Iñaki Osa Goikoetxea, buruz buruko 11. txapelaren bila Bilbon

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Mikel Egigurenek Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko buruz buruko zesta-punta txapelketako finala jokatuko dute gaur, Bilbon, Club Deportivo pilotalekuan (18:00). Aurretik, Erikek eta Olharanek 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatuko dute.

Pronostikoak bete egin dira, eta finalerako sailkatzeko bi hautagai nagusiak zirenen artean erabakiko da txapela. Hori bai, behin finala zehaztuta, faborito bakarra nabarmendu behar da: Goikoetxea. Zumaiako aurrelari bikainak ez du parekorik banakako lehietan, eta gaur buruz buruko 11. txapela lortzen saiatuko da. Goikoetxeak hamabi aldiz jokatu du finala, eta behin bakarrik galdu zuen, Julen Bereikuaren aurka, 2004an. Iaz, baina, ez zuen txapelketan parte hartu, eta Egigurenek ondo baliatu zuen hori txapela janzteko. Beraz, gaur, egungo txapelduna eta azken bi hamarkadetako puntistarik onena neurtuko dira.

Biak ala biak herenegun sailkatu ziren finalerako, nagusitasunez gainera, bina seteko partidatan. Egigurenek 12-8 eta 12-5 irabazi zion Jean Olharani. Pauekoak estu hartu zuen donostiarra lehen setean, baina bigarrenean Egigurenek min handia egin zion oso luze sakatuz. Beste finalerdiak antzeko itxura izan zuen, lehen seta estua izan baitzen eta bigarrenean Goikoetxeak erakustaldia eman baitzuen (12-8 eta 12-1). Lehen setean Erik Mendizabalek, asko arriskatuz, ondo eutsi zion faboritoari (6-6), baina bigarrena guztiz ezberdina izan zen. Goikoetxeak fisikoki zein ondo dagoen erakutsi zuen, finalera sasoi egokian iritsi baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.