ESPAINIAKO VUELTA

Hirutik hiru Degenkolbek

John Degenkolbek irabazi du Espainiako Vueltako 7.etapa. Orain arte esprintean amaitu diren hiruak irabazi ditu. Elia Viviani izan da bigarren, eta Allan Davis, hirugarren.

2012ko abuztuaren 24a
19:29
Entzun

John Degenkolbek (Argos) irabazi du Espainiako Vueltako 7. etapa —Huesca eta Alcañiz (Motorland) artean, 164,2 kilometro—. Itzuli honetan eskuratzen duen hirugarrena da; hiru esprint, hiru garaipen. Elia Viviani (Liquigas) eta Allan Davis (Orica) izan ditu atzetik.

Azken kilometroak Motorland moto-zirkuituan egin dituzte. Skyk airean eraman du pelotoia, 60 kilometro ordukoko abiaduran. Zatiketak gertatu dira, baina, azkenerako denak batu, eta esprint luzea izan da, gogorra. Degenkolbek potentziaz gain, erresistentzia ere baduela erakutsi du. Vivianiren aurreko gurpila ez du urruti izan azkeneko metroetan.

Joaquim Rodriguezek (Katuxa) jarraitzen du lider.

Javier Aramendia (Caja Rural), Frantisek Rabon (Omega), Bert Lindeman (Vacansoleil) eta Pablo Lechugak (Andalucia) osatu dute eguneko ihesaldia. 3. kilometroan ihes egin dute, eta helmugatik 15 kilometrora harrapatu ditu tropelak. Rabonek azken saiakera bat egin du, baina hutsala gertatu da esprinterren taldekideen joari aurre egiteko.

Helmugatik bederatzi kilometrora, berriz, erorikoa izan da pelotoiaren erdialdean, eta hainbat txirrindulari lurrera joan dira; tartean ziren Nairo Quintana (Movistar), Tiago Machado edota Linus Gerdemann (Radioshack). Haren ondorioz Andrew Talansky (Garmin) edota Rigoberto Uran (Sky) atzean geratu dira; lehenak taldekideen lanari esker berriz ere talde nagusira itzultzea lortu du, baina Uranek 1.09 minutu galdu du helmuga marran.

Bihar 8. etapa korrituko dute txirrindulariek —Lleida eta Andorra (Gallina gaina) artean, 174,7 kilometro—. Lehenengo mailako mendatean amaituko da etapa. Aurrez, helmugatik 15 kilometro ingurura, Cornella bigarren mailako mendatea izango dute.

Etapako sailkapena

1. John Degenkolb (Argos). 3.48.30.
2. Elia Viviani (Liquigas). d.b.
3. Allan Davis (Orica). d.b.
4. Nacer Bouhanni (Fdj). d.b.
5. Daniele Bennati (Radioshack). d.b.
6. Gianni Meersman (Lotto). d.b.
7. Dennis Van Winden (Rabobank). d.b.
8. Jose Joaquin Rojas (Movistar). d.b.
9. Lloyd Mondory (Ag2r). d.b.
10. Ben Swift (Sky). d.b.

Sailkapen nagusia

1. Joaquim Rodriguez (Katuxa). 25.53.04.
2. Chris Froome (Sky). 10era.
3. Alberto Contador (Saxo). 36era.
4. Robert Gesink (Rabobank). 54ra.
5. Alejandro Valverde (Movistar). 54ra.
6. Nicolas Roche (Ag2r). 1.04ra.
7. Bauke Mollema (Rabobank). 1.12ra.
8. Daniel Moreno (Katuxa). 1.17ra.
9. Juan Jose Cobo (Movistar). 1.34ra.
10. Sergi Luis Henao (Sky). 1.39ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.