Helen Obiri eta Rhonex Kipruto Kenya, gaur eta bihar

Bi kenyarrek irabazi zuten Elgoibarko krosa, erakustaldia emanda. Bata izar handia da, eta bestea, etorkizun handiko atleta. Kirol maila handia izan zen, eta jendetza bildu zen Mintxetan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Elgoibar
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kenyak Elgoibar (Gipuzkoa) hartu zuen herenegun. Izan ere, eta 2008az geroztik lehen aldiz, herrialde horretako bi korrikalari nagusitu ziren Juan Mugerza krosean. Bi korrikalari oso ezberdin, gainera. Emakumezkoetan, Hellen Obiri 29 urteko atleta izan zen bizkorrena, palmares harrigarrikoa: 5.000 metroko munduko txapelduna eta olinpiar txapeldunordea, eta proba horretan Diamantezko Ligaren irabazlea 2017an eta 2018an. Gizonezkoetan Rhonex Kipruto 20 urtekoa izan zen onena, junior mailako 10.000 metroko txapelduna, Afrikako kros txapelduna eta hamar kilometroko errepide proben inoizko marka onenetan bigarrenaren jabea (26.46), Leonard Komon herrikideak lorturikoaren atzetik —Komonek hiru aldiz irabazi zuen Elgoibarko krosa—.

«Lasterketak oso onak izan ziren, oso pozik nago ikuskizunarekin», azaldu du Zigor Diez Elgoibarko krosaren antolatzaileak. Egun, Elgoibarkoa da Euskal Herrian jokatzen den krosik garrantzitsuena, IAAFen Lehen Mailako bakarra, eta ia 5.000 pertsona bildu zituen Mintxetako harmailetan. «Oso pozik nago jendeak erantzun duelako; 4.000 pertsonatik gora bildu ginen, iaz baino %25 gehiago. Horiek dira gure helburuak: batetik, Elgoibar munduan ezagun egitea, eta, bestetik, ahalik eta jende gehien gerturatzea krosarekin gozatzera».

Eta gozatu zuten, bai, bi erakustaldi ikusi baitzituzten. Emakumezkoetan, Obiriren eta Beatrice Chepcoechen arteko duelua espero zen. Chepcoech 3.000 metroko oztopoduneko munduko markaren jabea da, eta iaz Diamantezko Liga irabazi zuen. Duelua erraz laburbil zitekeen: 5.000 metroko onena 3.000 metroko onenaren aurka. Eta 5.000koak irabazi zuen. Diezek gustura hartu zuen. «Obirik jende pila bat mugitzen du, mundu mailako izar bat da atletismoan. Obiri Lionel Messi da, onena bere distantzian. Pistako izar handiak ekartzean, baina, askotan ez dakizu nola jokatuko duten, eta Obirik irabazteko gogoa zuela erakutsi zuen». Obirik iltze txikiko zapatilak jantzi zituen, eta bidean lokatz gutxi egoteak lagundu egin zion. 24.39ko markarekin osatu zituen 7.621 metro aldapatsuak. Oso bizi.

Stella Chesang ugandarra izan zen bigarren —4. sailkatua Afrikako Kros Txapelketan—, 20 segundora; Chepcoech hirugarren, 38ra; eta Yasmine Can laugarren, 55era. Can Europako kros txapeldun izan da azken hiru urteetan. Lau izen handi dira: Mugerza krosak aurten diru gehiago inbertitu du emakumezkoen lasterketan gizonezkoenean baino. Euskal atletei dagokienez, Elena Loyo izan zen onena, bederatzigarren, irabazlearengandik 2.45era.

Obiri orainaldia da Kenyako atletismoan; Kipruto, berriz, etorkizuna. Gizonezkoetan, Selemon Barega iazko irabazlea zen faborito nagusia. Baregak 18 urte baino ez ditu, eta jada 10.000 metrokoan inoiz egin diren marka onenen artean laugarrenaren jabea da. Herenegun, baina, ezin izan zion Kiprutoren erritmoari eutsi. Diezek, dena den, bazekien zer egiteko gai zen. «Kenyan ari da lehiatzen eta entrenatzen, eta Europarako bidaia espresuki egin du Elgoibarren lehiatzeko. Martxoan munduko txapelketak daude, eta zirkuitua antzekoa delako etorri da. Kenyan parte hartu duen proba guztietan irabazi du». 2018an nagusitasun handiz izan zen junior mailako munduko txapeldun, eta Elgoibarren ere nabarmendu zen. 32.05ean bukatu zituen 10.796 metroak, Baregaren (32.27) eta Stanley Wathaka Zornotzako kroseko irabazlearen aurretik (32.54).

Laguntzaile eske

Aurtengoa Mugerza krosaren 76. aldia izan da, eta 77.a ere abian da. Diezen ustez, eutsiko diote kirol mailari. «IAAFen badakite nortzuk garen, eta proben lehen maila horretan jarraituko dugu, ziur». Arazoa, dena dena, betikoan ez ezik, dirua lortzea alegia, antolakuntzan dute, laguntzaileak falta zaizkie. Diezek azaldu du: «Boluntarioak behar ditugu: krosean egun batez lan egiteko, astebururako eta baita urte osorako ere. Gogorra da urtero dena azaldu behar izatea». Eliteko atletismoari lagundu nahi dionak Mintxeta atletismo taldera jo dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.