Stephane Peterhansel

Harea du zainetan

Dakar rallya hamabigarrenez irabazi berri du, sei aldiz autoetan eta sei aldiz motoetan. 'Dakar jauna' probaren ia marka guztien jabe da, eta, orain, 50 urterekin, beste aurkari gogor bat du: erronka berri eta motibazio falta.

FELIPE TRUEBA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ondo du merezia Monsieur Dakar goitizena. Izan ere, norbait Dakar jauna bada, hura Stephane Peterhansel da. Aurten hamabigarrenez irabazi du rally mitikoa, Peugeot auto baten bolantea eskuan hartuta. Sei aldiz irabazi zuen motoetan ilea urdindu aurretik, eta orain beste hainbeste bildu ditu autoekin. Bi ibilgailuetan harena da marka. «Bietan kopuru berbera irabaztea zen motibazioa orain arte; etorkizunean itzultzeko arrazoi bat behar dut orain», adierazi zuen herenegun Buenos Airesen. 50 urteak beteta, erronkaren bat behar du hautsa eta harea irensten jarraitzeko.

Umetan irristailuarekin artista zen Peterhansel, eta Vesoulen, bere herrian, taula gainean ibiltzeko parke bat eraikia du. 14 urterekin, Frantziako txapeldun izan zen irristailuan, baina berehala utzi zuen taula, familiako tradizioari eutsi eta motorrera igotzeko. Enduron hasi zuen Dakarrera eraman zuen bidea, eta bi aldiz izan da munduko txapeldun (1997 eta 2001). Ordurako, baina, ondo sartua zuen zainetan desertuko harea, 1987an hartu baitzuen parte lehenbizikoz rallyan.

Yamahak eman zion aukera Peter-i, eta, Andre Malherbe taldekidea erorketa baten ondorioz bizkarrezurreko sentikortasuna galtzen ikusi zuen arren, ez zen kikildu. 18. postuan bukatu zuen orduan, eta beste hogeita sei aldiz itzuli da. Lau urteko esperientzia behar izan zuen proba aurrenekoz irabazteko. 1991n izan zen, Yamaharekin. Orduan jantzi zuen lepoko zapi gorria soinean eraman izan du beti, eta aurten ere hanka artean eraman du eserlekuan. Bere ingurukoek diote sineskeria eta mania ugarikoa dela Peterhansel; gehienak, baina, ezkutukoak dira. Halere, ezaguna da 2013ko Dakar rallyan 300 dortsala eramaten tematu zela, Nasser Al-Attiya 2012an harekin izan zelako txapeldun.

Yamaha etxearekin ezkondu, eta beste bost aldiz irabazi zuen proba moto gainean ( 1992, 1993, 1995, 1997 eta 1998). Cyril Despresek eta Cyril Neveuk baino titulu bat gehiago du. Hondak gogor apustu egin arren, Peterhanselen trebeziak balantza desorekatu zuen ia urtero. 33 etapa irabazi zituen moto gainean; horietatik zazpi, 1997an. Moto gainean lehiatzea, baina, fisikoki oso gogorra da, eta hezurrek autoetara pasatzeko eskatu zioten 1998an. Erronka bi ibilgailuekin irabaztea zen, ordura arte Hubert Auriolek bakarrik lorturiko zerbait. Egun, hiru dira zerrenda horretan dauden gidariak, Nani Romak ere lortu duelako.

Autoetara pasatzea erabaki zuenean ez zitzaion deirik falta izan. Dakar rallya antolatzaile frantziarren proba da, baina etxe japoniar baten eskaintza onartu zuen lehenbizi. Nissan baten eserlekuan hasi zuen autoen bidea, 1999an, eta zazpigarren postuan bukatu zuen. Hurrengo urtean bigarren izan zen, baina bilakaera ez zen mantendu, eta beste lau urte behar izan zituen autoetako proba aurrenekoz irabazteko. 2004an irabazi zuen, berriz ere Japoniako auto batekin. Mitsubishirekin kontratua sinatu, eta arrakasta izan zuen berriz 2005ean eta 2007an.

Markazalea da Peterhansel. Ordurako moto gaineko titulu gehien zuen pilotua zen, eta autoetan garaipen bat falta zitzaion Ari Vatanen berdintzeko. Proba Hego Amerikan jokatzen hasi zenean bolada txarra izan zuen, baina 2012 eta 2013an berdindu eta pasa zuen Vatanen. Mini auto bat gidatzen lortu zuen. Amerikako Dakarra ezberdina da, askoz bizkorragoa eta Munduko Rally Txapelketan nabarmenduriko pilotu askok egin dute jauzia. Peterhanselek, baina, aurre egin die, eta hura da autoetan proba bi kontinentetan irabazi duen bakarra.

Peugeoten amua

Aurten, berriz, Peugeot taldearekin irabazi du Dakar rallya, behingoagatik autogile frantziar batekin. «Nire garaipenik bereziena motoetako aurrenekoa izan zen, baina hau hiru politenetakoa izan da, Frantziako auto batekin lortu baitut». Abertzaletasunak piztu dio motibazioa, eta eskaintza ekonomiko onak. Izan ere, Peugeotek talde bikaina osatu du. Cyril Despres, Sebastian Loeb eta Carlos Sainz izan dira beste gidariak, eta Peterhanselek aurrea hartu die.

Eta orain zer? Hori da galdera. 50 urterekin ba al du zentzurik Dakar rallyra itzultzeak. Erreparoa ematen dio hamahirugarrenez irabazteak, sineskerien eraginez, eta anbizioak zorte txarra ekar diezaiokeela uste du. Erronka bat litzateke berriz ere Afrikan irabaztea, baina hori, goiz jota, 2018an izango da. Heldu den urterako, Uruguai, Paraguai eta Brasilgo gobernuekin hitz egiten ari da antolakuntza, Argentinako meatzea agortzen ari baita. Aurrerago begira, aldiz, Afrikara itzuli nahi du. Hori bai, ez iparraldera, Namibia, Hegoafrika eta Angola aldera baizik. Rallyak segurtasun arazoengatik utzi zuen Afrika, eta hegoaldea lasaiagoa omen da. Kokagune berriak, agian, Peterhansel xaxatu dezake, eta haren sineskeriak baretu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.