Hautagaien Torneoa: irabazteko faborito argirik gabe

Larunbatetik igandera bitarte jokatuko dute Hautagaien Torneoa, Zipren. Nakamurak du elorik handiena, 2.810; Esipenkok, berriz, apalena, 2.698. Mailari erreparatuta, ordea, bien artean ez dago hainbesteko alderik.

Rameshbabu Praggnanandhaa xake jokalaria, pentsakor, partida batean. ROMAN ISMAYILOV/EFE
Rameshbabu Praggnanandhaa xake jokalaria, pentsakor, partida batean. ROMAN ISMAYILOV/EFE
Josu Tornay.
2026ko martxoaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maxim Vachier-Lagravek, Frantziako maisu handiak, hauxe esan zuen Rameshbabu Praggnanandhaa Indiako xake jokalariari buruz: «Maila apalagoko da». Hautagaien Torneoan parte hartuko duten xake jokalarien artean, hark eta Kazakhstango Javokhir Sindarovek piztu diete arretarik handiena zaleei. 20 urte dituzte, eta etengabe gora egiten ari dira. Hala, kolokan jarri dute eliteko jokalarien estatusa.Vachier-Lagraven iritzia alde batera utzita, bi jokalari gazte horiek lortu dituzten emaitzek zera uzten dute agerian: belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari dela. Sindarovek Munduko Kopa irabazi zuen, maila ona emanda irabazi ere. Praggnanandhaa, berriz, 2025eko FIDEren zirkuituan nagusitu zen. Puntu gehien lortu zuen jokalaria izan zen, eta zirkuituko lau torneo irabazi zituen.

Hurrengo erronka Hautagaien Torneoa izango dute. Pegeian jokatuko dute, Zipren, larunbatetik apirilaren 16ra bitarte. Parte hartuko dutenen artean, Hikaru Nakamurak du elorik handiena, 2.810; Andrei Esipenkok, berriz, apalena, 2.698. Baina mailari erreparatuta, bien artean ez dago hainbesteko alderik. Torneoa irabazten duen jokalaria Gukesh Dommarajuri munduko txapeldunari garaikurra kentzen saiatuko da. Hautagaien Torneoaren beste aldi batzuetan, garaile izateko faborito argi bat egon izan da. Ian Nepomniaxtxi izan da azken aldietan jokalari hori, baina oraingoan egoera bestelakoa da: ez dago faborito argirik. Praggnanandhaaz eta Sindarovez gain, Nakamura dago. 38 urte ditu, eta eskarmentua ere bai. Anish Giri eta Fabiano Caruana ere hortxe daude. Bi horiek ere beterano izateko bidean daude. Wei Yi, Andrei Esipenko eta Matthias Bluebaum, berriz, elitera heldu berri dira. Oso jokalari multzo heterogeneoa da, eta ia ezinezkoa da torneoa nork irabaziko duen aurreikustea.

Lehiatuko diren jokalarien elo puntuen zerrenda ikusita, aldeak handiak dira, baina horrek ez ditu torneoak erabakitzen. Gainera, askotan zera jarri izan da zalantzan: elo zerrendak zenbateraino balio duen jokalarien maila neurtzeko. Elo sistemak, bi jokalarien artean dagoen irabazteko probabilitatea kontuan hartuta, puntuak ematen edo kentzen dizkie partidaren ostean; betiere emaitza kontuan hartuta. Arpad Elo fisikariak garatu zuen puntuazio sistema hori, 1960ko hamarkadan, eta  FIDE Nazioarteko Xake Federazioa sistema hori erabiltzen hasi zen handik gutxira. Tenisean, padelean eta boxeoan ere erabili izan da, besteak beste. 

Elo puntuekin itsututa

Puntuazio hori torneoetarako sailkatzeko, taldeak osatzeko eta taldeen ordena ipintzeko erabiltzen da, besteak beste. Xake jokalari asko itsutu egin dira zenbaki horrekin. Jokalari askorentzat obsesio bihurtu da, eta hori kaltegarria izan daiteke beren maila hobetu ahal izateko. Gainera, aipatu bezala, sistema horrek gabeziak ditu jokalarien maila neurtzeko. Batetik, ez du zigortzen gehiago edo gutxiago jokatzea. Bestalde, aurkari ahulagoen kontra partida asko irabazteak eloa hobetzen laguntzen die jokalariei. Horren adibide da Nakamura. Magnus Carlsenek torneoa jokatzeari uko egin eta gero, hark zuen aukerarik handiena bertan parte hartzeko. Baina ziurtatzeko, bigarren mailako torneo batzuk jokatu zituen. Hala, puntu gehiago lortu zituen, eta torneoan parte hartuko du. Kritikak jaso zituen, baina besteek gauza bera egin zezaketen.

Edonola ere, txapelketak ez du hautagai garbirik. Prestakuntzak, presioari eusteko gaitasunak eta ausardiak garrantzi handia daukate egungo xakean, eta erabakigarriak izaten dira garaipenak lortzeko. Horretan, Sindarovek eta Praggnanandhaaek abantaila izan dezakete: Viswanathan Anandek, munduko txapeldun ohiak argi utzi zuen: «Lau jokalari berri daude, sekula hautagaien torneoa jokatu ez dutenak. Jokalari gazteak dira, eta horrelako torneo luzeetan garrantzitsua izaten da hori, energia handiagoa izango dutelako». Peter Svidler maisu handiak askotan hartu du parte Hautagaien Torneoan, eta ez du hala uste: «Torneo honetan ez dago faborito argirik, baina bat aukeratu beharko banu, Fabi [Fabiano Caruana] izango litzateke. Aurkari gogorra da, eta eskarmentua du halako torneoak jokatzen. Nire beste hautagaia Prag [Rameshbabu Praggnanandhaa] da». Jokalariren batek ezustekoa ematekotan, hauxe da Svidlerren apustua: «Matthias Bluebaum aipatuko nuke. Elo apala dauka, eta azken txapelketetan irabazteko posizio egoki asko izan ditu. Baina ez ditu aprobetxatu. Oraingo honetan, horiek aprobetxatzen baditu, irabazteko aukera izango du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!