Athleticen denboraldi honetako jardunak ez dauka etenik. Baina laster izango du. Izan ere, bihar jokatuko du sasoiko azken partida, Bartzelonaren aurka, Vicente Calderonen. Akaso, orain arteko garrantzitsuena, Bukaresten, Europako Ligako finalean huts egin ondoren Espainiako Kopa irabaztea baita sendagairik onena. Bat baino gehiago maitemindu du zuri-gorrien jokoak azken hilabeteetan, baina palmaresean izenik idatzi ezean, inor gutxik gogoratuko du urte batzuk barru zer-nolako distira egiten zuen egungo Athleticek. Hori ez gertatzeko, Kopa Bilbora eramatea da onena, eta horretarako prest daude jokalariak. Gabarra bezala. Atzo goizean lan saio luzea eta gogorra egin ondoren, arratsaldean hartu zuten Madrilerako bidea. Lehoiak, beraz, dagokien eremuan daude jada.
Eta ez da lehoi bat bera ere falta. Europako Ligako finalean ez bezala, Marcelo Bielsak jokalari guztiak deitu zituen biharko neurketarako, 26 guztira: Iraizoz, Toquero, Aurtenetxe, Amorebieta, San Jose, David Lopez, Iturraspe, Llorente, De Marcos, Gabilondo, Koikili, Raul, Susaeta, Iraola, Zubiaurre, Iñigo Perez, Gurpegi, Muniain, Aitor Ocio, Ander Herrera, Castillo, Ekiza, Javi Martinez, Igor Martinez, Ibai Gomez eta Ruiz de Galarreta. Partida aurreko elkartasuna zelaian islatzea nahi du, nonbait, entrenatzaile argentinarrak.
Errumaniako hiriburura hamazazpi taldekide soilik eraman zituen Bielsak; gainontzekoak geroago joan ziren, eta oraingo honetan bestela egitea erabaki du. Jakina da: egun haiek ez zuten funtzionatu, eta ez du nahi bihar gauza bera gertatzea. Detaile bakoitza luparekin aztertzen ari da, eta Lezaman osaturiko entrenamenduan ere halaxe aritu zen. Gogor eta serio. Bihar ez du huts bat bera ere nahi.
Entrenamenduan ikusi ahal izan zenaren arabera, Europako Ligako finaleko hasierako hamaikako bera zelairatuko du. Ander Iturraspe gripeak jota egon da azken egunetan, baina atzo arazorik gabe osatu zuen entrenamendua. Ander Herrera eta Oscar de Marcosekin batera, zelai erdiari oreka ematea izango da haren helburua. Bukaresten urduri antzean aritu zen, eta ez zuen mailarik onena eman, baina bistan da entrenatzaileak hiru jokalari horiengan sinesten duela.
Dena den, baditu beste aukera batzuk ere. Javi Martinez ohituta dago zelai erdian jokatzen, eta, bestela, Iker Muniainek ordezkatuko luke Iturraspe, nafarraren lekuan Ibai Gomez zelairatuz. Azken horren ibilia, hain zuzen, harrigarria gertatzen ari da. Orain hiru urte Valentzian izandako finala harmailetatik ikusi zuen —Jon Aurtenetxek ere bai harmailetatik ikusi zuen final hura—, artean Santutxuko jokalaria zela, eta orain gertutik biziko du hain norgehiagoka garrantzitsua: «Oraindik ezin dut sinetsi finalean zelaian egongo naizela. Taldea ongi dago, eta Kopa eskuratzeko baikor gaude. Gure aukerak izango ditugu, ziur nago», aitortu zuen atzo.
Iniesta bera ere, zuhur
Ibai Gomezek bezala, Gorka Iraizozek ere konfiantza osoa dauka taldean. Atzo nabarmendu zuenez, aspaldiko hobekien ikusten ditu taldekideak: «Denbora sobera izan dugu Bukaresten jasotako jipoiari buelta emateko. Bielsak lan handia egin du gurekin, eta ongi gaude, fresko. Garrantzitsua izango da finalean lehen gola sartzea. Hori lortzen badugu, Bartzelona urduri jarriko dugu».
Urduritasunak beti izaten du tartea partida erabakigarrietan, baina jokalari kataluniarrek sobera dute esperientzia. Hori bai, ez dira fio Athleticekin: «Talde izugarria da. Asko gustatzen zait haien jokoa, eta zaila izango da haiei irabaztea. Gu ongi gaude, epaileak lehen txistua jotzeko irrikan. Guardiolari merezi bezalako oparia egin nahi diogu», esan zuen atzo Andres Iniestak.
Bi taldeak gaur entrenatuko dira Calderonen. Aurretik prentsaurrekoa emango dute bi entrenatzaileek. Bertan argituko dute zein hamaikako zelairatuko duten.
Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona
Indarberrituta, Koparen bila
Iturraspe normal-normal entrenatu da, eta ia ziur hasieratik jokatuko du bihar; Bielsak gaur jakinaraziko du hamaikakoaBukarestera ez bezala, jokalari guztiak eraman ditu entrenatzaileak Madrilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu