Egunerokoa goitik behera aldatu zaio Pablo Fustori (Buenos Aires, 1980). Dioenez, «gogorra» egiten ari zaio horretara ohitzea, eta «apur bat etsita» dago, baina «indartsu» dago buruz.
Hilabete eta erdi baino gehiago joan da zuen «lan egoera txarraren» berri eman zenutenetik. Zer moduz zaudete?
Gaizki; gaia ez aurrera ez atzera dago. Duela bi aste bildu ginen azkenekoz Innpalako arduradunekin, Josu Urkijorekin eta Dan Necolekin, eta ez genuen inolako akordiorik lortu.
Zer sentitzen duzue?
Honek ez duela irtenbiderik. Aurreko astean komunikatua atera genuen, eta hor azaldu genuen zer gertatu zen bilera horretan. Haiek gauza bakarra esan ziguten, prest zeudela kontratua bukatu zaien hiru lankideak berriz onartzeko: Iker Gordon, Ibai Perez eta Esteban Gaubeka. Guretzat oso garrantzitsua da hori, baina guk ez dugu hori bakarrik eskatu, eta hori bakarrik onartzea hasierara itzultzea litzateke. Gure ustez, hiru lankide horiek berriro onartzea ez da nahikoa arrazoi greba bertan behera uzteko.
Zer moduz joan zen bilera?
Lehenbizi, sindikatuko [ELAko] inor joan ez zedin eskatu ziguten, baita prentsari bileraren berri ez emateko ere. Guk bete egin genituen bi eskakizun horiek. Baina bilera gaizki hasi zen, sakelakorik gabe sartzeko eskatu baitziguten. Horrek gure mesfidantza handitu besterik ez zuen egin. Bileran, paper bat eman ziguten, eta adierazi enpresatik kanpo geratu ziren hiru lankideak berriro onartuak zeudela. Kito. Ez zuten ezertxo ere esan gure lan hitzarmenari buruz. Ez zuten horri buruz hitz egiten hasteko asmorik azaldu. Hori ikusita, altxatu eta joan egin ginen. Bazirudien mesedea egiten ari zitzaizkigula hiru lankide horiek berriro onartuta. Hori ez da auziaren funtsa: funtsa da lankide batzuek euren patrikatik ordaindu behar dutela palan jokatzeko.
Lan baldintzak hobetzea da lehentasuna.
Argi eta garbi. Entrenatzeko eta jokatzeko tresnez gain, lan osasuna bermatzeko neurriak eskatu ditugu: oso kirol arriskutsua da gurea. Zorionez, ez dugu istripu edo lesio larririk izan, baina gertatu izan zaigu frontoian ez egotea botika kutxa bat bera ere. Onartezina da hori. Baina enpresako arduradunek ez dute asmorik halakoak sindikatu batekin lantzeko, eta, gure ustez, logikoena da halakoak sindikatu batekin lantzea. Hori aski ez, eta ezustean ari zaizkigu partidak jartzen. Adibidez, ostiral batean bildu ginen azkenekoz; bada, hurrengo asteartean partida bat jarri ziguten. Ez zen egon ikusle bakar bat ere Miribillan; bi lankide besterik ez. Oso tristea izan zen. Argi dugu: gu izorratzeko egiten dute hori. Hauxe da daukaguna. Horregatik diogu ez dela egon inolako aurrerapausorik.
«Ezustean ari zaizkigu partidak jartzen. Batean, ez zen egon ikusle bakar bat ere. Gu izorratzeko egiten dute hori»
Zuk esan duzu: «gutxieneko baldintza batzuk» izan nahi dituzue. Ez duzue eskatzen kapritxorik.
Hala da, eta argi utzi nahi dugu hori. Adibide bat emango dizut. Oier Alkortak duela gutxi egin zuen debuta, eta oso ondo ari da, eta hilabetean 800 euro gordin baino gutxiago irabazten du. Astero bitan dator Azpeititik [Gipuzkoa] Bilbora, eta dena ordaintzen du bere patrikatik: palak, galtzak, fisioterapeuta... Atera kontuak: mutil horrek ordaindu egiten du palan jokatzeagatik. Eta haren gainetik dagoen hurrengoak ehun euro gehiago besterik ez du irabazten. Jendeak erraz egiten ditu kontuak, eta frontoi batean mila pertsona daudela ikusten badu, uste du hilero 5.000 euro irabazten ditugula. Ulergarria da hori pentsatzea, baina jakin behar du, agian, txapeldunak hilean 900 euro besterik ez duela irabazten. Gauza logikoak eskatzen ditugu. Nik hogei urte daramatzat palan jokatzen, eta beti esan izan da palaren egoera txarra dela. Orain, egoera hobea izanda, berdin jarraitzeko prest gaude? Innpalarekin egin genuen azken bileran, pasa egitea ona edo txarra izateari buruz hitz egin genuen. Zuk uste duzu hori normala dela? Urak gainezka egiteko falta zen tanta izan da hori. Enpresak dio dirua galtzen duela pala kudeatzen, baina hamabost urte daramatza horretan.
Innpalako aurreko arduradunen kudeaketa salatu zenuten. Urkijo eta Necol dira orain jabeak. Zerbait aldatu da?
Ez. Lehengo bera dela uste dugu. Haiek ezetz diote, baina, gure ustez, Urkijo eta Necol aurreko arduradunen pantaila bat dira; haien goitik datoz aginduak. Bi hilabete behar izan dituzte guregana hurbiltzeko. Badirudi berdin zaiela frontoia hutsik egotea eta ezer ez fakturatzea. Gainera, emakumezkoen torneo bat antolatu dute, eta, legez, ezin dute inor kontratatu. Horrek ere arazoak eragingo ditu.
Urkijo urte askoan izan da zuen intendente, eta Necol lankide duzue. Horrek nahaspilatu egiten du egoera?
Harrigarria da, duela lau egun gure alde baitzeuden. Orain, ordea, lankide horrek ez digu hitz egiten, eta ez dakigu zergatik jarri den besteen alde. Harekin jokatu behar izan dugu ezustean jarri diguten partida horietakoren bat. Oso desatsegina da aldagelan lankide batek zuri ez hitz egitea. Bestea, berriz, intendentea izan da. Gauza bat da distantzia jarri nahi izatea, eta, bestea, berriz, beti besteen alde lerratzea. Oso arraroa da egoera.
Zazpi palistak duzue kontratua. Noiz arte daukazu zuk?
Jagoba Madariagari eta niri bukatzen zaigu kontratua lehenbizi, ekainaren 30ean. Honek horrela jarraitzen badu, itxura du bata bestearen atzetik joango garela kalera, hiru palista geratu arte. Bost axola die guztiak.
«Enpresa saiatu da gurekin banaka hitz egiten, ea amore ematen genuen, baina horma bat izan dute aurrean»
Argi izpiren bat ikusten duzue?
Ez [oso sendo esan du].
Nola zaudete?
Gaizki pasatzen ari gara. Gure bizitza palan jokatzea da. Gainera, azkenaldian jende asko ari zen frontoira joaten. Gure asmoa ez da ez jokatzea, baina gutxieneko baldintza batzuk eskatu behar ditugu. Baldintza duin batzuk izan nahi ditugu, baina ez bakarrik orain, etorkizunean ere ari gara pentsatzen.
Oso batuta zaudete. Horrek laguntzen du egoera arintzen?
Izugarri. Sekulako lankideak ditut. Inoiz ez gara horren batuta egon. Ez gabiltza batengatik borrokatzen, guztiengatik eta etorriko direnengatik baizik. Enpresa saiatu da gurekin banaka hitz egiten, ea amore ematen genuen, baina horma bat izan dute aurrean. Ez dago modurik bakoitza bere kasaka borrokatu dadin.
Elkarretaratzeak egin dituzue. Babestuak sentitu zarete?
Bai, oso. Izugarri eskertuak gaude. Jendeak bat egin du gure eskaerekin, eta, guretzat, oso garrantzitsua da hori.