«Gauzak oso estu daude, eta puntuak oso garesti. Larunbatean estropada ona egin genuen, eta igandean biribildu. Oso pozik gaude emaitzarekin, eta, batez ere, egindako lanarekin eta izandako arraunketarekin». Maddi Insausti Hibaikako arraunlariaren hitzak dira. Errenteriarrak zapore gozoarekin itzuli dira Galiziatik. Larunbatean bosgarren egin zuten, eta, atzo, hirugarren. Beraz, zakua puntuz beteta egin zuten etxerako buelta: «Garrantzitsua da puntuak biltzea. Liga luzea da, eta inoiz ez dakizu denboraldia nola bukatuko den».
Lehen txandan lehiatu zen Hibaika, eta atzo Bueun jokatutako estropadan hasieratik izan zen nagusi. Nola izan zen kontatu du Insaustik: «Irteera indartsua egin genuen, eta aurretik jarri ginen. Gusturago egiten da arraun aurretik zoazenean eta gauzak ondo doazenean. Uste dut horrek lagundu zigula gure arraunkera hartzen, eta lortu genuen estropada kontrolatzea eta txanda haustea. Bagenekien, hala ere, hurrengo txandakoekin lehiatu behar ginela. Lanean jarraitu genuen ahalik segundo gehien ateratzeko, eta, azkenean, San Juan eta Astillero atzean utzi genituen. Kantabriarrak justu-justu. Oso pozik gaude».
Aurreko asteburuan ez ziren nahi bezala aritu Madalen ontzikoak, eta Galizian egindako lanak konfiantza eman die. Indartsu daudela erakutsi dute, eta argi du Insaustik: atzeko postuak atzean utzi eta gora begira jarri nahi dute. Bide onean doaz, tartea zabaldu baitute zuloan dauden Zumaiarekiko eta Donostiarrarekiko.
Hala ere, aurkariak indartsu daudela azpimarratu du: «Emakumezkoen arraunak aurrera egin du. Baliteke estropada batean hirugarren egin eta hurrengoan azkena egitea. Segundo gutxian ontzi asko gaude. Oso liga parekatua izaten ari da, eta txanda batetik bestera hain diferentzia gutxi egonda, edozein haize aldaketak edo eguraldi aldaketak eragin handia izan dezake. Ikusteko oso entretenigarria den liga bat egiten ari garela uste dut. Arrauna egiteko oso sufritua, baina, bestela, oso polita».
Talde gaztea
Azken hiru urteotan seigarren postuan bukatu du liga Hibaikak, eta badute gogoa urratsa gora egiteko. Dena den, orain arte lortutakoari ez dio garrantzia kendu nahi: «Azken urteetan aldaketa batzuk izan ditugu, eta berriro egin behar izan dugu blokea. Hori askotan zaila izaten da. Urte dezente daramatzagu mailari eusten, eta baloratzekoa da hori ere. Klubak eta arraunlariok egin dugun lanari esker izan da».
Talde gaztea du Hibaikak: 2000. urtetik gorakoak dira arraunlari guztiak. Hortaz, badute hobetzeko tartea. Hala ere, maila onean ari da trainerua: «Ni iritsi nintzenean gazteena nintzen, eta eskarmentudun arraunlariak zeuden. Haiengandik ikasi nuen. Eta orain, bat-batean, ni naiz zaharrenetakoa. Gaztetasun horrek batzuetan kendu egiten dizu, baina beste batzuetan asko ematen dizu. Gogo handiz datoz. Haiei esker ere bagaude gauden lekuan».
«Argi dugu oinarria etxeko jendea dela. Klubak indar handia egiten du horretan, eta harrobian lan asko egiten du»
MADDI INSAUSTIÂ Hibaikako arraunlaria
Gainera, etxeko arraunlariz josita dago Madalen ontzia, eta hori funtsezkoa dela uste du Insaustik. Klubak harrobian egiten duen lanean egin du azpimarra. «Hori da gure taldearen oinarria. Badaude kanpoko pare bat arraunlari gure estruktura indartzeko, baina argi dugu oinarria gu garela, etxeko jendea dela. Klubak indar handia egiten du horretan, eta orain ere harrobian lan asko egiten du. Bere garaian belaunaldi aldaketa bat egon zen, eta behetik gentozen gazteok oso ondo erantzun genuen. Helburua hori da: harrobia hor edukitzea, zaintzea, eta gu izatea taldearen estruktura nagusia».
Horiek horrela, oso pozik dago taldean Insausti, etxean eta etxekoekin. «Taldeak jarrera lehiakorra du, eta oso gustura gaude egiten ari garenarekin», nabarmendu du. Galizian lortutako emaitzek, gainera, lanean jarraitzeko indarra eta konfiantza eman die. Asmoa, hauxe: sailkapenean gora begiratzea.