Iñigo Peñak lehen urratsa egin du K2 1.000 metroko finalari begira. Paco Cubelosekin batera, zumaiarrek beren sailkatze estropadako lehen bi ontzien artean egotea zuten helburu, hala zuzenean finalerdietan egoteko. Eta lortu dute. Peñak eta Cubelosek hirugarren saioan egin dute arraun Txinarekin, Errusiarekin, Hungariarekin eta Samoarekin batera. Laugarren kaletik aritu dira, eta atzetik aurrera eginda irabazi dute, ohikoa duten moduan. Bigarren erreferentzia puntuan, 500 metroetan, hirugarren ziren. Baina hortik aurrera, beren arraunketa indartsuarekin, metro gutxi behar izan dituzte lehen postuan jartzeko. Hala amaitu dute estropada. Egindako denbora 3:10.138 izan da.
Hemen Iñigo Peñaren balorazioa finalerdietara sailkatu ostean. #BERRIAtokionpic.twitter.com/466DVjvm5n
— Ainara Arratibel (@ainaraarratibel) August 4, 2021
Horri esker, zuzenean sailkatu dira finalerdietarako. Hirugarren denborarik onenarekin egin dute. Aurretik izan dira, lehen sailkatze estropadan arraun egin duten Australia (3:08.773) eta Alemania (3:09.830). Azken ontzi hori munduko txapelduna da, eta Olinpiar ziklo honetako indartsuena, emaitzei erreparatuta.
Finalerdietara zuenean sailkatuta, "gustura" dago Peña, BERRIAri azaldu dioenez. "Sentipen oso onak izan ditugu uretan. Helburua lehen bien artean egotea zen, zuzenean finalerdietarako sailkatzeko. Lortu dugu". Sentipenetatik harago, estropada "kontrolpean" izan dutela nabarmendu du. "Gure estrategia gauzatu ahal izan dugu, atzetik aurrera etorrita, eta oso amaiera indartsua eginez". Zuzenean finalerdietarako sailkatzearen garrantzia azpimarratu du. "Egiten duen beroa eta hezetasuna kontuan hartuta, estropada bat aurreztea oso inportantea da. Are gehiago gurea bezalako distantzia batean. Horrek egindako ahaleginaz berreskuratzeko denbora gehiago izatea ahalbidetuko digu. Orain lasai egon, uretan saio txiki bat egin, eta biharkoari begira jarriko gara".
Bihar "pausoz pauso" joan nahi dute. "Lehenik finalerako sailkatu behar dugu. Borroka handia izango da finalerdietan, hamabi ontzi arituko baikara bi estropadetan banatuta, eta zortzi sailkatuko dira. Kanpoan geratzen diren lau ontziak maila oso altukoak izango dira, indartsuak. Zuhurtziaz aritu behar dugu, eta oso estropada ona egin". Ez du uste gaurko denborak erreferentzia direnik. "Alemania faborito nagusia da, eta Australia ere oso indartsu dago. Baina ez diegu aurkariei erreparatu nahi, baizik eta gure lana egin. Egiten badugu, sailkatzeko aukera asko izango ditugu". Itsas eremuarekin gustura daude. "Atzo baino haize apur bat gutxiago egin du, eta horri eusten badio, hobeto. Hala bada, estropada politak ikusiko dira bihar ere", aurreikusi du Peñak. .