beren balioa erakutsi nahi izaten dute izarren ligan jokatzeko. Askarzak onartu du gaueko ordu txikietan esnatzen zela Genesiseko harrobiko jokalaria Houston Rocketsen jokatzen ikusteko.
Osoborrek Los Angeles Clippersen aurka jokatu zuen lehen aldiz NBAko taldearekin, eta bi puntu lortu zituen lau minutuan. Hurrengo neurketan ia hamar minutu jokatu zuen Detroit Pistonsen aurka, eta berriro bi puntu lortu zituen. Defentsan indartsua dela erakutsi du pibot nafarrak, neurketa hartan lau errebote bereganatu baitzituen.
«Hazten ari zela joko antolatzaile jokatu zuenez, egun ia postu guztietan aritu daiteke»
LUIS HUMANEZ Great Osoborren entrenatzaile ohia
Pixkanaka, gehiago jokatzen hasi zen, eta hirugarren neurketan partida erdia jokatu zuen tuterarrak, Atlanta Hawksen kontra. Zortzi puntu sartu zituen, bederatzi errebote eskuratu, eta bi asistentzia eman. Askarzak azpimarratu du gehiago jokatzeaz gain minutu garrantzitsuak jokatu zituela; esaterako, partida hasieran, laugarren laurdeneko azken minutuetan eta luzapenean.
Hala ere, Osoborrek jokatutako neurketarik onena Portland Trail Blazersen aurka izan zen. Bere taldean puntu gehien sartu zuen jokalaria izan zen: hamasei lortu zituen hemezortzi minututan. Asistentzia bat ere eman zuen, bost errebote hartu zituen, eta bi baloi lapurtu. Hala ere, Houston Rocketsek 83-102 galdu zuen.
Oraingoz, Rocketsekin jokatu duen azken partida Minnesota Timberwolvesen aurka izan da. Iaz NBAko Mendebaldeko Konferentziako finalera iritsi zen talde hori. Haren aurka, Osoborrek bederatzi puntu lortu zituen, lau errebote jaso, bi txapel jarri, asistentzia bat eman, eta baloi bat lapurtu. 24 minutu jokatu zituen, eta haren taldeak 104-101 irabazi zuen.

Moldakorra eta azkarra
Askarzaren ustez, Osobor «oso jokalari moldakorra» da: «2,05 metro da luze, eta 110 kilo pisatzen du. Hala ere, ez du bakarrik zonan jokatzen». Hala, nabarmendu duenez, asko hobetu du kanpotik jaurtitzen, eta buruz burukoetan ere ondo moldatzen da. Haren abiaduragatik, Nikola Jokicen antza hartzen dio, nahiz eta nafarra serbiarraren kalitatetik oso urrun egon.
Humanezek ere jokalari nafarraren moldakortasuna goraipatu du: «Hegaleko pibotean eta hegalean joka dezake». Baloia ondo menperatzen duela, sarrera onak egiten dituela eta errebotean ere nagusia dela dio Osoborren entrenatzaile ohiak. «Jokalari perfektua da», azpimarratu du.
Hala ere, zaila ikusten dute hurrengo urtean Osoborrek NBAn jokatzea. «Talde gehienek pibot garai bat edo joko antolatzaile bat bilatzen dute», Humanezek esan duenez. Pibot gisa jokatzeko «baxua» dela uste du, eta hegaleko pibotean ere lekua aurkitzea «zaila» dela iritzi dio.
«Elkarrizketak egiten dituen aldiro gure taldeaz oroitzen da. Horrek harro sentiarazten gaitu»
DIEGO ASKARZA Genesis taldeko presidentea
Zaila izan arren, Humanezek eta Askarzak uste dute Osoborrek Houston Rocketsekin joka dezakeela. Aurten, NBAko draft-ean parte hartzeko aukera izan du, hau da, NBAko taldeek jokalari gazte bat hautatzeko prozesuan; baina ez parte hartzea erabaki zuen, eta Rocketsekin sinatu zuen Udako Ligarako.
Bere ibilbideak bide onean jarraitzen badu, Osobor NBAn jokatu duen Euskal Herriko lehen jokalaria izan liteke. Inoiz ez da euskal jokalaririk aritu saskibaloi ligarik onen eta ezagunenean. Beraz, balentria handia litzateke euskal saskibaloiarentzat, eta, kasu honetan, Genesis taldearentzat. Askarza: «Elkarrizketak egiten dituen aldiro gure taldeaz oroitzen da. Horrek harro sentiarazten gaitu».