Futbola

Hasi aurreko azken neurgailua

Realak eta Athleticek Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute gaur, Irunen, Galen (19:00, ETB1). Zuri-gorriek hamargarrenez irabazi nahi dute txapela; txuri-urdinek, berriz, seigarrenez.

Julia Arrula-Patricia Zugasti. REALA-ATHLETIC
Julia Arrula Realeko atezaina eta Patricia Zugasti Athleticeko aurrelaria, Euskal Herria Kopako finalerdietan. ATHLETIC-REALA
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko abuztuaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldia ate joka dutela, Realak eta Athleticek gaur jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala, Irungo (Gipuzkoa) Gal estadioan (19:00, ETB1). Txuri-urdinek bana berdindu zuten finalerdian Eibarren aurka, eta penaltietan kanporatu zuten Iñaki Goikoetxeak entrenatutako taldea. Iaz Eibarrek irabazi zuen garaikurra. Athleticek, berriz, aise irabazi zion Alavesi: 3-0. Real Unionen estadioak ehun urte beteko ditu aurten, eta horregatik arituko dira bertan. Leire Landa Irungo futbolari ohia omenduko dute neurketan: Oiartzunen, Realean, Atletico Madrilen, Athleticen eta Bartzelonan aritu zen. Partidak Guk geurea leloa izango du, euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen gisa.  

Athletic da Euskal Herria Kopako garaikur gehien eskuratutako taldea: bederatzi aldiz irabazi du. Orain arte hamabost aldiz jokatu dute txapelketa, eta, horietatik, zuri-gorriak bi aldiz bakarrik geratu dira finaletik kanpo. Azkenekoz joan den urtean izan zen. Aurten, ordea, etxeko lanak egin dituzte, eta aise menderatu zuten finalerdian Alaves. Patricia Zugastik, Maite Valerok eta Nerea Benitok sartu zituzten golak.

Denboraldiaurreko lehen garaipena izan da Victor Martinek entrenatutako taldearentzat, baita aurkariaren atea zulatzen duen aurreneko aldia ere. Sasoiaurrean lau neurketa jokatu dituzte zuri-gorriek: hutsean berdindu dute Deportivoren eta Logroñoren aurka, 1-0 galdu dute Teneriferen kontra, eta 3-0 irabazi diote Alavesi. Gasteizko taldearen aurka jokatutakoak, beraz, konfiantza eman die denboraldirako. Sentsazio eta emaitza onak pilatzea ezinbestekoa da behar bezala ekiteko denboraldiari, eta gaur Athleticek beste aukera paregabea du horretarako. Gainera, Reala neurgailu ona izan daiteke Athleticentzat, ikus dezan zer-nola dagoen abuztuko azken asteburuan ligari ekin aurretik.

Txuri-urdinek, berriz, Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoa jokatuko dute datorren asteazkenean. Realarentzat, denboraldiko topaketarik garrantzitsuenetarikoa da Chelsearen aurkako neurketa. Txapeldunen Ligako ligaxkarako sailkatzea izango dute jokoan donostiarrek. Joaneko partida zazpi egun barru dute, Londresen. Euskal Herria Kopako finala, beraz, azken proba da txuri-urdinentzat Europako talde handienetariko baten aurka jokatu aurretik. Arturo Ruizek zuzendutako taldeak denetariko emaitzak izan ditu sasoiaurrean: bana berdindu du Lyongo Olimpiqueren eta Logroñoren aurka, 1-0 galdu zuen Uniao Torreenseren aurka, eta Taxoaren antolatutako Sentimendu Kopan zati bana jokatu zuen Alaves eta Osasunaren aurka: gasteiztarrekin bana berdindu zuen, eta nafarrei 0-2 irabazi zien.

Realak jokatutako azken partida Eibarren aurkakoa izan da, Euskal Herria Kopako finalerdikoa. Athleticek ez bezala, txuri-urdinek gehiago sufritu behar izan zuten aurkaria mendean hartzeko. Partida hasi eta berehala, Julia Arrula Realeko atezainak egindako hutsegitea ederki baliatu zuen Eibarrek. Carmen Alvarezek sartu zuen gola. Reala, ordea, segituan altxatu zen kolpetik. Ainhoa Marin jokalari etorri berriak egin zuen banakoa. Jokoan txuri-urdinak izan ziren nagusi, nahiz eta ez zuten lortu asko gerturatzea Anna Wellmann Eibarko atezain alemaniarraren atera. Bana berdinduta amaitu zen neurketa, eta penaltietan donostiarrak finalerako sailkatu ziren.

Realak bost aldiz irabazi du Euskal Herria Kopa, eta, nahiz eta palmaresean Athleticen atzetik egon, txuri-urdinak dira txapela irabazteko faborito nagusiak. Aurreko denboraldi gogoangarriari esker, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izango dute. Hirugarren geratu ziren ligako sailkapenean. Pentsatzekoa da txuri-urdinak bete-beteko sasoian iritsiko direla denboraldi hasierara, eta mimoz prestatuko zutela Chelsearen aurkako neurketa. Athleticek, berriz, zapore gazi-gozoarekin amaitu zuen joan den sasoia, sailkapenean zazpigarren geratuta. Javi Lergak ez zuen asmatu, eta Victor Martinek hartu du haren lekukoa. Denboraldiaurreko emaitzek, baina, ez dute askorik laguntzen. Dena den, entrenatzaileak behin baino gehiagotan esan du orain garrantzitsuena ondo sentitzea dela, emaitzekin itsutu gabe.

Euskal Herria Kopako hirugarren eta laugarren posturako neurketa ere gaur jokatu jokatuko dute Alavesek eta Eibarrek. Ordu berean izango da, 19:00etan, Amurrion (Araba).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA