Ados Pilotak aurkeztu du udan antolatzen duen azken txapelketa: Plazaz Plaza. San Fermin torneoa jokatu zuten, Udara Caixabank txapelketa martxan dute, eta igandean Plazaz Plazari ekingo diote, Etxarrin (Etxauribar, Nafarroa). Pixkanaka egutegian errotzen ari den txapelketa bat da, bosgarren aldia izango baitu aurtengoak. Bi hilabete iraungo du, finala urriaren 4an jokatuko baitute, Donamarian (Nafarroa).
Hain zuzen ere, Donamarian aurkeztu dute txapelketa. Pandemia garaian sortu zen, emakumezkoen pilota herrietako plazetara eramateko asmoz, eta gero eta pilotazale gehiago biltzen ditu. Aurten Malerrekako Mankomunitatearen babesa du. Hala, Etxarrin eta Donamarian ez ezik, herri hauetan jokatuko dituzte partidak: Etxaurin, Areson, Zubietan, Tirpaun, Arazurin, Sunbillan, Saldiasen, Iturenen, Ezkurran, Elgorriagan eta Urrozen.
Sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago. Gaur egin dute horien zozketa, eta hauek dira: Aldaregia-Agirre, Aranburu-Mujika, Oskoz-Arrastia, Iturriaga-Galeano, Barrokal-Mendiburu eta Ruiz de Infante-Orbegozo. Lehia estua espero da. Txapelketa ereduari dagokionez, ligaxka moduan arituko dira. Denek denen kontra neurtuko dituzte indarrak, eta bi bikoterik onenek jokatuko dute finala, Donamarian. Iaz Donostian jokatu zuten finala, Trinitate plazan, eta Iera Agirre Iturriagak eta Irati Zabalak jantzi zuten txapela, Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikaren kontra. Agirre Iturriagak udako hiru txapelak jantzi zituen iragan urtean: sanferminetakoa, Plazaz Plazakoa eta Udara Caixabankekoa.
Aldarrikapenak ere tokia izaten du Ados Pilotak antolatzen dituen txapelketetan. San Fermin Torneoko lau eta erdiko finala jokatu zen jaialdian bildutako dirua, adibidez, ADECEN elkartearentzat izan zen, garuneko kaltea dutenei laguntzeko Nafarroako elkartearentzat. Oraingo honetan, berriz, txapelketa indarkeria matxistaren aurkako aldarria izatea nahi dute, eta jokatzen diren neurketa guztietan egingo dute aldarri hori. Hala, Adosek emakumeen eskubideen alde duten konpromisoa berretsi nahi dute.
Plazaz Plaza torneoarekin batera, Adosen Udara Caixabank torneoa jokatzen ari dira uztailaren 25etik. Asteburu honetan, dena den, Plazaz Plazari egin diote tokia. Udara Caixabankeko hurrengo neurketak abuztuaren 9an eta 10ean jokatuko dituzte, Mendigorrian eta Arangurenen hain zuzen ere.