Realak irabazi gabe segitzen du denboraldi honetan. Gaur 0-0 berdindu du Edinburgon, Hearts taldearen kontra, Europako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan. Gertu izan du garaipena, eta merezi izan du. 94. minutuan penalti bat izan du alde, baina Nerea Eizagirrek kanpora bidali du baloia 11 metroetatik. Ligan jokatu dituen azken bi partidetan bezala, nagusi izan da talde txuri-urdina. Baina ez da gai izan nagusitasun hori aprobetxatzeko, eta garaipena lortzeko. Emaitza ez da txarra, astebete barru etxean izango baitu aukera kanporaketa erabakitzeko. Baina Gorka Alvarezen taldeak garaipena behar zuen, bolada aldatu eta pizgarri izateko. Ez da posible izan, eta zapore gazi-gozoa utzi dio neurketak. Izan ere, Ainhoa Marinek eta Chaconek min hartuta utzi dute zelaia. Chaconen kasuan, belaunean hartu du min, eta negarrez joan da aulkira, sarrera gogor baten ostean.Â
Aurreko larunbatean ligan Badalonan zelairatu zuen hamaikakoarekin alderatuz, hiru aldaketa egin ditu Alvarezek: Laborde, Campo eta Seelenfreund hasieratik aritu dira, eta aulkian geratu dira Camino, Paula Fernandez eta Nerea Eizagirre. Lehen minutuetan baloiaren jabetza etxeko taldeak izan du. Ceciliaren buruz buruko jokaldi batean gerturatu da lehen aldiz Reala Heartsen atera, bosgarren minutuan. Hortik aurrera txuri-urdinak nagusi izan dira. Baloia eduki dute, aurkaria atzean sartu dute, eta jokoaren ekimena izan dute. Hegaletatik saiatu dira min egiten, Cecilia eta Ainhoa Marin buruz buruko jokaldietan trebeak direla baliatuz; baina aukerarik sortu gabe. Erritmo biziagoan jokatu beharra zuen Realak. 16. minutuan egin du lehen errematea Johnstonen atera. Baina Cahynovak kanpora bidali du baloia.Â
Ondoren Ainhoa Marinek ere jokaldi ona egin du. Baina epaileak falta adierazi du. Realari kostatu egin zaio liga hasieran golak sartzea, eta erasoan sakontasuna izatea. Aurrelari peto baten falta antzematen ari da, eta gaur berriz ikusi da. Marinek eta Ceciliak hegaletatik jokaldi asko egin dituzte, baina norbaitek errematatzea falta izan da. Sonya Keefe, Granadatik iritsitako jokalaria, min hartuta egon baita pubisean. Gaur eseri zen estreinakoz aulkian. Seelenfreundi, berriz, kosta egiten ari zaio asmatzea.
Reala gero eta gehiago iritsi da aurkariaren atera, eta Eskoziako taldearen defentsan zuloak topatzen hasi da. Lehen zatiko abagune argiena Seelenfreundek izan du. Cahynovak ondo eraman du baloia Heartsen atera, eta AEBetan jaiotako aurrelariari pasea eman dio; hark errematatu egin du, baina atezainak gelditu bikaina egin du. Ia segidan erdiraketa ona egin du ezkerretik Morazak; Camporen errematea, ordea, kanpora joan da.Â
Realak lehen zatian izan duen nagusitasunaren adibide argiena hauxe izan da: zazpi erremate egin dituzte txuri-urdinek, bi atera; Heartsek, aldiz, bat bera ere ez. Gainera, %93ko baloi jabetza izan dute. Baina Badalonan gertatu zitzaien bezala, aurkariaren atea zulatzea falta izan zaie. Hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0.
Bide beretik
Bigarrenari ildo beretik ekin diote. 47. minutuan Intzak erdiraketa on bat egin du, eta Seelenfreundek buruz errematatu du. Baina baloia kanpora joan zaio. Hurrengo minutuetan estutzen jarraitu du talde txuri-urdinak. Bizpahiru korner atera ditu, baina geldikako jokaldietan ere ez du asmatu Alvarezek zuzentzen duen taldeak. Etxekoak atzean egon dira sartuta, eta ez dute jokaldirik lotu.Â
Intzak ere ez du aparte izan gola, baina azken kontrolean ez da fin aritu. Gol hori lortu nahirik, hiru aldaketa egin ditu talde txuri-urdineko prestatzaileak 67. minutuan: Camino, Isasisamendi eta Chacon irten dira zelaira, Laborderen, Marinen eta Seelenfreunden ordez. Marin min hartuta joan da.Â
Hearts aurrerapauso bat eman beharrean zen, eta hala egin du. Neurketa parekatu egin da zertxobait, eta Eskoziako taldea bizpahiru aldiz gerturatu da Arrularen taldera. Baina berehala iritsi da txuri-urdinen erantzuna. Caminok zutoinera bidali du baloia.
Handik gutxira gertatu da arratsaldeko albiste txarrena. Chaconi falta gogorra egin diote atzetik, eta keinu txarra egin du. Hala, atera eta gutxira utzi behar izan zuen zelaia, negarrez, eta eskuineko belauna minduta. Nerea Eizagirre irten da haren ordez; eta Paula Fernandezek Campo ordezkatu du
Ordu laurden falta zen neurketa amaitzeko. Azken txanpan ere estutu egin du Realak. Hain zuzen ere kapitainak aukera ona izan du txuri-urdinak aurretik jartzeko, baina errematea kanpora joan zaio. 94. minutuan haren erdiraketa batek Heartsen jokalari baten eskuan jo du. Epaileak penaltia adierazi du. Kapitainak jaurti du, baina kanpora bidali du baloia.Â