Oraingoz, Europako selekzio handien artean Frantzia da kanpoan geratu den bakarra. Ingalaterrak arratsaldean lortu du lehen fasean gainditzea, Alemaniak gauean, baina biek final-zortzirenetan elkarren aurka jokatuko dute. Igandean ariko dira, 16:00etatik aurrera. Ingalaterrako 1966ko mundialeko finala dator burura biokin, euren artean jokatu zutelako titulua; etxeko selekzioa 4-2 nagusitu zen, luzapenean.
Alemanek pentsatuko zuten Ghanari 0-1 irabazten ari zirela -hala bukatu dute- eta Australia Serbia menperatzen ari zela: bana eginez gero, final-zortzirenetan AEB aurkari; bestela, Ingalaterra. Ghanakoek ere antzekoa: zergatik joan banakoaren bila, bana eginez gero Ingalaterra luketelako kontrario hurrena; kontrako 0-1ekoarekin, berriz, AEB.
Ozil izatearekin suerteko da Alemania. Beti eduki izan ditu punta-erdian antzeko jokalari trebeak, ez oso alemanak: abilak, teknika handikoak. Azken bi hamarkadetan, kasu, Haessler eta Scholes. Haiengan oinarritu izan dira Effenberg eta konpainia. Orain Ozilengan Schweinsteiger-eta. Alemanian kalitate handieneko jokalaria da hura. Ghanari sartu dion gola adibide: area kanpoan baloia ederki kontrolatu, kontrolatzen ari zela atera begiratu, teknika handiz eta indartsu jaurti eta gola. Nahikoa partida irabazteko.
Itxura on samarra erakutsi du Ghanak. Baina gola falta. Gyanek izan ditu okasiorik onenak -bi-, baina ezin asmatu. Gola, Afrikako selekzioen punturik ahulena.
Ghana 0. Kingson; Pantsil, Jonathan Mensah, John Mensah, Sarpei; Annan, Boateng, Ayew (Adiyiah, 92m), Tagoe (Muntari, 64m); Asamoah, Gyan (Amoah, 82m).
Alemania 1. Neuer; Lahm, Friedrich, Mertesacker, Boateng (Jansen, 73m), Muller (Trochowski, 67m), Schweinsteiger (Kroos, 81m), Khedira, Ozil, Podolski, Cacau.
0-1: Ozil (60m).
---
Multzoko beste partidan Serbiak aukera bikaina galdu aurrera eginez, Australiari irabaztea nahikoa zuelako. Baina ezustean 2-1 galdu du.
Australia 2. Schwarzer; Neill, Beauchamp, Carney, Wilkshire (Garcia, 82m); Valeri (Holmar, 66m), Culina, Bresciano (Chipperfield, 66m), Emerton, Cahill, Kennedy.
Serbia 1. Stojkovic; Ninkovic, Vidic, Obradovic, Ivanovic; Stankovic, Kuzmanovic (Lazovic, 77m), Jovanovic, Krasic (Tosic, 62m); Zigic (Pantelic, 67m), Lukovic.
1-0: Cahill (69m). 2-0: Holman (73m). 2-1: Pantelic (84m).
Atzo zehaztu ziren beste final-zortzirenak: Uruguai-Hego Korea, Argentina-Mexiko.
D Multzoa
Ingalaterra-Alemania final-zortzirenetan
Ghanari 0-1 irabazi -Ozilen golarekin- eta multzoko lehen tokian bukatu dute alemanek. Afrikarrek ere lortu dute sailkapena. Final-zortzirenak: Ingalaterra-Alemania (igandean 16:00etan), AEB-Ghana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu