Ihesaldiei bere zigilua jartzea gustatzen zaio Ben Healyri (Education). Eraso ausartak eginez nagusitu ohi da. Aurkariak ezustean harrapatu, eta tinko eusten die helmugara bidean. Gisa horretan gailendu zen Gernikan, aurtengo Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan. Baita 2023ko Italiako Giroko zortzigarren etapan ere. Bada, gaur Frantziako Tourrean eman du bere formularen berri. Orain arteko egunik menditsuena izan da: 3.500 metroko desnibela pilatu baitute muinoz jositako ibilbidean. Aukerako eszenatokia zen Healyk distira egin zezan. Eta irlandarrak ederki baliatu du aukera; erakustaldi handia eginda iritsi da Vire Normandieko helmugara.
Artean 42 kilometro geratzen zirela egin du eraso Healyk. Orduraino, beste zazpi ziklistarekin batera osatu du eguneko ihesaldia. Mathieu van der Poel (Alpecin) izan da horietako bat. Herbeheretarrak ez du Healyri aurre egiteko gaitasunik eduki, baina konforme egon daiteke, berriz ere horiz jantzi baita. Bezperako erlojupekoan lidergoa kendu zion Tadej Pogacarrek (UAE), eta berreskuratu egin du gaur, ihesaldiari etekina aterata. Healyren atzetik Quinn Simmons (Lidl) eta Michael Storer (Tudor) helmugaratu dira, ia hiru minutu geroago. Tropelak, berriz, bost minutu eta erdiko atzerapena izan du. Hautagaiek martxa bizkortu dute amaierako aldapan, eta Van der Poelek, azkenean, segundo bakar bat atera dio Pogacarri sailkapen nagusian.
Oso etapa mugitua izan da. Txirrindulari asko ziren garaipena lortzeko itxaropenez, eta hartara, erasoa besterik ez da izan lasterketako lehen bi orduetan. Kilate asko behar ziren lasterketa buruan sartu ahal izateko. Vismak ahaleginak eta bi egin ditu txirrindulariak aurrera bidaltzeko. UAEri buruhausteak eragin dizkio; Pogacarrek berak suhiltzaile lanetan aritu behar izan du, Matteo Jorgensonek eraso egin eta gero. Azkenean, Simon Yatesek ordezkatu du Visma ihesaldian. Healy, Simmons, Van der Poel, Storer, Eddie Dunbar (Jayco), Will Barta (Movistar) eta Harold Tejada (Astana) izan ditu bidaide.
Ehun kilometro igaro dira aurreko multzoa guztiz egonkortu den arte. UAEk onespena eman dio; Pogacarri ondo zetorkion maillot horia behin-behinean beste norbaiti uztea. Zortzikoteak lau minutuko errenta zuen Healy helmugaren bila abiatu denean. Haren erasoekin beti gertatzen da berdin: hasieran kamikaze samarrak dirudite, baina zentzuzko bilakatzen dira kilometroen joanean. Pedalei bizi-bizi eragin die irlandarrak, ordekan nahiz maldan gora. Eraso egin eta hamar kilometro geroago, ia minutu batera zituen iheskideak. Simmons eta Storer soka tenkatzen saiatu dira; aldea, ordea, handitu besterik ez da egin.
Hautagaiak azken kilometroan piztu dira, eta segundo apur batzuk galdu dituzte Primoz Roglicek (Red Bull) eta Joao Almeidak (UAE), besteak beste. Pogacar izan da helmuga zeharkatzen lehena, eta argi erakutsi du nork agintzen duen. Bihar, aldapa luzeago batean amaituko da etapa: Mur de Bretagnen (bi kilometro eta %7ko pendiza).
Zatiketa handia Giroan
Sailkapen nagusian aldaketa garrantzitsuak eragin ditu Italiako Giroko bosgarren etapak. Gezurra dirudi, ibilbide guztiz laua izan baitute Mirano eta Monselice artean. Haizeak, ordea, gogor jo du saihetsetik, eta tropela zatitu egin da UAE taldearen ekimenez. Longo Borghinik jokoz kanpo harrapatu nahi zituen aurkariak. Adi ibili da Marlen Reusser (Movistar), maglia arrosaren jabea. Sarah Gigantek (AG Insurance), berriz, ezin izan du galbahea gainditu, eta galdu egin du sailkapen nagusiko hirugarren postua. Orain, Anna van der Breggen (SD Worx) ageri da Reusser eta Longo Borghiniren atzetik. Katrine Aalerudek (Uno-X) ere etekin handia atera dio gaurko etapari, hamargarren postutik laugarrenera egin baitu jauzi.
Hamahiru ziklistako multzo bat iritsi da helmugara, eta Lorena Wiebes (SD Worx) izan da denetan azkarrena. Esprintean Marianne Vos (Visma) eta Lianne Lippert (Movistar) izan ditu atzetik. Tropel nagusiak 1.42ko atzerapenarekin amaitu ditu lanak. Bertan ziren faboritoetako asko. Baita Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban ere (Laboral Kutxa). Hiru etapa gelditzen zaizkio Giroari, eta, itxura guztien arabera, Reusser eta Longo Borghiniren artean jokatuko dute garaipena. Hamasei segundo besterik ez dago bien artean. Urrunago da Van der Breggen, 1.53ra. Bihar, 146 kilometroko etapa gorabeheratsua lehiatuko dute.