Kopan ezustea emateko ilusioz kantxaratu da gaur IDK, baina ez da posible izan. Galdu egin du final-laurdenetan Zaragozaren aurka, eta lehiaketatik at geratu da. «Konfiantzaz» zeuden Azu Muguruzak zuzendutakoak, baina parean ez zuten nolanahiko aurkaria: Zaragoza, ligako lehen postuan dagoen taldea. Saiatu dira aurre egiten, baina ez dute lortu: 71-61 bukatu da neurketa. Hala, IDK-k nahi baino lehenago agurtu du Kopa.
Dena den, lehiakor hasi du neurketa IDK-k, eta komeni zitzaion erritmoa ezarri dio partidari. Pareko aritu dira bi taldeak lehen laurdenean, eta horixe islatu du markagailuak ere: 12-13 amaitu da. Kontuan hartu behar da ligan batez beste puntu gehien sartzen dituen taldeetako bat dela Zaragoza. Hala ere, donostiarrak gai izan dira aurkaria geldiarazteko.
Bikain ekin diote hurrengo laurdenari ere. Itxura ona ematen ari zen IDK, baina ez du lortu kontrolari eustea, eta partida joan-etorrikoa izaten hasi da. Orduan, pixkanaka, Zaragoza nagusitu da. Hobeto aritu dira, azkartu egin dute jokoa, eta erabat aldatu da panorama: donostiarrak 21-26 aurretik zihoazen hasieran, eta 37-30 atzetik jarri dira gero. Defentsan oldarkorrago aritzeko eskatu die jokalariei Muguruzak.Â
Ezin
Atsedenalditik bueltan, ordea, jaurtiketetan asmatu eta asmatu hasi da Zaragoza, eta ihes egitea lortu du. Hautsi egin da partida. Erraztasun gehiegi eman ditu IDK-k, eta garesti ordaindu du. Aurkariak ondo baliatu ditu donostiarrek egindako huts guztiak, kontraeraso azkarren bidez, eta errebotean ere biziago ibili dira. Horiek horrela, 57-41 jarri dira.Â
Azken laurdena zuen aurretik IDK-k partida iraultzen saiatzeko, baina, egiari zor, oso zaila zirudien. Eta ez du lortu. Robinson ez da eroso aritu partidan, eta haren falta sumatu du taldeak. Kopa irabazteko faboritoa da Zaragoza, eta erakutsi du zergatik. «Halako taldeen aurka erlaxatzen bazara, zigortu egiten zaituzte», adierazi du partida bukatutakoan Roso Buch jokalariak. Azkenean, 71-61 amaitu da; ez da posible izan.Â