Hilaren 24an jokatuko da Euskal Herria Kopako finala

Guardiako Oscar de Marcos zelaian izango da lehia erabakigarria. Finalerdietan Athletic-Eibar eta Reala-Alaves arituko dira aurrez aurre.

Euskal Herria Koparen aurkezpena gaur Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Euskal Herria Koparen aurkezpena gaur Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
2025eko abuztuaren 12a
15:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean hasi eta hilaren 24ra arte luzatuko da Euskal Herria Kopa. Joan den denboraldian Reala izan zen txapeldun, eta Donostiako taldea titulua defendatzen saiatuko da. Garaikurra eskuratzeko helburuz irtengo dira zelaira Alaves, Athletic eta Eibar ere.

Lehiaketako partida guztiak Araban jokatuko dira, eta bi finalerdiak larunbatean izango dira, 19:00etatik aurrera. Athleticek eta Eibarrek Amurrion neurtuko dituzte indarrak, eta Alaves-Reala, berriz, Dulantzin jokatuko da. Hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituen neurketa, berriz, abuztuaren 23an izango da, Dulantzin, arratsaldeko 18:30ean. Eta finala hurrengo egunean, abuztuaren 24an. Azken partida hori Guardiako Oscar de Marcos futbol zelaian jokatuko da, 12:00etan (ETB1), eta bertan jakingo da zein den 2025eko Euskal Herria Kopako garailea.

Mikel Garcia atletak ohorezko sakea egingo du finalean, eta berak jarriko dio txapela irabazleari. Besteak beste, T21 mailan —down sindromea duten kirolarientzat espezifikoa den kategorian— munduko errekorra du Garciak, eta bere kirol ibilbideari «merezi duen aitortza» eman nahi izan diotela azaldu dut EH Kirola elkarteak. Horrez gain, aldarri bat ere egin nahi izan dute EH Kirola elkarteko kideek: «Aitortzaz gain, ekarpen txiki bat egin nahi diogu desgaitasuna duten kirolarien ikusgarritasuna handitzeari, eta, noski, bat egin nahi dugu hurrengo urteetan Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko eskubidea izateko aldarriarekin».

B eta C mailak

Aurreko edizioetan egin moduan, aurten ere B eta C mailetan jokatuko dute talde apalagoek. B mailako lehiaketa Euskal Herriko hiru probintziatan jokatuko dute, eta abuztuaren 23an izango dira bi finalerdiak: Athletic B-Osasuna B partida Urduñan (Bizkaia) izango da, eta Mutrikun (Gipuzkoa) gipuzkoarren arteko derbia jokatuko dute Reala B-k eta Eibar B-k. Hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituen norgehiagoka hilaren 30ean jokatuko da, Garesen (Nafarroa), eta finala, egun berean, Elorrion (Bizkaia) izango da.

C maila, berriz, abuztuaren 15ean hasiko da, eta bi multzotan banatuko da: A multzoan, Athletic C, Artizarra, Bizkerre B, Arratia eta Alaves B arituko dira; eta B multzoan, Añorga, Oiartzun, Oberena, Mulier eta Berriozar. Horiek, liga hasi aurreko asteburuan, beste multzoko kideen aurka jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.