Hiru egun baino ez dira falta egun seinalaturako. Euskal Herriko selekzioak Eslovakiaren aurkako partida jokatuko du larunbatean, Anoeta estadioan (16:30). Taldeak atzo egin zuen lehen entrenamendu saioa, Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi hautatzaileen aginduetara. Jokalariak beraiek ere atzo bildu ziren lehen aldiz denak elkarrekin. Etzi, partida bezperan bilduko dira berriz, azken lan saioa egiteko.
Kirol ikuspuntutik begiratuta, Etxeberriaren esanetan, «partida historikoa izango da» larunbatekoa. «Kutsu berezia du jokaleku berezi batean, Anoeta estadioan, lehen aldiz horrelako partida bat jokatzeak». Ilusioz eta pozik hartu omen zuten hautatzaileen deia jokalari guztiek. «Gure ustez, Euskal Herriko jokalari onenak direnak aukeratu ditugu, eta haien erantzuna oso ona izan da. Oso pozik eta gustura erantzun diote gure deiari, eta ilusio handiz hartuko dute parte neurketa honetan». Ez da harritzekoa, izan ere, Juaristiren arabera, «sari handi bat da» halako partida jokatzeko aukera izatea.
Deitutako jokalariek ez dute sekula selekzio moduan jokatu, eta erronka berezia izango da alde horretatik ere Eslovakiaren aurkako partida. Duela aste batzuk egin zuten deialditik, ordea, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte hautatzaileek, «arazo teknikoek» hala behartuta. Bartzelonako Marta Unzue erdilariak eta Laura Gomez atzelariak ezin izango dute jokatu. Horien ordez, beste bi jokalari deituko dituzte. Amaia Olabarrieta Athleticeko erdilaria, berriz, min hartuta dago, eta Marta Docando Atletico Madrileko jokalaria ariko da haren lekuan. Etxeberriak eta Juaristik 22 jokalari inguruko zerrenda osatu nahi dute.
Helburuak ere argi dituzte bi hautatzaileek. «Zelaitik kanpora, gure helburua ahalik eta jende gehiena animatzea da. Gero, zelai barruan, beste helburu nagusi bat izango dugu: gure maila erakustea, Euskal Herriko jokalariek duten maila erakustea». Garrantzitsua izango da etorkizunean neurketa gehiago jokatzen badituzte, haiei begira. Zaleen aldetik ere harrera beroa espero dute jokalari, hautatzaile eta partidaren antolatzaileek. Kontseiluak, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak eta Euskal Herria Kirolak «20.000 zale inguru» espero dituzte. Jon Esturo antolatzaileetako baten arabera, partida irabazi nahi dute, «hurrengo urtean selekzio hobe baten kontra aritzeko, eta Euskal Herriko emakumezkoen selekzioak munduan lekua izateko, lehenengo 30 taldeen artean ahal bada».
FIFA sailkapeneko 39. taldea da Eslovakia. Hari buruz «ezer gutxi» dakitela aitortu zuten bi hautatzaileek. Partidako lehen mintuetan jakingo dute haren benetako maila eta jokoa zein diren. Halere, Etxeberriaren esanetan,«talde berezia da, nazioartekoa, Europan dabilena. Partidari beste puntu bat emango dio horrek. Ez dugu zalantzarik bere mailarik onena emango due- la».
Ereserkiaren grabaketa, gaur
Gaur gauean grabatuko dute neurketa hasi aurretik entzungo den ereserkia. Herenegun jakin zen Txanton piperri opera doinua izango dela Euskal Herriko futbol selekzioaren himnoa. Hemendik aurrera, gizonezkoen zein emakumezkoen selekzioak jokatuko dituen partida guztien aurretik kantu hori entzungo da. Antolatzaileek, dena den, abestiaren letra moldatu egingo dute. Semeak hitzaren ordez, seme-alabak erabiliko dute, bi selekzioei erreferentzia egin ahal izateko.
«Historikoa izango da»
Etxeberria eta Juaristi Euskal Herriko selekzioko hautatzaileek diote «sari handia» dela larunbateko partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu