FUTBOLA

Hutsetik abiatzeko prest

Athleticek ez dio baldintzarik onenetan ekingo ligari gaur, Sevillaren aurka. Denboraldiaurrean eskas aritu dira zuri-gorriak, emaitza eta joko aldetik, baina lesioak izan dira albiste txarrena. Dena den, ilusioz eta baikor dago taldea.

Ernesto Valverde, aste hasierako entrenamendu batean. JAVIER ZORRILA / EFE
Ernesto Valverde, aste hasierako entrenamendu batean. JAVIER ZORRILA / EFE
jon eskudero
2025eko abuztuaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datuei erreparatuta, Athleticek egin duen denboraldiaurrea ez da batere ona izan. Zazpi lagunarteko jokatu ditu, eta bakarra irabazi. Jokoan azaldutako sentipenak ere ez dira onak izan. Zelaitik kanpo, bulegoetan ere uda mugitua izan da: Nico Williamsen inguruko auzia, Yeray Alvarezen positiboa, hainbat jokalariren lesioak... Kontuak kontu, lasaitasuna da nagusi klub zuri-gorrian. Ilusioz beteriko sasoi bati ekiteko prest da Ernesto Valverderen multzoa, eta, nahiz eta nahi bezain ondo ailegatu ez, hutsetik abiatuko da gaur, San Mamesen, Sevillaren aurka (19:30, DAZN).

1. Garaipen bakarra

Hamar urteren ondoren, berriro Txapeldunen Ligan lehiatuko da Athletic. Azkenekoz 2014an lortu zuen sailkatzea, Valverderen gidaritzapean orduan ere, eta berriz Europako talde onenen aurka lehiatzea erronka galanta izango da zuri-gorrientzat. Denboraldiaurreko prestakuntzan horretan zentratu da kluba, eta neurri handiko aurkariak izan ditu tartean. Emaitzek dezepzioa eragin dute zaleen artean. Zazpi lagunartekoetatik soilik lehena irabazi zuten zuri-gorriek, Ponferradinaren aurka: 1-0. Gainerako seiak galdu egin dituzte: Alaves (1-0), Racing (2-1), Liverpool (4-1 eta 3-2), PSV (2-1) eta Arsenalen aurka (3-0). Emaitzak gutxienekoa dira denboraldiaurre batean, baina sentipenak ere ez dira oso onak izan. Jokalari gehienak ez dira ohi bezain ondo aritu, batez ere erasokoak. Valverdek probak egin ditu zenbait postutan, eta egokitu ezinik ibili dira hainbat zuri-gorri. Orain arteko bi fitxaketek ere ez dute ekarpen handirik egin: Jesus Aresok eta Robert Navarrok.

2. Luis Prietoren etorrera

Besteak bestek, arlo fisikoa izan ohi da Athleticen indargune nagusietako bat, eta fisikoki ahul samar ibili da bat baino gehiago: Williams anaiak, kasurako. Presioa egin eta baloiak errekuperatzeko lanean Valverderen taldea nahi eta ezin ari zela sumatu da. Arlo fisikoari dagokionez, lantaldean aldaketa garrantzitsu bat egin du entrenatzaileak, Luis Prieto jokalari ohia fitxatu baitu. Helburu bakarra izan du: taldea fisikoki fin egotea denboraldi osoan. Iragan sasoiko esperientzia gogoan, jokalari asko larri iritsi ziren denboraldi amaierara. Esaterako, Europa ligako finalerdietako itzulerakoan jokalari on asko min hartuta eduki zituen Valverdek, Manchester Unitedi aurre egiteko: Sancet, Vivian, Williams anaiak...

Garai erabakigarrira herren iritsi zen Athletic, eta, kontuan izanda sasoi honetan ere 50 partidatik gora jokatu beharko dituela, ezinbestekoa izango da arlo fisikoa ongi kudeatzea. Multzo osoari zukua atera beharko dio entrenatzaileak, eta Luis Prietok ere izango du lana, lesioekin zorterik ez baitute izan zuri-gorriek. Unai Egiluzek lotailu gurutzatua hautsi berri du, eta Beñat Prados, Unai Gomez eta Oihan Sancet ere ez dira izango lehen partidetan. Sancet osasuntsu egotea ezinbestekoa izango da taldearen bilakaeran.

3. Laporteren zain

Ziurrenik, defentsako lerroan beste fitxaketa bat egingo du zuzendaritzak, eta Aymeric Laporteren izena ageri da mahai gainean. Yeray Alvarezek positibo eman ondoren, ezjakintasuna da nagusi, ezin baitaiteke jakin jokatzerik izango duen sasoi honetan. Ondorioz, soilik lehen taldeko bi jokalari ditu Valverdek postu horietan: Vivian eta Aitor Paredes. Badirudi Laportek hanka eta erdi Athleticen duela, baina luzatzen ari da kontua. Jokalariak arazoak ditu Al Nassr egungo klubetik irteteko. Hilaren 31n amaituko da udako merkatua, eta azken egunetara arte edozer gauza gerta daiteke. Laporte Lezamara iritsiko balitz, Athleticek inoizko talderik onena izango luke zale askoren ustez. Baina jakina da lehen jardunaldietan defentsa lerroa osatzeko arazoak izango dituela taldeak.

4. Gaizki hastea, ohitura

Denboraldiaurre eskasak egitea ohitura bilakatu zaio Athletici. Baita ligari gaizki ekitea ere. Datuei erreparatuta, taldeari kosta egiten zaio lehen jardunaldian irabaztea. Ligako lehen partida azkenekoz irabazi zuenekoa gogoratzeko 2019ra jo beharra dago. Aritz Adurizek Bartzelonari sartu zion gol historiko hartatik, bilbotarrek ez dituzte hiru puntuak batu ligako lehen partidan. Sei urte dira, beraz. 2020-21eko denboraldian, Athleticek 2-0 galdu zuen Granadan ligako estreinakoan. Hurrengo sasoian Elxen aritu zen, eta hutsean berdindu zuen. Azken hiru urteetan San Mamesen ekin dio lehiari, baina emaitza onik gabe. 2022-23koan, hutsean berdindu zuen Mallorcaren aurka; hurrengo denboraldian 0-2 galdu zuen Real Madrilen kontra; eta iragan sasoian 1-1ekoarekin konformatu behar izan zuen Getaferen aurrean. Azken 25 urteak kontuan hartuta, soilik zazpi aldiz irabazi dute bilbotarrek ligaren estreinakoan.

Valverde bera ez dago datu triste horretatik salbu. Bederatzi aldiz eseri da Athleticen aulkian denboraldi hasiera batean, eta soilik garaipen bakarra du poltsikoan: 2013-14an lortua, Valladoliden etxean (1-2). Gainerako zortzi partidetan hiru berdinketa eta bost porrot jasan ditu. Horregatik, gaur Sevillaren aurkako partida begiz joa du entrenatzaileak. Espainiarrak arazoak dituztela helduko dira Bilbora, hainbat jokalariri ligan izena eman ezinda baitabiltza, baina, azken urteei begiratuta, Athleticek hobe du ez fidatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.