Pilota. Binakako Txapelketako finala

Hasiberriak konplitu du

Kepa Peñagarikanok lehen txapelketa izan du pilota hautatzaile postuan, eta, kritika gutxi batzuk egon diren arren, gustura jardun du. Dagoeneko buruz burukoan pentsatzen ari da.

Kepa Peñagarikano, atzoko pilota aukeraketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Finalistak kexarik izan ez zutela entzutean pixka bat lasaitu dela ez du ukatu Kepa Peñagarikanok (Beizama, Gipuzkoa, 1981). «Beraien arteko partidetan saltsa egon zen, eta beti duzu zalantza hor». Hala ere, pilotariak entzun aurretik ere, lasai irten zen Bizkaia pilotalekutik. «Enpresek ere lagundu egin naute. Kezka beti dago, noski, zerbait arraroa pasa daiteke, baina %95ean ziurta dezaket pilotak egokiak direla».

Iaz hartu zuen erretiroa Peñagarikanok, eta txapelketa honetan hasi zen hautatzaile lanetan. Masaje kontsulta du arratsaldez, eta anbulantzia zerbitzuetan ere jarduten da, eta bere ogibideekin bateragarria denez onartu zuen postua. «Buruko min asko ematen dituen lana da hautatzaile izatea. Txapelketako partidetan, pilota guztiak jokoan ikusi eta gehiegizkorik ez dagoela ikusi arte ez naiz lasaitzen. Are gehiago partidak zuzenean ikusten ditudanean. Alde ona ordutegia da, eta horregatik onartu nuen».

Lau hilabete hauetan ez du kexa askorik entzun, baina finaleko bikoteak elkartu diren aldiro egon da sestra. Peñagarikanok halakoetan eurekin hitz egin izan du. Ez da aspaldi pilotarien kide zela; bi enpresetan, gainera. «Kexak egon daitezkeela ulertzen dut, baina partidaren ostean. Kexek baino gehiago, moduak mindu izan nau, eta eurekin hitz egin dut, eta konpondu dugu. Lagun asko ditut enpresetan, eta hamar urte barru gauza bera esan nahiko nuke».

Pilotari zenean berari komeni zitzaion pilota eskatzen zuela onartu du, eta enpresek ematen ziotela. Hala ere, orain beste aldean dagoela, kritikoa da jarrera horrekin. «Enpresak euren pilotariei eskatzen dutena ematen saiatzen dira. Ni orain tartekoa naiz, eta gehiegizkoak direnak kentzen saiatzen naiz». Halere, berak garbi du zein den lehentasuna: «Ikuskizuna. Pilotak ikuskizuna eta partida lehiatu eta onak ikus daitezen lagundu behar du».

Binakakoa pasatu da jada, eta orain buruz burukoa dator, azterketarik zailena. Azken urteetan, desorekatua izan da, gainera; batez ere, jokatzeko moduaren eraginez. Ez du formula magikorik, baina bai iritzia. «Teknikariekin hitz egin dut, eta defendatzen duen pilotariari pixka bat lagundu behar zaiola iruditzen zait. Egungo pilotekin, sake-errestoan jokatzen bada, ezinezkoa da iristea. Hor, pilotarien teknikak pilotek baino eragin handiagoa du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.