Innpala enpresako palista profesionalek beste urrats bat egin dute euren lan baldintzak hobetzeko asmoz, eta ELA sindikatuak deituta, greba mugagabea hasi dute. Gaur eman dute horren berri, Bilbon, ELAren egoitzan. Innpalako palistak eta sindikatuko ordezkariak egon dira agerraldian. Jagoba Madariaga eta Iñaki Urrutia palistek hitz egin dute.
Palistek azaldu dutenez, apirilaren 24an bildu ziren azkenekoz Innpalako arduradun berriekin, Josu Urkijorekin eta Dan Necolekin, baina arduradunek ez zituzten palisten eskaerak negoziatu nahi izan: hitzarmen kolektibo bat sinatzea eta kanpoan geratu diren hiru palisten kontratua berritzea, Iker Gordonena, Ibai Perezena eta Esteban Gaubekarena. Are gehiago, palistek salatu dutenez, enpresa greba zapuzten saiatzen ari da, ezustean partidak jarrita.
«Partidak jartzen dizkigute greba egitea galarazteko, eta horrela jokatzera behartzen gaituzte, akordiorik ez baita lortu eta entrenamenduak norbere lanarekin bateraezinak diren ordutegietan eginarazten baitizkigute», salatu dute. «Enpresak mesede egiten dio pilotari bati [Necoli], enpresaren jabeetako bat baita. Gezurra esaten digute, eta, gero, konfiantza eskatu», kritikatu dute.
«Enpresaren jarrera eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konplizitatea» azpimarratu dituzte palistek. Azaldu dutenez, urtero jokatzen dute Bizkaia Irekia, eta Bizkaiko Aldundia da txapelketa horren babesle nagusia. Aurten, palistak greban daudenez, Innpala enpresak iragarri du langile berriak kontratatu nahi dituela txapelketa hori jokatzeko. Palistek salatu dutenez, «legez kanpokoa» da hori egitea. ELAk, berriz, salatu du administrazio publikoak eta enpresak «grebaren eta grebalarien aurka» egin dutela, langileak legez kanpo ordezkatu eta grebarako eskubidea «urratuta». Hori dela eta, jakinarazi dute auzitara joko dutela.
Hala ere, palistek berriro esan dute negoziatzeko prest daudela. Greba mugagabea egingo dute ados jarri arte, hitzarmen kolektibo bat sinatu arte eta enpresatik kanpo geratu diren hiru palisten kontratuak berritu arte.