FUTBOLA

Illarramendi eta Sanjurjo omenduko dituzte Euskal Herria Txapelako finalean

Realak eta Osasunak elkarren aurka jokatuko dute hilaren 21ean, Irungo (Gipuzkoa) Gal estadioan (20:45, ETB1). Irabazleak denboraldiko lehen titulua eskuratuko du.

Joseba Ibarburu, Aitziber Zapirain, Asier Illarramendi, Ibon Arruitz eta Igor Emery, gaur, Gal estadioan, finalaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Manex Usarralde Garmendia
2023ko uztailaren 13a
18:26
Entzun

Gaur aurkeztu dute finala, Galen. Bertan izan dira Illarramendi bera, Joseba Ibarburu Realeko lehendakariordea, Igor Emery Real Unioneko presidentea, eta Ibon Arruitz eta Aitziber Zapirain Euskal Herria Kirolako ordezkariak. Illarramendi «pozik» azaldu da omenaldia egingo diotelako. Halaber, salatu du Osasuna «injustizia bat» bizitzen ari dela.

Bi taldeek denboraldi biribilak egin zituzten joan den sasoian: Reala, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, eta Osasuna, Konferentzia ligarako. Halere, UEFAk Osasuna parte hartu gabe zigortu du, eta ikusteko dago azkenean Europan ariko den.

Denboraldia prestatzen hasiak dira bi taldeak, eta lehen aukera dute titulu bat irabazteko. Partida horretan ohikoa da omenaldiren bat egitea euskal jokalariren bati. Aurrekoetan, Inaxio Kortabarria, Jose Angel Iribar, Periko Alonso, Jon Ander Goikoetxea eta Gorka Iraizoz omendu zituzten. Aurten, berriz, Illarramendi eta Sanjurjo Realeko eta Osasunako kapitain ohiak omenduko dituzte. Euskal Herria Kirolako ordezkariek haien «profesionaltasuna, konpromisoa, kiroltasuna eta herriarekiko atxikimendua» azpimarratu dituzte.

Zazpigarren aldia du aurtengoak. Finala Espainiako Lehen Mailako euskal taldeek denboraldi barruan elkarren aurka jokatzen dituzten derbien puntuazioak finkatzen du. Txuri-urdinek eta gorritxoek bi aldiz jokatu dute finala elkarren aurka, eta bakoitzak bat irabazi du. Aurtengoak, beraz, berdinketa hautsiko du. Irabazleak, gainera, Athletic berdinduko du, bi txapelekin. Datorren sasoian, Alaves, Athletic, Osasuna eta Reala lehiatuko dira Euskal Herria Txapelan.

Sarrerak salgai daude

www.ehkirola.eus webgunean dagoeneko salgai daude sarrerak. Laster Realaren dendan ere egongo dira, eta Gal estadioan partida baino egun batzuk lehenago jarriko dituzte eskuragarri, baita egunean bertan ere. Tribunarako sarrerek hogei euro balioko dute, eta fondokoek, hamabost. 16 urtez azpikoen tribunarako sarreren prezioa hamar eurokoa izango da, eta fondokoena, bost eurokoa. Sarrera erosi dutenen artean zozketa egingo dute atsedenaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.