Hego Koreako telebistak barkamena eskatu du irekiera ekitaldian erabilitako estereotipoengatik

Besteak beste, Italia pizzarekin lotu zuten; Errumania, Dracularekin; Ukraina, Txernobylekin; Haiti, presidentearen hilketarekin; eta Siria, gerrarekin.

Ukrainako ordezkariak irekiera ekitaldian, alboan Txernobilek zentral nuklearraren irudi bat dutela. RAPHAEL RASHID
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 26a
13:36
Entzun

Tokioko Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldian, Hego Koreako MBC kateak irudi batekin eta esaldi batekin aurkeztu zuen herrialde parte hartzaile bakoitza. Haietako hainbatek, ordea, haserrea eragin dute, estereotipoekin eta harro ez egoteko moduko gertaerekin lotu zituztelako herrialde batzuk.

Raphael Rashid kazetariak hari bat osatu zuen Twitterren azalpenik deigarrienekin. Italia agertu zenean, adibidez, pizza baten irudiarekin aurkeztu zuten herrialdea, eta Norvegia, izokin batenarekin. Errumania azaldu zenean, berriz, Dracula kondearen irudi bat jarri zuten MBCn, eta Ukraina azaldu zenean, Txernobilgo zentral nuklearraren bat.

Deskribapenik eztabaidagarrienak, ordea, arrazoi politikoekin lotutakoak izan dira. Haitin, duela gutxi Jovenel Moise presidentea hil zuen talde armatu batek, eta hala idatzi zuten korearrek: «Egoera politiko ezegonkorra dute, presidentearen hilketak erakusten duen moduan». Antzeko kasua da Siriarena: «Azken hamar urteetan gerra zibil etengabean bizi dira», idatzi zuten.

Ez ziren bakarrak izan. Marshall Uharteetako ordezkariak sartutakoan, gogoan izan zuten AEBek bonba nuklearrak probatzeko erabiltzen zutela herrialdea, eta El Salvador, berriz, bitcoinen irudi batekin aurkeztu zuten.

Olinpiar Jokoen balioak

Twitterreko hainbat erabiltzailek berretsi dute lotura horiek iraingarriak direla. Kateak azaldu duenez, asmoa zen ikusleek ahalik eta azkarren identifikatzea etengabe sartzen ari ziren ordezkaritzak, baina aitortu du «aitzakiarik gabeko akatsa» izan zela.

Gaur egindako prentsaurreko batean, Park Sung-jae kateko presidenteak barkamena eskatu du Olinpiar Jokoen balioak ez dituztelako errespetatu: «Laguntasuna, elkartasuna eta bizikidetza erakusten dizkigute Olinpiar Jokoek», esan du. «Ahal dugun guztia egingo dugu halakorik berriz gerta ez dadin gure katean».

Ez da, ordea, telebista kate horrek antzeko polemika bat izaten duen lehen aldia. 2008an, Pekineko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian, Zimbabwe definitzeko honela idatzi zuten: «Inflazio hilgarria duen herrialde bat da». Eztabaida sortu zuen hark ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.