Urrats sendoa egin du Baionak. Lapurdiko taldea 2022an bueltatu zen Top14 ligara, Mikel Laboaren Txoriak txori kantaren doinuan —ohiko abestia da Baionako errugbi taldearen ospakizunetan—, eta hegaldi gozoa izan du orain arte. Sasoi honetan, gora egin eta aspaldi lortu gabekoa lortu du: laugarren bukatu eta titulurako kanporaketetarako sailkatzea.
Horretarako, esfortzua eta talentua izan ditu oinarri. Eta etxea: Jean Dauger estadioa. Lapurtarrek bertan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte denboraldi honetan. Sailkatzea bera lorpen bat da, eta taldeak jada egin du balentria, baina, behin horraino iritsita, aurrera egin nahi dute. Bosgarren sailkatua izango dute aurkari, gaur, 21:05ean: Clermont. Eta garrantzitsuena: etxean jokatuko dute.
Aretz Iginiz Baionako jokalari ohiaren arabera, seinale ona da hori, erabakigarria izan baitaiteke: «Errugbian, zaila da kanpoan irabaztea, eta aurten talde batek bakarrik lortu du etxean ez galtzea: Baionak. Bolada guztiak bukatzen dira, baina espero dugu horrela segituko duela».
Kanporaketetako beste partidan, Toulon eta Castres ariko dira nor gehiago. Bordele eta Tolosa, berriz, jada sailkatuta daude finalerdietarako. Hain justu, Baionak, irabaziz gero, Tolosaren, hau da, egungo txapeldunaren aurka jokatuko ditu finalerdiak, datorren astean eta etxetik kanpo. Zailagoa izango du tontor hori gainditzea, baina ez ezinezkoa: «Partida denak ezberdinak dira, eta errugbian zernahi pasatu daiteke», ohartarazi du Iginizek.
Dena den, Lapurdiko taldeak hurrengo aurkariarengan jarria du arreta osoa. Horixe baitu gainditu beharreko aurreneko koxka. Clermontek azken jardunaldian lortu zuen sei onenen artean sartzea. Zazpigarren zela ekin zion lehiari, baina Arroxelak eta Castresek galdu egin zuten, eta Clermontek, aldiz, irabazi. Horrek eman zion modua bosgarren posturaino jauzi egiteko. Azken bost partidetatik lau irabazi ditu.
Hori horrela izanda, Iginizek uste du balitekeela «presio gutxiago» izatea. Aurkaria aztertu du: «Talde azkarra da; aurrean indartsuak dira, eta atzean esperientzia dute». Hala ere, baikor da: «Baiona oso sendoa da etxean; nire ustez, irabaziko du». Funtsezkoa izango da «zelaian ondo kokatzea eta huts gutxi egitea».
«Baiona oso sendoa da etxean; nire ustez, irabaziko du»
ARETZ IGINIZBaionako jokalari ohia
Ligan elkarren aurka jokatutako partidei dagokienez, etxetik kanpo 26-10 galdu zuen Baionak lehen itzulian, baina Jean Dauger estadioan 31-18 irabazi. Aurkari gogorra izango du parean, baina Baionak gotorleku du etxea, eta, beraz, matematikak alde ditu. Halere, beste behin, zelaian berretsi beharko du nagusitasun hori.
Gregory Patat entrenatzaileak atzo adierazi zuen betiko moduan prestatu dutela gaurko neurketa: «Holako partidak jokatzeko usaiarik ez badugu ere, lasaiki prestatzen aritu gara».
Lehen aldiz
Baionak azkenekoz 1992an jokatu zituen ligako final-laurdenak. Eta 2009-2010eko denboraldian formatua aldatu zenetik, aurrenekoz sailkatu da kanporaketetarako. Gertu izan zuen sailkapena beste sasoi batzuetan: esaterako, zazpigarren amaitu zuen 2010-2011ko denboraldian, eta zortzigarren 2012-2013ko eta 2022-2023koetan.
Aurrerapausoa emateko, Patatek zuzendutako taldea ondo indartu zen denboraldi honetarako, eta sona handiko jokalariak fitxatu zituzten. Tartean Baptiste Chouzenoux eta Manu Tuilagi. Badago, ordea, nabarmendu beharreko beste jokalari bat: Camille Lopez zuberotarra. Sasoia bukatzean hartuko du erretiroa, baina bete-betean ari da.
«Egonkortasun pixka bat badenean eta emaitzak lortzen direnean errazagoa da talde bat eraikitzea. Jokalari on batzuk etorri dira, eta aulkia bete dute. Orduan, talde bat baino gehiago bada. Eta horrez gain, Baiona inguruko eta Euskal Herriko gazteek ere denbora izan dute denboraldi honetan, eta lekua hartu dute pixkanaka. Taldea orekatua da: Euskal Herriko jokalariak daude, eta kanpokoak, eskarmentua dutenak», adierazi du Iginizek.
Ibilbide osoa egin zuen hark Lapurdiko taldean: hamabost urtez jantzi zuen elastiko xuri-urdina, eta kapitaina ere izan zen. Oroitzapen «oso onak» ditu.
Zelaia utzi, eta harmailetan hartu zuen tokia jarraian. Hala ere, ez du uste gaur han izango denik, «superstizio» kontuak direla eta: «Beste lan bat dut orain; hortaz, azken partidetara ez naiz joan, eta irabazi dute. Joaten banaiz eta galtzen badute...». Hura estadioan izan edo ez, emaitza bera izan dadila: Baionak irabazi dezala, eta finalerdietarako sailka dadila.