Ados Pilota klubak prest du San Fermin torneoaren bosgarren ekitaldia: igandean hasiko da, Urrotzen (Nafarroa), eta uztailaren 10ean bukatu, Iruñeko Labrit frontoian. Urtero legez, pilotariak lau eta erdian eta binaka ariko dira. Lau pilotarik jokatuko dute banaka: Maddi Barrokalek, Ane Mendiburuk, Leire Oskozek eta Natale Aranburuk. Ligaxka jokatuko dute, eta lehen bi sailkatuak finalean ariko dira uztailaren 5ean, Labriten. Labriten jokatuko dituzte partida gehienak: ekainaren 18an, 25ean, eta uztailaren 2an eta 5ean. Ekainaren 21ean, berriz, Tiebasen (Nafarroa) ariko dira.
Binakako lehian, berriz, bost bikote ariko dira: Aranburu eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika; Iera Agirre Iturriaga eta Olatz Ruiz de Larramendi; Oskoz eta Oihana Orbegozo; Marta Gomez eta Amaia Arrastia; eta Barrokal eta Mendiburu. Lehen lau bikoteek kanporaketak jokatuko dituzte: bikote bat finalerako sailkatuko da, eta beste bat finalerdietan ariko da Barrokalen eta Mendibururen kontra, bikote horrek zuzenean jokatuko baitu finalaren atarikoa. Urrotzen, Ubiden (Nafarroa) —ekainak 21—, Segovian (Espainia) —ekainak 27—, Eulaten (Nafarroa) —ekainak 28—, Lesakan (Nafarroa) —uztailak 9— eta Iruñean —uztailak 5 eta 10— jokatuko dituzte partidak.
Ados Pilota klubak izaera solidarioa eman dio berriro San Fermin torneoari, eta aurtengo ekitaldia Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde jokatuko dute.