Athleticeko lehen taldean finkatu diren gazteetako bat da Nerea Nevado (Santurtzi, Bizkaia, 2001). «Eskarmentua duen gazte bat naiz jada», dio irribarrez hegalekoak. Liga hirugarren postuan amaitzea eta Europarako sailkatzea «denboraldia biribiltzea» litzatekeela nabarmendu du.
Igandean irabaziz gero, aurrea hartuko diozue Atletico Madrili, eta, liga amaitzeko bi partida falta direla, hirugarren jarriko zarete: Europarako sailkatzeko postuetan. Zuen ustez, denboraldiko partidarik garrantzitsuena da?
Bai. Orain arte jokatu ditugunak ere garrantzitsuak izan dira gauden postuan egoteko. Baina hau berezia da, bi taldeak helburu bera lortzeko borrokan gaude eta.
Sevillaren aurka galdu egin zenuten, eta ondoren berdindu egin zenuten Madril CF taldearen kontra. Bazirudien hirugarren postu horrek ihes egingo zizuela. Baina berriro ere postu hori lortzeko borroka betean zaudete. Nola dago taldea?
Helburua zera zen: azken jardunaldietara aukerekin iristea; eta lortu dugu. Aurreko jardunaldian bagenekien Atletico Madrilek huts egin zezakeela. Sasoiko azken txanpan, beheko postuetan dauden taldeek asko izaten dute jokoan. Levante hala zegoen. Uste dut egoera hau perfektua dela guretzat, eta gogoz gaude partida jokatzeko.
Haiek Europarako sailkatzeko helburua izaten dute urtero, eta hori lortzeko osatzen dute taldea. Zure iritziz, zuek baino presio handiagoa izango dute? Hala bada, hori baliatu dezakezue?
Bai, uste dut baietz. Gainera, etxean jokatzen dute. Gure helburua aurreko sasoian baino denboraldi hobea egitea zen, eta hala egiten ari gara. Harrobitik igo garen jokalariak lehen taldean egonkortuz joan gara, eta hori gako izan da. Europarako sailkatzea lortuko bagenu, denboraldia biribila izango litzateke. Gainera, etxetik kanpo puntu asko lortu ditugu, ia Lezaman baino gehiago. Sasoiko gaude, eta prest partida on bat jokatzeko.
Hori guztia kontuan hartuta, zer-nolako itxura du norgehiagokak?
Lehia biziko partida izango da, eta uste dut ez dela erabakiko azken txanpara arte. Polita izango da ikusteko, joan-etorriko asko izango baitira. Buruz buruko jokaldietan oso trebeak dira Atletico Madrilgo jokalari batzuk, eta adi egon beharko dugu. Baina guk ere badugu indargune bat: geldikako jokaldiak. Hori baliatzen saiatu behar dugu.
Aipatu duzunez, haien jokalari batzuk trebeak dira buruz buruko jokaldiak egiten. Zuek, berriz, denboraldia aztertuta, hobeto moldatu zarete talde jokoan. Baliteke hori erabakigarria izatea?
Bai. Zelaian oso batuta egon behar dugu, elkarri lagundu, eta konfiantza izan alboan dugun taldekidean. Hori ere bada gure indarguneetako bat. Urteak daramatzagu elkarrekin jokatzen, harrobian, eta klub honekiko sentimendu oso berezia dugu. Hori ere antzeman behar da.
Bigarren itzulian oso ondo jokatu duzue, eta sentipenak ere hala izan dira. Sasoiko garairik onenean zaudete?
Bai. Uste dut denboraldi hasieran kostata aritu ginela, eta gero haziz joango garela. Talde ausartagoa gara, eta gaitasun handiagoa dugu jokaldiak lotzeko eta barrutik jokatzeko. Horrek asko eman digu.
«Talde ausartagoa gara, eta gaitasun handiagoa dugu jokaldiak lotzeko eta barrutik jokatzeko. Horrek asko eman digu»
Hirugarren postuan jarriz gero, eta, liga amaitzeko bi jardunaldi faltako direla kontuan hartuta, eskura izango duzue Europarako sailkapena.
Egia da azken jardunaldian Bartzelonaren aurka jokatuko dugula. Baina baikor naiz. Lehen itzulian estu hartu genuen San Mamesen, eta ziur nago hala eginez gero partida lehiatua izango dela. Haiek, gainera, agian liga irabazita iritsiko dira, eta baliteke Txapeldunen Ligako finala izatea buruan.
Zuk aipatu bezala, hasieran kostata aritu zineten. Zer ikasi zenuten egoera horretaz?
Gehiago sinetsi behar genuela gugan, eta konfiantza gehiago izan behar genuela baloia genuenean.
Aurreko denboraldian ere hirugarren amaitzeko borrokan egon zineten. Talde oso gaztea izan arren, dagoeneko ez da ezustea zuek hor egotea?
Hala da. Talde ordenatua gara, eta argi dugu zertara eta nola jokatu nahi dugun; lehiakorrak gara. Aurkariek gero eta errespetu handiagoa digute, eta hori guk egin dugun lanari esker lortu dugu. Davidek [Aznar entrenatzailea] asko lagundu digu horretan. Beti sinetsi du gugan, eta oso ondo gidatu du taldea. Gainera, gu oso ondo eta bizkor egokitu gara hark eskatzen zigunera. Sekulako lana egin du gurekin. Esan bezala, gaztetxoak ginenetik ari gara elkarrekin jokatzen, eta hori ere erabakigarria izan da.
Aurreko jardunaldian Daniela Agotek gola sartu zuen. Pozgarria izango zen azkenaldian lehen taldera iritsi diren jokalariak golak sartzen ikustea, ezta?
Bai, noski. Ilusio handia egiten du gaztetxoenak zein ondo ari diren ikustea, taldearen hazkundearen parte da.
Duela egun batzuk jakin zen beste urtebetez jarraituko duzula Athleticen, klubak kontratua luzatzeko zuen aukera baliatu baitu. Gustura zaude?
Bai, oso pozik nago klubean jarraituko dudalako: taldekideekin eta entrenatzaile multzoarekin bizipenak izaten, ikasten...
Argi zenuen hemen segitu nahi zenuela?
Batek daki zer gertatuko den etorkizunean, baina gaur egun pozik nago hemen. Nire onena eman nahi dut, eta arreta osoa eguneroko lanean eta igandeko partidan daukat jarrita.
«Agian aurreko sasoian hobeto aritu nintzen. Baina asko ikasi dut, batez ere, nola egin aurre hain ondo ez zauden garaiei»
Eta nola joan da denboraldia zuretzat?
Behetik gora egin dudala uste dut. Aipatu bezala, denboraldi hasiera kostata ibili zen taldea, baita ni ere. Zaila izaten da taldea ondo ez dagoenean norbera ondo egotea. Alde horretatik, agian aurreko sasoia hobea izan zen. Baina asko ikasi dut, batez ere, nola egin aurre hain ondo ez zauden garaiei. Horixe izango dut gogoan.
Realak eta Eibarrek gaur jokatuko dute
Denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, eta gorenean ari diren hiru euskal taldeetatik bik gaur dituzte ligako neurketak. Eibar izango da jokatzen aurrena. Yeray Martinek zuzentzen duen taldeak bete du denboraldi hasieran zuen helburua: kategoriari eustea. Hori lortuta, gaur Valentziari egingo dio bisita (12:00, DAZN). Herrialde Katalanetako taldea azken postuan dago sailkapenean, eta ezinbestean irabazi behar du. Aurreko igandean Realari gailendu zitzaion Zubietan.
Hain zuzen ere, Jose Luis Sanchez Verak zuzentzen duen taldeak ere gaur jokatuko du. Espanyolen zelaian arituko da, eta bolada txarrari amaiera ematea izango da helburua. Txuri-urdinek hamabi partida daramatzate irabazi gabe. Elene Lete deialdian da, aurreko jardunaldian kanpoan geratu ostean. Baina Sanchez Verak atzo esan zuen Julia Arrulak segituko duela txuri-urdinen atea zaintzen.