Hiru, kolpe batean

Athletic gaur hasiko da lanean. Lezaman izango dira orain arteko hiru fitxaketak: Eneko Boveda, Javier Eraso eta Gorka Elustondo

Javi Eraso, Gorka Elustondo eta Eneko Boveda, baloi bat heltzen, atzo, Ibaiganeko jauregian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Aurkezpen jendetsua egin zuen atzo Athleticek. Hiru jokalari aurkeztu zituen: Eneko Boveda (Bilbo, 1988), Javi Eraso (Iruñea, 1990) eta Gorka Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1987). Hiru jokalariok dira gaur-gaurkoz, talde zuri-gorriak sasoi honetarako egin dituen fitxaketak. Hirurak Lezaman izango dira gaur, 10:30ean geratu baitira lehen taldeko jokalariak denboraldi-aurreari ekiteko.

Jakina zen Bovedak eta Erasok Athleticen jokatuko zutela. Ez, ordea, Elustondok elastiko zuri-gorria jantziko zuenik. Realeko jokalari ohiak asteartera arte zuen kontratua talde txuri-urdinarekin, eta hain zuzen ere, epe hori bukatuta egin du ofizial Athleticek haren fitxaketa. Bi sasoirako sinatu du, Bovedak eta Erasok baino urtebete gutxiago.

Beasaindarrak ia bizitza osoa egin du Realean. Azken bederatzi sasoietan lehen taldeko kide izan da, eta 225 partida jokatu ditu, gehienak erdilari moduan. Haren jardunak gorabehera asko izan ditu, hamaika aldiz egon baita min hartuta. Azken sasoietan, gainera, hainbat zaleren jomugan izan da. Horrek ere izango zuen zerikusirik Donostia uzteko. «Azken sasoia arraroa izan da. Azken unera arte ez zuen Realak interesa azaldu, baina erabakia nuen joatea. Athleticen gisako talde batean egotea ohorea da. Nire onena ematen saiatuko naiz».

Boveda eta Erasorentzat egun berezia izan zen atzokoa, berriro jantzi baitzuten Athleticen elastikoa. Biek dute iragan zuri-gorria. Boveda 11 urterekin iritsi zen Lezamara, eta bertan egon zen hamarkada luze batez, 2011ko udan, aukera bila Eibarrera joan zen arte. Tartean debuta ere egin zuen lehen taldearekin, 2009ko apirilean. Azken lau urteetan, berriz, Eibarren aritu da. Inork ez dio itzalik egin defentsako eskuin hegalean. 140 partida baino gehiago jokatu ditu. «Miretsi egiten ditut bai Andoni [Iraola], bai Oscar [De Marcos]. Erronka honi aurre egiteko ardura dut».

Bovedaren bide bera egin du Javi Erasok. Athleticeko harrobiko taldeetan makina bat partida jokatu ondoren, Lezama uztea erabaki zuen orain bi urte, Leganesera joateko. Eta han jauzia eman du. Asier Garitanorentzat funtsezko jokalaria izan da. 81 partida jokatu ditu,euskarrian eta punta-erdian. Bi postuetan erakutsi du gol sena. Hamasei gol sartu ditu. «Mesede egin dit Lezamatik irten eta Leganesen jokatzeak. Entrenatzeko eta lan egiteko irrikan nago. Prest nago».

Athleticeko hiru jokalari berriek Josu Urrutia presidentea izan zuten ondoan. Urrutiak esan zuen teknikarien arabera hiru jokalari hauek hobetu egiten dutela taldea. Elustondoz esan zuen «postu bat baino gehiagotan» joka dezakeela; Bovedaz eta Javi Erasoz, berriz, «aurrerapausoa» eman dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.