Zoriak hala erabakita, gizonezkoetan, hiru derbi jokatuko dituzte Espainiako Kopako lehen kanporaketan: elkarren aurka arituko dira Anaitasuna eta Alaves, Pamplona eta Eibar, eta Portugalete eta Real Union. Alde handia dago batzuen artean, baina ez hainbestekoa besteen artean. Espainiako Lehen Mailan ari da Alaves, eta Gipuzkoako Ohorezko Mailan Anaitasuna. Hau da, bost maila daude baten eta bestearen artean. Pamplona, berriz, Federazioko Hirugarren Mailan ari da, eta Bigarren Mailan Eibar. Beraz, hiru maila gorago dago Gipuzkoako taldea. Kontrara, koxka bat baino ez dago Portugaleteren eta Real Unionen artean. Federazioko Bigarren Mailan ari da Portugalete, eta Federazioko Lehen Mailan Real Union.
Horiek horrela, Alaves, Eibar eta Real Union dira kanporaketa gainditzeko faboritoak. Anaitasunak eta Pamplonak maila handiko taldeak izango dituzte parean, baina saiatuko dira gozatzen eta ezustekoa ematen. Portugalete, berriz, Real Union estu hartzen saiatuko da, zaleen bultzadarekin. Urriaren 27an, 28an eta 29an jokatuko dituzte neurketak.
Zailena Anaitasunak izango du, baina pizgarria da parean gorenean ari den euskal talde bat izatea, eta ilusioz jokatuko dute partida. Anaitasuna Errioxako Tedeon taldea kanporatuta sailkatu da Koparako. Aise lortu du aurrera egitea: 5-0 irabazi zuen etxean, Txerloian, eta 2-5 kanpoan. Gainera, Gipuzkoako taldeak urte gutxian bigarrenez jokatuko du Kopa, 2020an ere aritu baitzen. Getaferen aurka jokatu zuen, eta 1-2 galdu zuen. Ikuslerik gabe jokatu zen neurketa hura, pandemia zela eta. Beraz, zaleek gogoz hartuko dute Alavesen kontrako lehia. Arabarrek iaz ere derbia jokatu zuten Kopako lehen kanporaketan. Getxo izan zuten aurkari, eta nagusitasun handiz irabazi zien: 0-7.
Euskal Herriko beste zazpi taldek jokatuko dute Kopako lehen kanporaketa. Alavesez gain, Lehen Mailako beste bi euskal talde ariko dira: Osasuna eta Athletic. Nafarrek Zaragozako Calatayud taldea izango dute aurkari, eta Athleticek oraindik ez daki ziur noren aurka jokatuko duen. AE Prat-San Rafael kanporaketaren irabazlea izango du kontrario. Joanekoan 1-5 irabazi zuen Kataluniako AE Prat taldeak, eta igandean ziren jokatzekoak itzulerako neurketa, baina atzeratu egin behar izan zuten, eguraldiagatik. Dena den, dena ondo bidean, AE Prat taldea izango da zuri-gorrien aurkaria, zaila baita 1-5eko emaitza iraultzea.
Sestaok ere Lehen Mailako talde bat izango du aurkari: Espanyol. Hauek dira beste lau euskal taldeek jokatuko dituzten kanporaketak: Peña Sport-Huesca, Tudelano-Zaragoza, Reus-Barakaldo eta Amorebieta-Logroñes.
Realak otsailean Espainiako Superkopa jokatuko duenez, ez da ariko Kopako lehen bi kanporaketetan, eta final-hamaseirenetan ekingo dio lehiari.
Emakumezkoetan, berriz, hirugarren kanporaketa zozkatu dute: Alavesek Cacereño izango du aurkari, Eibarrek Levante, eta Osasunak Logroño. Osasunak 0-1 irabazi zion Huescari bigarren kanporaketan, eta Alaves eta Eibar orain batuko dira txapelketara. Osasunak etxean jokatuko du, eta Eibarrek eta Alavesek kanpoan. Azaroaren 3an, 4an eta 5ean izango dira partidak. Hurrengo kanporaketan batuko dira lehiara Reala eta Athletic.
KOPAKO ZOZKETA
Lehen kanporaketa (G)
Calatayud-Osasuna
Anaitasuna-Alaves
AE Prat-San Rafael kanporaketaren irabazlea-Athletic
Sestao-Espanyol
Pamplona-Eibar
Peña Sport-Huesca
Tudelano-Zaragoza
Reus-Barakaldo
Amorebieta-Logroñes
Portugalete-Real Union
Hirugarren kanporaketa (E)
Levante-Eibar
Osasuna-Logroño
Cacereño-Alaves