Bi egun handi biziko ditu San Miguel ligak gaur eta bihar. Ez da alferrik lehiaketako estropada garrantzitsuena Zarauzko Estropadak izena duena. Arraunlarien pentsamenduan, asteburu erakargarrienetako bat da hau. Gaurko lanak 18:15 aldera hasiko dituzte, eta bandera irabazteko lehian balio egingo dute gaurko denborek. Ligari begira, puntuak banatuko dira gaur ere, beste estropadetan egin ohi den bezala.
Puntuen jokoari begira, aparteko arreta bereganatu dute bi egun hauek. Gaurtik hasita, gauza asko argitu daitezke sailkapenean. Goian eta behean. Ez da asko falta liga amaitzeko: zortzi estropada. Lan horiek egin beharko dituzte aurreneko zortzi sailkatuek; baina ez jaisteko kanporaketa nork jokatuko duen argitzeko, sei estropada baino ez dira falta. Goialdekoei sei lanegun baino ez zaizkie geratuko Zarauzkoa pasatu eta gero; azpikoei, lau bakarrik. Horregatik, asteburuak gauzak argi ditzake.
Berez da garrantzitsua Zarauzko jarduna, eta puntuen dantzak handitu egin du arreta. Goialdean, Urdaibaik aldearen zati bat jan zion Kaikuri azkeneko asteburuan, abuztuaren hasieran. Orain, zazpi puntu aurretik da Kaiku. Aldea da, baina batek egun txarra eta besteak ona izanez gero, gehiago murriztu daiteke tartea. Kontrako ikuspegitik, Kaikuk handitu egin dezake bien arteko pusketa. Hala gertatzen bada, kolpe handi samarra emango lioke ligari, ia erabakita utziko lukeelako. Liderrak ihes egin diezaioke bigarrenari, edo bigarrenak aurrenekoa harrapatu edo harrapatzeko gertu jarri.
Lehia alde batera edo bestera joango den argitzen laguntzeko, aintzat hartu behar da Kaikuk joan zen igandean eginikoa. Zapaldu egin zuen Urdaibai Espainiako Txapelketan, eta Sestaokoek bide horretatik segitzen badute, argi dago asteburu honetan bertan nahiko erabakita gera daitekeela ligako garailea zein izango den. Berriz duela sei eguneko jarduna egiten badute, inork ez ditu harrapatuko. Ihes egingo die denei, eta hurrengo denboraldira arte egon beharko dute zain parean jartzeko. Kaikuk berea egiten badu, argi geratu da ez duela aurkaririk, besteek lan ona eginda ere. Hor dauka erronka Urdaibaik. Erakutsi behar du Kaiku onenaren pare ibiltzeko gai dela.
Atzealdean ere goialdekoaren antzekoa da aldea. Camargo ez du inork libratuko azken postutik. Urdaibairen aferan epaileak erabakitzen duenaren zain, orain-oraingoz behera doa. Azken-aurrekoak jokatuko du ez jaisteko kanporaketa, eta Orio dago leku petral horretan. Gertuena Zumaia dauka, baina puntuak kontatuz, urrun samar: bederatzira du. Castro, aldiz, hamarrera, eta San Pedro 11ra. Erabakigarria izango da asteburu hau borroka hori zehazteko. Oriotarrek, aldea murrizten badute, borrokan segitu ahal izango dute; baina goikoek aldea handitzen badiote, kostako zaie ez jaisteko kanporaketa hori saihestea. Horretan ere, harrapatu edo ihes egin ariko dira traineruak. Harrapatzeko uste horretan, azken egunetan Castroren izena dabil hitzetik hortzera. Joseba Fernandez entrenatzailea eta arraunlaria kalera bidali eta gero, Iker Gimeno patroia jarri du zuzendaritzak arduradun lanetan, eta arraun munduan mesfidantza da nagusi: bolo-bolo dabil Castrok behera egingo duela aldaketarekin.
Itsaso barea iragarri dute
Gaurko lanari begira, kontuan hartu behar da hau: traineru batzuek jai izan zuten aurreko asteburuan, Espainiako Txapelketan ez zirelako izan. Ikusi egin beharko da atsedenak, lehiaketako erritmoan etena eraginda, on egin dien edo kalte. Jai izan ez zutenak Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Astillero, Tiran eta Castro izan ziren. Horiek guztiek ez dute galdu lehiatzeko erritmoa, eta mesedegarri izango zaie joan zen asteburuan arraun egin izana.
Itsasoaren egoeraz, albiste gutxi. Ez da mugimendurik espero, eta sailkapenean ez du eraginik izango. Arraunean ondo egin beharko dute denek, helburuak lortzeko. Eremuak ez dauka aitzakiarik. Gaur eta bihar egiten ez duenak atzerapausoa emango du gerora begira. Zerbaitegatik izan ohi da Zarauzkoa erreferentzia garrantzitsua datorrenari begira.
ZARAUZKO ESTROPADAK
•Lehen txanda. Castro, Zumaia, Orio eta Camargo.
•Bigarren txanda. Astillero, Pedreña, Tiran eta San Pedro.
•Hirugarren txanda. Kaiku,Urdaibai, Hondarribia eta San Juan.
•Ordua. 18:00 (ETB1)
Harrapatu edo ihes egin
San Miguel ligako estropada garrantzitsuenaren lehen jardunaldia jokatuko da gaur ZarautzenSailkapenaren buruan eta atzean gauzak argitzeko, erabakigarria izango da asteburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu