Philippe Montanier gustura dago lehen lau partidetan Realak daraman norabidearekin. Horietan zazpi puntu lortzea oso datu baikorra dela dio. Baina egoeraz gozatzeko asti askorik gabe, biharko partidan kontzentratuta dago. Bere ustez, ez dago arerio errazik Espainiako Ligan.
Frantziarra ez da fidatzen inorekin, eta are gutxiago Mallorcarekin. «Sailkapenak ez du errealitatea islatzen, Mallorca horretan dioena baino talde indartsuagoa baita. Oso partida zaila izango dugu, orain arteko zailena, Sevillakoaren pare», esan zuen Montanierrek. Denbora nahikoa izan dute partida prestatzeko. Berak hala pentsatzen du behintzat. «Okerragoa izan zen asteartekoa: bi egun izan genituen partida batetik bestera; oraingoan, gutxienez, lau izan ditugu». Gainera, ordutegia ere arraroa izango dute, lehen aldia izango baita Realak Lehen Mailan 12:00etan jokatuko duena. «Esperientzia polita izango da goizean jokatzearena, orain arte ez baitut ordutegi horretan jokatu», onartu zuen frantziarrak. Biharkoan jokalari guztiak izango ditu bere esanetara, Xabi Prieto, Carlos Martinez eta Vadim Demidov osatu direlako. «Atzoko entrenamenduetan hirurak guztiz osatuta zeudela ikusi genuen, eta bihar jokatzeko prest egongo dira», esan zuen entrenatzaile frantziarrak.
Bere jokalariak ere aztertu zituen atzokoan, batez ere iristen azkenak izan diren jokalariak: McDonald Mariga, Carlos Vela, Antoine Griezmann eta Joseba Llorente. Kenyarraren kasuan, gero eta hobeto ikusten du. «Pixkanaka-pixkanaka ari da taldearen erritmoa hartzen eta taldekideekin harreman gehiago izaten. Garrantzitsua da guretzat, bai fisikoki eta bai teknikoki oso jokalari ona delako», esan zuen. Mexikarraren kasuan, ulertzen du oraindik fisikoki sasoi onean ez egotea: « Ia denboraldi bat darama jokatu gabe, eta gainera lesio batetik osatu berri dago. Denbora eman behar diogu guztiz osatzeko». Azkenik, bere herrikidearen txakalaldiaren zergatiak aztertu zituen: «Ohikoena horrela egotea da. Aurreko denboraldian asko jokatu zuen, eta sasoi onean egon zen denbora luzez. Atseden askorik izan gabe Munduko Kopa jokatu zuen 21 urtez azpikoekin, eta berehala gurekin denboraldia hasi. Horregatik, denborarekin itzuliko da sasoi onera». Joseba Llorente osatu izana albiste ona dela onartu zuen: «Erasoan lehiakortasuna handitu egingo da, eta hori ona da guretzat».
«Hasiera ona izan da»
Biharko partida orain arteko «zailena» izango dela aitortu du Philippe Montanierrek, Sevillakoaren parekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu