Hego Koreak irabazi egin dio Txekiari, emaitza iraulita

Hwang In-Beom izan da neurketako jokalaririk onena, Hego Korearen lehen gola sartu baitu, eta bigarrean golaren pasea eman baitio Hyeon Guyri. Txekiak partida kaskarra jokatu du, eta geldikako jokaldietan baino ez du sortu arriskua.

Hego Koreako jokalariak, sartu duten goletako bat ospatzen. FRANCISCO GASCO / EFE
Hego Koreako jokalariak, sartu duten goletako bat ospatzen. FRANCISCO GASCO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 12a
10:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osatu da lehen jardunaldia A multzoan. Mexikoren eta Hegoafrikaren estreinakoaren ostean, goizaldean jokatu dute Hego Koreak eta Txekiak. Europarrak 0-1 jarri dira aurretik, Krejcik 60. minutuan sartu duen gol bati esker. Baina, ondoren, Hego Koreak bi gol sartu ditu, eta garaipena lortu. Bi goletan erabakigarria izan da Hwang In-Beom Feyenoord taldeko jokalariaren ekarpena. Izan ere, lehengo gola berak sartu du, eta bigarrenean golaren pasea eman dio Hyeon Guyri. 

Hego Koreak hasieratik jo du erasora. Kang-in-Lee izan da jokalari arriskutsuena. Haren abiadura eta buruz buruko jokaldiak baliatuz, korearrak behin baino gehiagotan gerturatu dira Kovarren atera. Uzkur eta arriskurik gabe jokatu du minutu horietan Txekiak, lerroak batuta. Minutuak aurrera joan ahala, Hego Koreak erritmoa moteldu du, eta hori baliatu dute txekiarrek Seung-gyuren atera gerturatzeko. Hegaletatik egindako erdiraketak eta geldikako jokaldiak baliatu ditu horretarako. Azken txanpan Hego Korea hobea izan da berriro ere. Baina Kovar atezainak zapuztu ditu haren eraso ahaleginak. 

Txekiaren gola

Bigarren zatia hasi eta berehala, In-Beomek eta Jae-sun Leek lanean jarri dute berriz Kovar. Baina hark ondo erantzun du. futbolaren patua izan ohi da, ordea, talde edo selekzio batek dituen aukerak baliatzen ez dituenean ordaindu egiten duela, eta hala gertatu zaio Hego Koreari. Izan ere, 59. minutuan Txekiak gola sartu du. Alboko sake luze batean izan da, eta buruz sartu du Krejcik. 

Krejciren erremate bati esker jarri da aurretik Txekia. YONHAP / EFE
Krejciren erremate bati esker jarri da aurretik Txekia. YONHAP / EFE

Gola sartu dioten arren, Hego Koreak ez du burua jaitsi. Aurreikusia zuen plana betetzen segitu du, eta nagusi izaten. Gainera, lehen zatian falta izan zaion eraginkortasuna izan du. Hala, zazpi minutu geroago, neurketa berdindu du, 67. minutuan. Hwangi pase on bat egin diote arean, keinu bikain batekin atzean utzi ditu Txekiako atzelari bat eta atezaina, eta gola sartu du. 

Berdinketa lortu eta gero, gora egiten segitu du Hego Koreak, eta azkenerako saria jaso du. Oraingo honetan, Hwangek pase bikaina eman dio Hyeon Guyri, eta atzetik etorrita gola sartu du 80. minutuan. Hego Koreak merezita lortu du garaipena. Txekiak partida kaskarra jokatu du. Pobrea izan da haren jokatzeko proposamena, eta asko hobetu beharko du hurrengo bi partidetan txapelketan aurrera jarraitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE