Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Historia egiteko prest

Athleticek Europako lehiaketa bateko lehen titulua irabazi nahi du gaur Bukaresteko Estadio Nazionalean (20:45, Tele5)Iker Muniain osatu egin da, eta hamaikako indartsuena zelairatuko du Marcelo Bielsak

jon eskudero
Bukarest
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Erne, Bukarest. Erne, Euskal Herria. Egun handia izan daiteke gaurkoa Athleticentzat. Handia baino gehiago: historikoa. Ametsak bata bestearen atzetik betez joan dira zuri-gorriak Europako Ligan, baina azken pausoa ematea falta da. Ametsetan jarraitu eta koparekin esnatzea da helburua. Ia bederatzi hilabetez osatutako menu ederrari ginga jartzea falta da. Baina ez da batere erraza izango, Atletico Madril talde sendoa eta esperientzia handikoa delako. Dena den, inork futbolzalerik maitemindu badu, hori Athleticek egin du; beraz, zilegi da gabarra ateratzean pentsatzea.

Izango ez da, bada, zilegi. Marcelo Bielsaren etorrerak ilusioa piztu du Bilbon. Baina ilusiorik handiena zuenak ere nekez pentsatuko zuen taldea hain urrutira iritsiko zenik. Bada, ailegatu da, eta ondo merezita, gainera, bidean izen eta izan handiko taldeak kanporatu baititu. Bielsak, ordea, zera esan du azken egunetan, finalak irabazteko direla eta ez jokatzeko. Ez du arrazoirik falta. 11.000 zale zuri-gorri izango ditu taldeak Estadio Nazionalean laguntzen, eta begira, berriz, beste milaka. Beraz, gaur bihotzak alaitzea tokatzen da. Eta negar malkoek lekua izango badute, garaipenaren emozioagatik izan dezatela. Hutsik egin ezin diren egun horietakoa da gaurkoa. Urrezko lerroetan soilik garailearen izena agertzen da. Lehoiak kosk egiteko ordua da, eta bi besoak gora altxatzekoa.

Hasiera batean ez dago inolako aitzakiarik. Izan ere, hamaikakorik indartsuena zelairatuko du Bielsak. Egia da denboraldi osoan aldaketa gutxi egin dituela, baina azken partidetan kosta egin zaio gustuko jokalariak zelaian ikustea. Atletico Madrilek ere ohiko jokalariak zelairatuko ditu, nahiz eta Tiago zigortuta dagoen. Ez dirudi horren faltak asko baldintzatuko duenik Diego Simeoneren nahia. Beraz, guztiaren gainetik futbol dotoreko eta gol askoko finala izatea espero da.

Golaren usainean ibiliko den bat Muniain izango da, nahiz azken egunetan kili-kolo dabilen. Giharretako arazoak ditu nafarrak, eta azken bi partidetan ez du parte hartu. Gaur, hala ere, jokatzeko moduan egongo da. Ondo, gainera. Berak aitortu duenez, arazoa erabat gainditua du, eta fresko iritsiko da. Haren parte hartzea ezinbestekoa da, Amorebietarena bezala. Hura ere min hartuta egon da azkenaldian, baina ez du huts egingo sasoiko orain arteko lehiarik garrantzitsuena.

Llorente vs Falcao

Ezaugarri ezberdineko bi talde ariko dira norgehiagoka. Athleticek baloiarekin jokatzea du gustuko, presioa goian egitea eta aukera asko sortzea. Atletico Madrilek, ordea, kontraerasoan jokatzea. Halako aurkariek deseroso sentiarazi dituzte zuri-gorriak orain arte, eta erne jokatu beharko dute. Atzean zulorik utzi gabe, alegia. Izan ere, Falcao da Madrilgo taldeko izarra. Jokoan ez du asko parte hartzen, ez da asko azaltzen, baina azaltzen denean gola sartzen du. Javi Martinezek izerdia latz bota beharko du aurrelari kolonbiarra geratzeko.

Bada, beste aldean ere antzeko zerbait gertatuko da. Llorente da Athleticeko lehoi nagusia, azken boladan ondo jokatzen ari da eta, Godin Atletico Madrileko jokalariak esan bezala, errioxarra areatik urrun edukitzen ahaleginduko dira. Garrantzitsua izango da, beraz, aurrelarien alboan jokatzen duten jokalarien lana. Adrian konfiantzaz gainezka dago, eta Juanfranek ere jokaldi bikainak egiten ditu eskuin hegaletik. Hori saihesteko, zelai erdian nagusitzea ezinbestekoa izango da. Herrerak eta Iturraspek baloia kontrolpean behar dute. Herrerak ondo jokatzen duenean Athleticek ondo jokatzen du. De Marcosen sakontasunak asko laguntzen du, eta Susaeta ikaragarri hazi da urtebeteren bueltan. Athleticek denboraldiko partida guztietan hartu du parte eibartarrak, eta Bielsak haren uste osoa dauka. Gaur ere ezinbestekoa izango da haren bizitasuna eta erritmoa.

Egia da partida andana jokatu dituztela Athleticeko jokalariek, baina gaurko partidara fresko ailegatuko dira. Sasoiko 61. neurketa izango dute. Atletico Madrilek, berriz, 57.a. Nekea baino garrantzitsuagoa izango da, ordea, esperientzia. 2009an Espainiako Kopako finala jokatu zuten bost jokalari izango dira gaur hasieratik: Iraizoz, Javi Martinez, Iraola, Amorebieta eta Llorente. Hortaz, esperientzia handirik gabeko talde bat zelairatuko du Bielsak. Gehienentzat bizitzako partidarik garrantzitsuena izango da, eta beteranoei lasaitasuna transmititzea egokituko zaie. Burua beharrezko tresna da halako finaletan. Are gehiago kontuan izanda aurrean hainbat azeri zahar daudela. Askok badakite zer den Europako Ligako finala jokatzea eta irabaztea.

Kale edo bale egiteko garaia da. Edo historia egin, edo ez egin. Bi aste barru beste final bat izango dute zuri-gorriek, baina esperantzak gerorako ez uztea hobea da. Athletic lehertzeko prest dago. Estadio Nazionalak du azken hitza. Gero eta gutxiago falta da Wolfgang Stark epaile alemaniarrak partidari hasiera eman diezaion.

Berria.info-k finalaren zuzeneko kontakizuna egingo du gaur, 20:30etik aurrera:

www.berriketan.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.