Hamaikagarren aukera sasoia fintzeko

Asteburuko jardunaldia itxiko dute Madrilen Estudiantesek eta Baskoniak; premia gorrian daude etxekoak

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Baskoniak sasoia fintzeko hamaikagarren aukera du. Erronka potoloei ekingo die bi aste barru Gasteizko taldeak, eta Kopako txartela ziurtatu ostean, jokoa hobetzen ahalegindu behar du ligako lehen itzulia bukatzeko falta diren lau jardunaldietan. Estudiantes da aste honetako aurkaria. Madrilen ariko dira arabarrak bihar (19:00), eta Manresaren aurka tarteka erakutsi zuten grina eta joko ona hain tartekatua ez izatea da helburua, Baskonia asto egoskorrak bezala ari delako, arre batzuetan eta so, kieto besteetan. Ulertze aldera: txukun samar batzuetan, talde handi batengan pentsatzekoa den intentsitatearekin, baina lanerako batere gogorik gabe besteetan. Ivanovicek hiruzpalau aldiz esan du dagoeneko: «Aldatu egin behar dugu, horrela ez baikoaz inora».

Estudiantes talde ona izan liteke makineria fintzen hasteko. Kopatik kanpo daude, eta sailkapeneko goiko aldean ez, beheko aldean daude, baina talde handien kemena ateratzen dute aurrez aurre aurkari sonatuak dituztenean. Partida lehiatua espero da. Orain bi aste, Estudiantesek Bartzelona ahaltsua hartu zuen mendean bere etxean. Haislipen etorkizuna argitu bitartean —ez du jarraituko Gasteizen—, ikusteko dago Nemanja Bjelicak minutu batzuk jokatzeko aukera duen. Serbiarra bizkarreko minak jota dabil, eta taldeak ez du behartu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.