Bihurria da Bermeoko eremua. Batetik, itsasoan arraun egitea zaila delako, eta, bestetik, asko egoten delako jokoan: maila nagusian aritzea. Gaurkoan itsasoa lasai zegoen, eta arraunlarientzat giro egokia zen lanerako.
Deustuk egin du denborarik onena Eusko Label ligako kanporaketetan, eta Hondarribia gailendu da Euskotren ligakoan. Osertz Aldaik zuzendutako taldeak ezustekoa eman du. Hasieratik ongi ekin diote estropadari, eta atzetik aurrera egin dute.
Hondarribiarekin batera, Zarautz, Donostiarra eta Tiran aritu dira lehian. ETE ligan aritu dira denboraldi honetan Hondarribia eta Zarautz. Bertako hurrenkeran izan dira sailkapenean; izan ere, Hondarribia izan zen liga horretako txapelduna, eta Zarautzek egin zuen bigarren. Hala ere, dena zabalik da biharko. Hondarribiak hondamendia beharko luke mailaz ez igotzeko, baina Donostiarraren eta Zarautzen artean lehia bizia izango da biharko estropadan. Tiran, aldiz, aukerarik gabe geratu da.
Estropada hasieran estu ibili dira lau ontziak. Tiranek lehen luzearen amaieran galdu du denbora, eta, ondorioz, gainontzeko hiru taldeen artean izan da lehia. Donostiarrak ez du egun ona izan. Hirugarren luzetik aurrera, gainontzeko aurkariak baino atzerago joan da, eta ez du lortu egoerari buelta ematea. Faborito zen Ibon Urbietak zuzendutako taldea, baina ez du bere maila ematea lortu.
Hondarribia bikain aritu da hasieratik amaierara arte, eta Kontxako Banderako kolpea ahaztuta bikain ekin die kanporaketei. Osertz Aldai entrenatzaileak Isuntzako gizonezkoen trainerua utzi, eta herriko emakumezkoen traineruaren ardura hartu zuen, eta erabakia ona izan zela ikusi da gaur. Pozik hitz egin du Miren Garmendia patroiak: «Helburua lortu dugu. Bihar lasaiago irtengo gara, baina hutsetik hastea bezalakoa izango da».Â
Eusko Label ligan, berriz, erakustaldia egin du Deustuk. Aitor Alzibarrek zuzendutako taldeak ligan erakutsitako nagusitasuna berretsi du, eta bikain aritu da hasieratik. Bilboko ontziarekin batera, Zarautz, Ares, Cabo eta Tiran aritu dira. Cabo eta Tiran Galiziako Ligan aritu dira, eta atzean geratu dira hasieratik. Cabok eta Tiranek igotzeko aukera ia guztiak galdu dituzte, eta gainontzeko hiru taldeen artean izango da lehia.

Denboraldian zehar, Deustuk itsasoan hobetzea desio zuen. Hasieran, Zarautz eta Ares parean izan ditu, baina ondoren txikitu egin du kronometroa. Hirugarren luzetik aurrera, baina, tarte handia zabaldu du, eta orduan hasi da amesten Tomatera ontzia. Bermeon osatu dituzte entrenamendu batzuk, eta erakutsi dute baliagarriak izan direla.Â
Zarautz eta Aresen artean, aldiz, hiru segundoko aldea baino ez da egon, eta hemen ere guztia zabalik izango da biharko. Iker Gimeno Deustuko patroiak gustura hitz egin du: «Hiru aste zoragarri izan dira. Ez nuen zalantzarik taldearen mailaren inguruan, eta gaur ere bikain aritu gara».
Bihar erabakiko da dena, Portugaleten (Bizkaia), 11:25ean hasita (ETB1).Â