Emakumezkoen traineru estropadek urte gutxian hartu dute indarra, eta, gizonezkoetan bezala, Kontxako Bandera dute lehia preziatuena. Berehala hartu du oihartzuna arraunlarien artean, eta uda hasieran galdetzen bazaie zer daukaten begiz jota, hurrengo bi igandeetakoa aipatzen dute.
Gero, batek bakarrik irabazten du, ordea, eta bat hori esatea bakarra esatea da kasu honetan. Izan ere, lau aldiz lehiatu dira Kontxan, eta lauretan, Galiziak eraman du trapu bordatua etxera. Ezin Euskal Herrian gorde, ezin hemengoek irabazi, nahiz eta baldintza onetan eta sasoi egokian iritsi. Beti galiziarrak nagusi. Horretarako, beraiek onena ematea ezinbestekoa izan da, baina hemengoen artean beti geratu izan da onena eman ezin izanaren irudipena.
Egoera horretan geratu zen Getaria-Tolosa iaz. Sekulako denboraldia egin zuen aurretik, baina Kontxan ezin aurkari indartsua menderatu. Aurten ere bada ordezkari boteretsu bat etxekoen artean: Zumaia. Lan ederra egin dute, Gipuzkoako Liga eta Euskotren liga irabaziz. Iaz getariarrekin eta tolosarrekin bezala, aurten zumaiarrengan daude begiak jarrita. Euskotren ligan menderatu izan dute Galizia, eta horretara aterako dira gaur eta hurrengo igandean.
Zumaiak bi ligak irabazi arren, berdintasuna handia izan da estropadetan, eta horren adierazle dira datu hauek: San Juan gailendu zen Gipuzkoako txapelketan, Getaria-Tolosa Euskadikoan, eta hainbat estropadatan, oso alde txikia egon da denen artean. Gaur ere laurak ariko dira 11:00etatik aurrera, ziaboga bat eta bi luze dituen eremuan.
Eguraldiaren iragarpena ikusita, berdintasunarekin segitzeko baldintza guztiak betetzen dira. Estu joan daiteke gauza. Baina kontuan hartu beharrekoa da Kontxako Bandera berezia dela, eta buruak ere lan handia egiten duela arraunlarien artean. Bakoi- tzak berea emanez gero, paretsua izateko osagaiak daude, hala ere.
Aurreko estropadak aztertzen hasita, argi dago Zumaiak brankaz jotzen duela indartsu. Horretan onena da, eta besteek heldu beharko diote aurreneko luze horretan. Gero, bigarrenean, berdindu egin izan dira gauzak orain arte, eta joera horri eusten badiote gaur, aurreneko luzea izan daiteke erabakigarria. Hala izan edo ez izan, beste modu batean izan edo ez, beste aukera bat dute aurten ere Euskal Herriko traineruek Kontxako Bandera lehen aldiz irabazteko. Beti egoten da gauzak gertatzeko aurreneko aldia.
Arrauna. Kontxako Bandera
Hiru aukera daude Galiziari bandera aurrenekoz kentzeko
Emakumezkoetan, lehen jardunaldia baliatu nahi dute Zumaiak, San Juanek, eta Getaria-Tolosak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu