Iñaki Williams Athleticeko jokalariari irain eta keinu arrazistak egiteagatik akusatuta zegoen zaleak onartu egin ditu urtebeteko espetxe zigorra eta bi urtez futbol zelaietara sartzeko debekua. Gertakaria 2020ko urtarrilaren 25ean jazo zen, Espanyolek eta Athleticek Bartzelonan jokatutako norgehiagokan. Gaizka Garitanok, orduko Athleticeko entrenatzaileak, 69. minutuan aldatu zuen Williams Raul Garciagatik, eta orduan harmailetako zale batzuek irain arrazistak oihukatu zituzten, eta tximu itxurak egin, jokalaria iraindu asmoz.
Fiskaltzaren arabera, irain eta keinu horiek «jokalaria gutxiesteko» egin zituzten, haren «azal koloreagatik», eta horrek «frustrazioa, lotsa eta umiliazioa» eragin zizkion Williamsi. Fiskaltzaren ustez, gertakariak «inpaktu eta oihartzun handia» izan zuen sare sozialetan, eta hori «pertsonen funtsezko eskubideen eta askatasun publikoaren aurkakoa» da.
K.G.B akusatuak 1.086 euroko isuna ere onartu du gorroto delituengatik. Hasieran, fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra, bost urtez futbol zelaietara sartzeko debekua eta 5.400 euroko isuna eskatzen zituen akusatuarentzat. Epaiketa berez bihar amaituko zela aurreikusten zen, baina, akordioa lotuta, erabakita geratu da.
Aurreko denboraldian, Espanyolen RCDE Stadium futbol zelaian, Maroan Sannadi Athleticeko aurrelariari ere irain arrazistak egin zizkioten harmailetako zale batzuek, berotzen ari zen bitartean. Epaileak arrazakeriaren aurkako protokoloa jarri zuen martxan, eta neurketa eten zuen tarte batez. Williamsek berak bost urte lehenago gertatutakoa gogoratu zuen, partida amaieran egindako adierazpenetan: «Ez da lehen aldia Cornellan halako zerbait gertatzen dena».
Laporterekin zalantza
Athleticeko zaleek ziurtzat zuten Aymeric Laporte berriro San Mameseko zelaian ikusiko zutela, baina afera irauli egin zen fitxaketak egiteko azken egunean. FIFAk ez du onartu jokalariaren izen ematea agiriak berandu eta oker iritsi direla argudiatuta.
Bestalde, Athleticek eta Osasunak Euskal Herria Txapela lehiaketako finala jokatuko dute bihar, Barakaldoko (Bizkaia) Lasesarre futbol zelaian, 20:30ean (ETB1). Markel Susaeta Athleticeko kapitain ohia eta Mikel Garcia atleta omenduko dituzte.