Egun betea izan da gaur Tokioko olinpiar estadioan. Markak eta izarrak izan dira nagusi: Karsten Warholm norvegiarrak txikitu egin du 400 metroko hesidunean zuen munduko marka: 45,94 (46,70 zen); Anita Wlodarczyk poloniarrak hirugarren aldiz jarraian irabazi du urrezko domina mailu jaurtiketan —banakako proba batean hirutan gailendu den lehen emakumea da—; Elaine Thompson-Herah jamaikarrak bigarren aldiz jarraian gehitu dio 200 metroko urrea 100 metrokoari; eta Armand Duplantis suediarra aurreneko aldiz igo da podiumeko koska gorenera, pertikan.
Ikuskizuna goizean hasi da. Warholmek ikaragarrizko balentria egin du. Aise hobetu du berak duela hilabete ezarritako munduko marka —Kevin Young estatubatuarrak zuen aurrekoa (46,78), 1992tik—. Hala, mugarria ezarri zuen 400 metroko hesidunean, inor ez baitzen jaitsi 46 segundotik. Balentriaren adierazle da 43,03 dela 400 metroko munduko marka: Wayde Van Niekerk hegoafrikarrak du. Kontuan hartuta Warholmek ia metro bateko garaiera duten hamar hesi gainditu behar dituela, ikaragarria da lortutakoa.
Final ikusgarria izan da. Izan ere, bigarren sailkatuak, Rai Benjamin estatubatuarrak, 46,17 egin du, Warholmek zuen aurreko munduko marka baino 53 ehunen hobea. Alison Dos Santos brasildarra sailkatu da hirugarren, eta hark Youngen marka hobetu du: 46,72.
Seigarren kalean aritu da Warholm. Tximista baten pare irten da, eta hesiz hesi lasterketa perfektua egin du. Norvegiarrarentzat obsesio bihurtu dira hesiak, eta kalean doanean ere pausoak kontatzen ditu. 40 metro eta hamahiru pauso: hori da ekuazioa. Eta gaurko lasterketan ekuazio hori muturreraino eraman du hesi guztien arteko bidean, teknikoki akats bakar bat ere egin gabe. Amaieran, begiak eta ahoa zabal-zabalik, korritu du indar berarekin, erditik apurtu du elastikoa, barruan pilatutako adrenalina guztia kanporatuz: «Nire bizitzako unerik garrantzitsuena da hau», esan du.
Hirugarrenez jarraian urrea
Wlodarczyk izan da eguneko beste protagonista. Poloniako mailu jaurtitzaileak hirugarren aldiz segidan kolkoratu du urrea: 78,48 metroko marka lortu du. Urruti geratu da haren eskuetan dagoen munduko markatik (82,98). Baina bere nagusitasuna indartu du. Hala ere, haren lorpena marketatik harago doa. Atletismoko banakako proba batean hiru aldiz nagusitu den lehen emakumezkoa da. Shelly-Ann Fraser-Pryce jamaikarrak (100 metrokoan), Valerie Adamsek zeelandaberritarrak (pisu jaurtiketan), Sandra Perkovic kroaziarrak (disko jaurtiketan) eta Barbora Spotakova txekiarrak (xabalina jaurtiketan) zuten hori egiteko aukera Tokion. Wlodarczykek lortua du, eta beste hiruretatik Spotakovak bakarrik lor dezake.
Thompson-Herah, berriz, 100 metrokoa irabazi eta gero, 200 metrokoan gailendu da. Hori eginda, abiaduran onena bera dela berretsi du. Izan ere, duela bost urte, Rion, beste horrenbeste egin zuen. Bitan jarraian lortu duen lehen emakumea da. Marka aparta egin du gaur: 21,53. Inoizko onenetan bigarrena da. 100 metrokoan bezala, Florence Griffith-Joyner estatubatuarra bakarrik du aurretik: 21,34. Zilarra Christine Mboma 18 urteko namibiarrarentzat izan da (21,81), eta brontzea, Gabrielle Thomas estatubatuarrarentzat (21,87).
Duplantisek, berriz, aise irabazi du urrezko domina pertikan: 6,02 metro. Saiatu da bere munduko marka hobetzen (6,17), baina hirutan egin du huts 6,18ko altueran. Christopher Nilsen estatubatuarrak irabazi du zilarra (5,97), eta Thiago Braz brasildarrak brontzea (5,87).