Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: B multzoa. HERBEHEREAK 1. ALEMANIA 2

Gurin bigunegia

Alemaniak ondo baliatu ditu Herbehereek lehen zatian emaniko erraztasunak, eta ia-ia sailkatu da final-laurdenetarakoMultzoko lehen partidak galduta, munduko txapeldunordeek oso zail dute aurrera egitea

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Gomezek (24. min.); 0-2: Gomezek (37. min.); 1-2: Van Persiek (73. min.) Epailea: Jonas Eriksson (Suedia). Txartel horiak: Herbehereetako De Jong eta Willemsi; eta Alemaniako Boatengi. Bestelakoak: 35.000 ikusle Kharkiveko Metallist estadioan (Ukraina).

Herbehereak labarreko ertzean daude, eta ustekabeko handirik ezean lau egun barru emango dute amilduko dituen pausoa. Bi partida kaskar jokatuta, hanka eta erdi Eurokopatik kanpo dute. Azken jardunaldian berdinketa hirukoitz batek bakarrik salba dezake munduko txapeldunordea. Alemania txanponaren beste aldea da, bitik bi irabazita ia birtualki dago final-laurdenetan. Bere kasuan ere berdinketaren baten kanpoan utz dezake, baina atzo emaniko irudi onarekin lasai asko egin dezake lo.

Denetarik pasa daiteke multzoko azken jardunaldian, besteak beste bi berdinketa hirukoitz baitira posible. Lehen fasean berdinketak bat eginda dauden selekzioen partidetako emaitzen arabera argitzen dira, eta berriz ere berdinketa balego partida horietako gol aldea hartuko da kontuan. Inor gutxik pentsa zezakeen lehen fasearen bukaeran kalkulagailua izango zela Herbehereen itxaropen bakarra. Distiraz sailkatu ondoren titulurako hautagai sendoa zen, baina bi partida aski izan dira itxaropenak urtzeko.

Herbehereek oso bigun jokatu zuten Alemaniaren aurka, lehen zatian bereziki. Van Marjwicken gurina bera-bera eginda zegoen, zelai erdian bereiziki. Van Bommel eta De Jong defentsa lanean zaildutako euskarriak zelairatu zituen Alemania oztopatzeko, eta mesede baino askoz kalte gehiago egin zuten. Jokorik ez zuten sortu eta Schweinsteiger, erdi herren, ere ez zuten oztopatu.

Taldearen burmuinak pentsatzeko aukera izan zuen, era berak aurkitu zuen Gomez lehen golean. Area ertzean jaso zuen baloia, bakar bakarrik, eta pase bikaina eman zion aurrelariari bira eginez baloia kontrolatu, eta sareetara bidal zezan (24. min). Herbehereetako hautatzaileari atsekabe aurpegia ikustekoa zen.

Zelai erdiko itoginak eskuineko hegala urpetu zuen. Alemaniak zuloa aurkitu zuen Willemsen etsipenean. Itxura bikaineko taldea da Loewena: eskuzabala eta ordenatua defentsa ahaleginean, eta zentzuduna erasoan. Eta gainera une ezin gozoagoan dagoen aurrelaria du, bigarren gola ere Gomezek sartu zuelako (37. min). Eskuin hegaletik sartu, Schweinsteigerrekin bat bikoa egin, eta bikain gurutzatu zuen eskuinez lehen ukituan. Aurretik, Badsturber izan zen, buruz, gol aukera izan zuena, Herbehereek gaizki defendaturiko falta batean.

Bigarren zatian Huntelaar eta Van der Vaart zelairatu ziren, baina ez zuten aldatu partidaren norabidea. Herbehereek urrundik bakarrik egin zuten min, eta hala iritsi zen gola. Van Persiek banakako jokaldia egin eta areaz kanpotik jotako eskuineko bikainez gehitu zion emozioa partidari (73. min). Iraultza ez zen urrunago iritsi baina, Alemaniak ez zuen ametitu. Atzean sendotu eta baloia behin ere zozketatu gabe estutasunak saihestuz eutsi zion azken txanpari. Ofizioa deitzen zaio horri, eta Alemaniak badu. Dena du taldeak Eurokopan aurrera egiteko, baita konfiantza ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.