Hasi da ibilbidea

Kirolarien eta kirolari ohien desfilea antolatu du Jauzia egitasmoak iganderako, selekzioen ofizialtasunaren alde.Harreman sorta hasi dute

Jauzia egitasmoko kideak eta sustatzaileak, datorren igandeko ekitaldiaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den abenduaren 5ean aurkeztu zuen bere burua Jauzia egitasmoak, kirol selekzioen ofizialtasunaren arloan «beste agertoki batera jauzi egiteko garaia» delakoan, «talde lanean, kirolaren balioetatik eta kirolariekin» jardun beharra nabarmenduz. Atxikimendu gehiago lortzeko harreman sorta bati ekingo ziotela iragartzeaz gain, aurreratu zuten futbol selekzioen Gabonetako partiden inguruan zenbait ekitaldi antolatuko zituztela. Eta hala izango da.

Datorren igandean, euskal selekzioaren eta Kataluniakoaren gizonezkoen partida hasi aurretik, 19:00etan, desfile bat egingo dute Jauzia egitasmokoek. Bilboko Moyua plazatik abiatu eta Jesusen Bihotza plazan amaituko da.

Desfilean euskal selekzioen ofizialtasunaren eskaerarekin bat datozen kirolariek zein kirolari ohiek parte hartuko dute, nor bere kirolaren ezaugarriekin, Olinpiar Jokoetako desfileen antzera. Amaitutakoan, ekitaldi labur bat egingo dute Jesusen Bihotza plazan. Esanguraz beteriko bi abesti kantatuko dituzte -Mikel Laboaren Txoria txori eta Lluis Llachen L'estaca—, eta, amaitzeko, selekzioen ofizialtasunaren aldeko bufanda berde-horiak astinduko dituzte, Bilboko Kale Nagusiari «ofizialtasunaren kolore berdea» emateko.

Ekitaldiak «helburu xume eta argia» izango du, Jauziaren izenean Beñat Zarrabeitia kirol kazetariak eta Garazi Muniain futbolariak esan dutenez: «Gure kirol ordezkaritza proiektatzea eta nazioarteko lehiaketetan zein Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan euskal pabiloiaren barruan aritzeko eskubidea aldarrikatzea». Horretarako, «talde lanean aritzeko eta pausoak guztion artean zehazteko» eskatuko dute igandeko ekitaldiaren bidez.

Baina, Zarrabeitiak eta Muniainek adierazi dutenez, «bidea ez da abenduaren 28an amaitzen». Jauzia egitasmoa aurkeztu zutenean, iragarri zuten harreman sorta bati ekingo ziotela hainbat eragilerekin. Horretan aritu dira asteotan, eta bilerak izan dituzte kirolariekin, kirolari ohiekin eta federazio ugarirekin.

Ofizialtasunaren Liburu Zuria

Aurrerantzean ere bide horretan jarraitzeko asmoa dute, ekarpenak eta atxikimenduak jasoz. Galdetegi bat prestatu dute, kirol eragileekin partekatuko dutena, eta bildutako ekarpen guztiekin Ofizialtasunaren Liburu Zuria osatzeko asmoa dute. «Talde lanean aritu behar dugu; guztiok dugu zer esan», gaineratu zuen Muniainek.

Garrantzitsuena parte hartzea da, One country one team izango da datorren igandean antolatuko den ekitaldiaren goiburua. Antolatzaileek dei egin diete ofizialtasunaren aldarriarekin bat datozen kirolari, kirolari ohi eta zale guztiei ekitaldi horretan parte hartzera.

Lehenengo atxikimenduak jaso dituzte dagoeneko, eta, esaterako, ekitaldia aurkezteko agerraldian Peio Bilbao txirrindulari profesionala, Egoitz Askasibar ESAITeko kide izandakoa eta Iñigo Landa eta Jone Goirizelaia abokatuak egon dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.