UAE nahieran aritu da Ordiziako Klasikoan, Gipuzkoan, eta erabat nagusi izan da. Taldeko hiru txirrindularik osatu dute podiuma: Igor Arrietak, Isaac Del Torok eta Tomas Morgadok. Nafarrak irabazi du, eta, hala, lehen garaipena lortu du profesionaletan.
Del Toro taldekidearekin batera helmugaratu da Arrieta. Abaltzisketako azken igoeran jo du erasoa, hamahiru kilometro pasatxo falta zirela. Aurrerago, baina, mexikarrak erritmoa bizitu eta aise aurreratu du. Jaitsieran harrapatu du berriro nafarrak, eta elkarrekin egin dituzte Ordiziarako azken metroak. Azkenean, Arrieta sartu da lehena helmugan, Del Torok utzita.
Arrietak pozarren hitz egin du proba amaitutakoan: «Nire lehen garaipena da, eta hemen lortu izana, etxetik hain gertu, deskribaezina da».
Morgadok biribildu du UAE taldearen lana, hura izan baita hirugarren, hamasei segundora; esprintean gailendu da.
Historia luzea du Ordiziako Klasikoak: gaur 102. aldiz jokatu da. Lasterketa bertan behera geratzear izan zen, baina aurrera jarraitu zuen azkenean, Rural Kutxaren babesari esker.