Nagusitasunez irabazi du Iker Vicentek Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala. Hasi eta buka, Otsagabikoa izan da onena, eta laugarren aldiz jantzi du txapela, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (Gipuzkoa).
Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ahalik eta azkarren moztu behar zituzten aizkolariek, eta Vicentek hasieratik hartu die aurrea lehiakideei. Lan erdietarako, minutu batetik gorako aldea ateratzen zion gertuen zuenari, Julen Alberdi Txikia IV.ari, eta bi minutu Mikel Larrañagari.
Amaieran, 39 minutu eta 46 segundoko marka ezarri du txapeldunak; Hodei Ezpeletak baino lau minutu gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko (43:47); Ezpeletak atzetik aurrerakoa egin du, eta bigarren geratu da. Hirugarren Mikel Larrañaga izan da (44:09), laugarren Txikia IV.a (45:42), bosgarren Julen Gabirondo (48:05), eta seigarren Xabier Zaldua (48:38).

Vicentek aitortu du gaurkoa zuela urteko helburu nagusia: «Txapel honetan pentsatzen egon naiz urte osoan, eta, helburua beteta, lasaitasuna eta poza sentitzen ditut».
Finalaren aurretik, omenaldia egin diete Patxi Astibia eta Joxe Mari Olasagasti txapeldunei.