Super Amara Bera Berako jokalaria

Lucia Prades: «Haiei ere ez zien graziarik egingo gure kontra jokatu behar izateak»

Iragan denboraldian iritsi zen Bera Berara, eta ikusgarri aritu zen. «Asko ikasi dut onenekin entrenatuz». Donostiako taldeak bihar jokatuko du EHFko hirugarren kanporaketako joanekoa, Gaskan, Dijonen kontra.

 Lucia Prades, Bera Berako atezaina. AITOR CARASATORRE / FOKU
AITOR CARASATORRE / FOKU
ainara arratibel gascon
Donostia
2025eko azaroaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jokatzen duenean irribarretsu ibili ohi da Lucia Prades Bera Berako atezaina (Castello, Herrialde Katalanak, 2001). Kanpoan ere halakoxea da. Nabari da oso barneratua duela Donostiako taldearen filosofia. Baikor dago Dijonen aurkako kanporaketari begira, aurkaria talde indartsua dela jakin arren. 

Zozketa iritsi zenean urruti zirudien, baina dagoeneko iritsi da EHFren Europako Ligako kanporaketa. Irabaziz gero, multzoen faserako sailkatuko zarete. Nola dago taldea? Nola helduko diozue larunbateko partidari?

Taldea gogotsu eta ilusioz dago, eta sendo jokatzen ari dela uste dut. Egia da hainbat partidatan nahi baino gehiago kostatu zaigula gure jokoa egitea, batez ere hasieran. Baina normala da, etorri diren jokalari berriek egokitu egin behar izan baitute. Pixkanaka hori ere konpondu dugula uste dut, eta bete-betean iritsi gara kanporaketa honetara. Iberiar Superkopa irabazi eta gero, denboraldiko bigarren helburua da txapelketa honetan multzoen faserako sailkatzea, eta, horretarako, kanporaketa hau gainditu behar dugu.

Nolako norgehiagoka espero duzu?

Neurketa zail eta dinamikoa izango da. Haiek talde oso fisikoa dira; beraz, zera lortu behar dugu: ez dezatela eraso estatikoan jokatu. Horretarako, bizi aritu behar dugu, guri gustatzen zaigun moduan, korrika egin eta kontraerasoak baliatu. Gainera, defentsan ere sendoago jardun behar dugu. Izan ere, Europan epaileek beti ematen dute oldarkorrago aritzeko aukera. Hori lortuz gero, gure aukerak izango ditugu. 

Baina burua galdu gabe ere aritu behar duzue, ezta? Azken finean ondoren itzulerako partida izango baituzue, hurrengo igandean, Dijonen.

Dudarik gabe. Buruan izan behar dugu 120 minutuko kanporaketa dela. Ahalik eta errenta handiena lortzen ahalegindu behar dugu, baina, lortu arren, ondoren itzulerakoan biribildu behar ditugu lanak. Bi partidetan izango ditugu momentu onak eta txarrak, eta azken horiek ahalik eta gutxien irautea lortu behar dugu: partzial handirik ez jasotzea, eta gu ere minutu asko ez egotea golik sartu gabe.

Aurreko denboraldian, multzoen fasean bikain aritu zineten. Penalti batengatik geratu zineten Lauko Finaletik kanpo. Horrek konfiantza handiagoa ematen al dizue zuengan gehiago sinesteko?

Bai, hala da. Konfiantza handia dugu gugan. Aurkari zaila da Dijon. Haiek Lauko Finalean izan ziren, eta argi dago zozketan aurkari samurragoak zeudela. Baina ziur nago haiei ere ez zaiela gustatuko gure kontra jokatzea. Aurreko sasoian, zera erakutsi genuen Europan: bai etxean eta bai kanpoan edozein talderen aurka lehiatzeko gai garela.

Haiek, gainera, liga ez dute nahi bezala hasi. Jokatu dituzten zazpi partidetatik hiru irabazi dituzte, eta lau galdu.

Hala da. Baina ez gara horretaz fio. Talde gehienak oraindik ere egokitzen ari gara, eta agian horregatik izan daiteke. Bestalde, Europak ez du zerikusirik ligarekin. Gogotsuago zaude, zaleak ere gehiago etortzen dira pabiloira… Testuingurua, horrenbestez, diferentea da.

Zaleak aipatu dituzu. Aurreko denboraldian jendetza bildu zen Gaskara. Europako partidak ikustera. Neurketa guztietan harmailak bete egin ziren. Oraingoan ere hala izatea espero da. Klubak, behintzat, egin du horretarako deialdia. Giro horrekin gozatzeko irrikaz egongo zarete berriz, ezta?

Aurreko denboraldian ikaragarria izan zen partida guztietan egon zen giroa. Zaleen eta gure arteko batasun horrek asko lagundu zigun. Nik beti esaten dut baloi bat baino gehiago horri esker atera nituela. Orain ere horretaz gozatzeko irrikaz gaude, berezia baita.

Eskarmentua funtsezkoa da halako neurketetan, eta hori zuten bi jokalari galdu zenituzten sasoi amaieran: Esther Arrojeria eta Alba Menendez. Antzematen al da halako neurketa bat prestatzeko eta jokatzeko garaian?

Argi dago jokalari oso garrantzitsuak zirela, ez bakarrik zuten eskarmentuagatik. Zaila da haiek ordezkatzea, baina horretan ari gara, eta denak ari gara aurrerapauso bat ematen hutsune hori nabaritu ez dadin.

Aurreko denboraldian zure taldekideetako askok eta Imanol Alvarez entrenatzaileak berak zioten nahiago zutela Europako multzoen faserako sailkatu, liga irabazi baino. Zer diozu zuk?

Iragan sasoian biak lortu genituen, eta, esan bezala, Lauko Finala gertu izan genuen. Berriro ere hori lortzen saiatuko gara, gogor lan eginda. Uste dut Europan jokatzeak ligan hobeto lehiatzen laguntzen digula, eta alderantziz.

Azken bi denboraldietan, klubak sei titulu lortu ditu, hiru bakoitzean. Lan handia dago hor atzean, ezta?

Hala da, ez da erraza. Baina klub hau horrek egiten du berezi: lehen egunetik argi uzten dizute helburua irabaztea dela, eta denboraldi guztietan egoten da asmo bera. Klub honen esentzia da, eta horri esker lortzen ditu lortzen dituen emaitzak.

Zu aurreko sasoian iritsi zinen taldera. Zer moduz?

Oso pozik, eta guztiz egokituta: hiria eta jendea zoragarriak dira, eta lehen egunetik izugarri ondo egokitu nintzen taldekideetara; oso ondo hartu ninduten. Klubak, gainera, oso ondo zaintzen gaitu.

Kirol arloan ere aurrerapauso nabarmena eman zenuen, batez ere denboraldiaren bigarren zatian. Jokalari erabakigarria izan zinen txapelketa guztietan, eta Imanol Alvarezek zure alde egin zuen partida garrantzitsu guztietan. Zein izan zen aurrerapauso hori emateko gakoa?

Onenekin entrenatzea, dudarik gabe. Asko ikasten duzu haien jaurtiketak geratuz, haien mugimenduak aurrez ikusten ahaleginduz… Gainera, horrek zeure buruari gehiago eskatzea dakar. Hori guztia hobekuntzaren parte da.

«Nicole [Wiggins] ez dut ikusten lehiakide gisa, baizik eta erakusten eta laguntzen didan taldekide gisa. Lotura estua dugu. Lehia ez daukat harekin, baizik eta neure buruarekin»

Tamara Kostic joan zen, eta orain Nicole Wigginsekin batera aritzen zara Bera Beraren atea zaintzen. Zer moduz? Zer ari zara ikasten harengandik?

Aurretik ezagutzen genuen elkar, adin bertsukoak garelako. Kanpoan ibili da jokatzen, eta gertutik erreparatu diot haren ibiliari, oso gustuko dudan atezain bat baita. Batez ere duen patxada nabarmenduko nuke, eta jokoa irakurtzeko duen gaitasuna. Berehala atzematen du aurkariak nora jaurtiko duen.

Atezainek eskubaloia bizitzeko eta ulertzeko modu diferentea duzuela esaten da. Nola daramazue bien arteko lehia?

Ez dakit modu berezian ulertzen edo bizitzen dugun, baina nik argi dut Nicole ez dudala ikusten lehiakide gisa, baizik eta erakusten eta laguntzen didan taldekide gisa. Lotura estua dugu. Lehia ez daukat harekin, baizik eta neure buruarekin. Esan bezala, horri esker lortu dut hobetzea, eta gero Imanolek erabakiko du nire edo Nicoleren alde egin.

Zer amets duzu ekainerako?

Amets egitea libre da, eta aurreko sasoian horren gertu izanda, zergatik ez Lauko Finalean egon? Horrekin batera, gogo handia daukat Espainiako Kopa jokatzeko Donostian. Nire lehen Kopa Eldarekin jokatu nuen, hain zuzen ere Donostian, eta oso oroitzapen ona daukat. Ederra izango da etxean eta zaleak alde dituzula jokatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.