Mendia

Hasi da Ehunmiliak probaren festa

Lasterketa nagusia eta Goierriko Bi Handiak proba jokatzen ari dira. Bihar, berriz, azken lasterketa jokatuko dute: Marimurumendi maratoia.

Ehunmiliak. GORKA RUBIO
Ehunmiliak lasterketako partaideak, abiatu direnean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko uztailaren 12a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguraldiak eta zehazki ekaitzak baldintzatu egin du Ehunmiliak probaren hamalaugarren ekitaldia. Baina ez du zapuztu lasterketaren inguruan egiten den festa, eta are eta gutxiago parte hartzen duten mendiko korrikalarien gogoa. Egun bat geroago izan bada ere, ekin diote erronkari. Ekaitza zegoen iragarrita arratsalderako, eta badaezpada, antolatzaileek beste ibilbide bat balizatu dute. Baina eguraldi iragarpenak hobera egin du, eta antolatzaileek hasierako ibilbideari eutsi diote. 

11:00etan hasi da lasterketa nagusia, Beasaingo Loinazko San Martin plazan (Gipuzkoa). 360 korrikalarik emana zuten izena ultratrailean aritzeko. Horiek guztiek 125 kilometro egingo dituzte, ohi baino 46 gutxiago. Aralarko eta Aizkorri-Arazko parke naturalak izango ditu ardatz. Gehieneko denbora, berriz, 31 ordukoa izango da.

Gizonezkoen mailan, Fidel Fernandez espainiarra —iazko irabazlea— eta Unai Dorronsoro beasaindarra —hirugarren 2018an eta 2019an— nor baino nor gehiago ari dira lasterketaren buruan. Emakumezkoen mailan, berriz, itxura du iaz irabazi zuen korrikalari bera nagusituko dela aurten: Chelo Fernandez espainiarra. Hasieratik jarri da lasterketaren buruan, eta indartsu ari da. Eva Lizarralde oiartzuarra du gertuen, bigarren postuan. Hala ere, edozer gerta daiteke, luze joko baitu lasterketak. Antolatzaileen arabera, ondo bidean, lehen sailkatua 01:30 inguruan iritsiko da helmugara.

Lasterketa nagusiaz gain, Goierriko Bi Handiak proba jokatzen ari dira: 88 kilometro ditu, eta 6.000 metroko goranzko desnibela. 500 korrikalari lehiatuko dira. Gizonezkoetan, azken bi urteetako irabazlea, Ioseba Eskudero, ez da ariko, eta Ander Iñarra da hari lekukoa hartzeko hautagai nagusia. Iaz egin zuen debuta G2Hn, eta bigarren izan zen. 

Emakumeen arteko lehian bada berritasunik. Beste irabazle bat izango da, azken bi urteetako garaileak —Mayi Mujika eta Oihana Azkorbebeitia— ez baitira ariko. Olatz Azazeta da hautagai nagusia. Iaz bigarren sailkatu zen, eta denbora bikaina egin dezakeela erakutsi zuen. Antolatzaileek espero dute G2Hko lehen sailkatua 05:00 inguruan helmugaratzea.

Bihar, berriz, azken proba jokatuko dute: Marimurumendi maratoia —42 kilometro ditu, eta 2.300 metroko goranzko desnibela—. 08:00etan hasiko da. Polita izango da Elena Calvilloren eta Ainhoa Intxausti iaz garaile izandakoaren arteko lehia. Gizonen arteko lehian ere garaile berria izango da. Hauek dira hautagai nagusiak: Endika de las Heras, Markel Urigoitia, Ruben Ruzafa, Jacob Pinazo eta Gaizka Lasa. 350 korrikalari ariko dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.