Historia egiten ari da Arraun Lagunak. Juan Mari Etxabek prestatutako taldeak orain arte jokatutako estropada guztiak irabazi ditu; Euskotren Ligan, hamabitik hamabi. Gaur, Hondarribian (Gipuzkoa). Haizeak lanak zaildu dizkie arraunlariei, baina baldintza horietan ere fin aritu da Lugañene, eta aise menderatu ditu aurkariak: zortzi segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Oriori.
Patroiek lana izan dute gaur: irteeran kokatzeko zailtasunak izan dituzte, entzungailuek ere ez dute behar bezala funtzionatu... eta haizeak ezustekoren bat ekar zezakeela ere bazirudien.
Ikusi gehiago
Lehen txanda ikusgarria izan da, oso lehiatua: lau traineruak elkarrengandik hurbil ibili dira une oro, eta ziaboga bi segundoko tartean hartu dute guztiek. Itzulerakoan, baina, Zumaia izan da onena. Sailkapen nagusiko azken sailkatuak estropada ederra egin du Hondarribian, eta aurrea hartu die txandako aurkariei, baita ohorezko txandako biri ere.
Haizeak lagundu dio horretan. Bigarren txandan zertxobait oldartu da haizea, eta baldintza okerragoetan lehiatu dira ontzirik onenak. Hori, ordea, ez da oztopo izan Arraun Lagunak-entzat, eta lehen txandako denborak txikitu egin ditu Lugañenek. Oriok ere lortu du Zumaiaren denbora hobetzea, baina Tolosaldeak eta Astillerok ez: zazpigarren izan da gaur Tolosaldea, eta zortzigarren Astillero.
Zumaia izan da hirugarren, baina oraindik sei puntura du sailkapen nagusiko zazpigarren postua. Hibaika izan da laugarren, Donostiarra bosgarren, eta seigarren San Juan. Arraun Lagunak, berera: 96 puntutik 96 poltsikoratu ditu Donostiako taldeak.